Espezie inbaditzaileak (eta VI). Silurua

Aldrebeskeria bat trofeo bihurtuta

Batzuen aisialdirako ekarri zuten silurua, eta jendea asaldatu egin zen inbaditzaile bihurtu zenean. Orain, hura arrantzatu eta akabatzea sari eta argazki bihurtu da. Bitartean, ur gezetako ekosistemak suntsitzen ari da.

Siluru ale gazte bat, urtegi baten hondoan. BERRIA
Siluru ale gazte bat, urtegi baten ondoan. BERRIA
enekoitz telleria sarriegi
2026ko abuztuaren 2a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irakurri serie honetako artikulu guztiak

Ez dago bi hankako inbaditzailea baino inbaditzaile arriskutsuagorik. Zentzugabekeriak inbadituta bizi baita askotan: aldrebeskeriak hartuta, eta arinkeriak jota. Hartzen ditu erabaki batzuk nekez uler daitezkeenak, saiatzen da ondoren justifikatzen justifika ezin daitekeena, eta jartzen du jomugan jomugan egon behar ez lukeena. Espezie inbaditzaileei buruzko serie baten azken ondorioa horixe da: ez dagoela bi hankako inbaditzailea baino inbaditzaile arriskutsuagorik, eta ankerragorik. Eta serie horretako espezie inbaditzaile ia guztiekin gertatutakoak balio du adibide gisa, baina siluruarena (Silurus glanis) bada giza aldrebeskeriaren eta arinkeriaren izurra izurtzea. Ariketa perbertso bat: kirol arrantzarako ekarri, inbaditzaile bihurtutakoan asaldatu plantak egin, baina arrantzatzeko baimenak ematen segitu, eta haren inguruko ekonomia eta jardun turistiko oparo bat eratu. Norberaren loriarako, eta Instagrameko selfien aintzarako.

Siluruak egin duen bideak urratsez urrats betetzen ditu egin behar ez direnen eskuliburuak jasotakoak. Gutxi egongo dira, gainera, horren ongi dokumentatutakoak. Izango ez da, bada, silurua espezie inbaditzailea. Europako ekialdean eta Asia erdialdean du jatorria, baina Mequinenzako urtegian (Aragoi, Espainia) sartu zuen alemaniar batek (1974), eta Iberiar penintsulako ibai eta urtegietara hedatu da geroztik. Eta izen-abizenak ditu alemaniar horrek: Roland Lorkowski. Eta biologoa ei zen, izatez. 20 urte baino ez zituen Alemaniatik Espainiara iritsi zenean, ekipajearekin batera 32 siluru arrainkume hartuta. Aduanan horiei buruz galdetu ziotenean, Mequinenzako urtegian lutxoak arrantzatzeko beita gisa erabili behar zituela erantzun omen zuen —beste espezie inbaditzaile bat da lutxoa (Esox lucius)—. Baina ez zituen beita gisa erabiltzeko hil. Urtegian jaregin zien. Urtegiaren «orekari» eusteko egin ei zuen hori, arrantzaleen mesedetan: lutxoak, black bass-ak eta halako predatzaileak gutxitzen ari ei zirelako, eta karpak ugaritzen. Ez zuen ezertan asmatu. Handik bost urtera hasi ziren arrantzaleak lehen siluruak arrantzatzen. Zer ziren ere ez zekiten hasieran. Lorkowskik berak azaldu zien Danubioko siluru erraldoiak zirela —udak han igarotzen zituen biologo alemaniarrak—, eta pozarren Mequinenzako biztanleak, mundu guztitik joaten zaielako jendea geroztik munstro horiek arrantzatzera: nork handiagoa, nork pisutsuagoa, eta nork itsusiagoa. Pozarren ez daudenak Ebro eta inguruko ibaietako ekosistemetako biztanleak dira. Bueno, ez daude ez pozarren eta ez triste. Kasik-kasik, ez daude. Siluruak jan ditu denak.

Bi metrotik eta ehun kilotik gora izan ditzake. Ibaien eta urtegien hondoetan bizi da, baina ur gazietan ere molda daiteke, eta bokaleetaraino iritsi. Ez du oxigeno askorik behar, eta kutsadurak ez dio eragiten. 30.000 arrautza jartzen ditu aldiro, eta hogei urtez bizi daiteke. Harrapakari oldarkorra da, parean jarritako ia guztia jaten duena: bertako arrainak, beste inbaditzaileak, eta anfibioak eta ahateak ere bai. Iruditeria oso bat eraiki da haren inguruan: txakur bat jan zuela behin parke batean, oilaskoak etxalde batean... Haren tamainari eta itxurari lotutako kondairak dira horietako asko, baina egia da predatzaile beldurgarria dela.

SILUROA Italian
Bi arrantzale, siluru erraldoi bat erakusten, Florentziako Arno ibaian, Italian. EFE

Baina iruditeria horretaz gain, siluruak mahai gainera dakarrena beste eztabaida bat da: espezie inbaditzaileen kontrola eta kirol arrantza. Uztartze horren balekotasuna, eta eraginkortasuna. Siluruak, azken batean, irudia jartzen dio horri guztiari: hura da handiena tamainaz, sonaz eta kaltez. Nahiz eta badauden gehiago arrantza saski berean: ortzadar amuarraina (Oncorhynchus mykiss), alburnoa (Albrunsun alburnus), black bass-a (Microrepterus salmoides), zamo arrunta (Cyprinus carpio), eta lutxoa (Esox lucius).

Rafael Miranda Nafarroako Unibertsitateko Biodibertsitate eta Ingurumen Institutuko biologo eta Invasaqua proiektuko ikerlariak egindakoa da hausnarketa: «Espezie inbaditzaileei buruz legeak dioena da desagerrarazi egin behar direla. Baina zer gertatzen da? Haietako asko arrantzatu egin daitezkeela. Administrazioarentzat oso zaila da hori. Espezie bat arrantzatu egin daitekeela erabakitzen baduzu, horren ondorioa da ez duzula desagerraraziko. Silurua arrantzatu daiteke, karpa arrantzatu daiteke... Horrek ziurtatzen dizuna da beti izango dituzula arrain horiek. Kontraesan horrekin egiten du topo administrazioak».

Nafarroako Gobernua da administrazio horietako bat. Ebro ibaian dituzte siluruak eta beste hainbat espezie inbaditzaile. Arrantza Kudeaketako Bulegoko buru Jose Ardaizek esandakoa da beste hau: «Ahal duguna egiten ari gara; arazoa sekulakoa da. Gerra bat daukagu espezie inbaditzaile exotikoen kontra, eta aldiko agertzen zaizkigu borroka gehiago, espezie gehiago, eta jada borroka asko dira, eta espezie asko dira». Ebroko ardatzean jada gehiago dira espezie inbaditzaileak, bertakoak baino.

Nafarroako Unibertsitateko biologoak esan du silurua ez dela «migratzaile handi bat». Nolatan agertu da orduan Araban? Edo nolatan Europa osoko urtegietan azken hamar urteotan? «Esaldi bakarrean esango dizut, eta ongi ulertuko duzu: arrainek autoan bidaiatzen dute. Kito. Horrekin dena dago esanda», azaldu du Mirandak. «Haiek, noski, ez dute errurik. Arazoa da nork mugitzen dituen eta zergatik mugitzen dituen», erantsi du Ardaizek. Biek argitu dute ez dutela arrantzaleen kolektiboa seinalatzen: «Badaude arrantzale kontzientziatuak, eta badaude arrantza mota honetara zaletu direnak eta sustatzen dutenak ere. Badago jende gaztea bere inguruko ibaietan besterik ikusi ez duena: lutxoak, karpak, siluruak... Hori da haientzat bertakoa. Eta, gainera, haien sustapena egiten da, inbaditzaileena. Saltzen duena zer da? Handia izatea. Zenbat eta handiagoa, hobe».

Siluru ale gazte bat Doñanan. EFE
Siluru ale gazte bat, Doñanako naturgune babestuan. EFE

Badaude, beraz, siluruak Euskal Herrian. Sobrongo urtegian —Burgosko eta Arabako lurralde zatiak hartzen ditu ur masa horrek— siluruak agertu ziren duela urte batzuk, eta bi administrazioen jarduteko modu ezberdina gelditu zen agerian: Gaztela eta Leongo Gobernuak haiek kontrolatzeko plan bat dauka ezarrita, eta Araban ez da espezie inbaditzaileen zerrendan agertzen, oraingoz. Bizkaiko Aldundiak 2018an aldatu zuen 2007ko bere legea, eta eguneratu egin du espezie inbaditzaileen atala: arrantzatzea debekatuta daudenen zerrendan ditu, besteak beste, silurua eta lutxoa. Gipuzkoan, gaur egun, arrain espezie inbaditzaileak Urkulu urtegian bakarrik arrantzatu daitezke, eta zerrendan ez da silururik ageri. Ipar Euskal Herrian, silurua ez dago espezie inbaditzaileen zerrendan sartuta.

Baina gero eta siluru gehiago daude, eta gero eta toki gehiagotara ari dira iristen. Inbaditzaileen kalteak neurtzerakoan, adituek alarma jotzen dute horiek inguru naturaletan eta babes berezikoetan sartzen direnean. Eta alarma horietan azkena Doñanan jo dute, Huelvako (Espainia) natur parke ezagunean. Bertako estazio biologikoan ari diren ikerlariek hiru siluru gazte topatu dituzte Huelvako errekastoan, El Gergal presaren inguruetan. Beste bi espezie inbaditzaile ari ziren ikertzen: karramarro gorria (Procambarus carkii) eta karramarro urdina (Callinectes sapidus). Eta siluruak agertu dira. Doñanatik kilometro gutxira. Ez baitago bi hankako inbaditzailea baino inbaditzaile arriskutsuagorik.

Alburnoa. BERRIA
Alburno ale bat ('Alburnus alburnus'). BERRIA

ALBURNUA: ARRAIN TXIKIA, ETA KALTE ERRALDOIAK

Kirol arrantzarekin zerikusia duen espezie inbaditzaile bat da alburnua ere (Alburnus alburnus). Are gehiago: lotura zuzena dauka siluruarekin, hura eta hura bezalako predatzaile handiak —lutxoa, lutxoperka eta perka— arrantzatzeko beita bizi gisa erabili izan baita, eta horretarako ekarri eta sartu baitzuten Iberiar penintsulako ibaietan. 

Bere txikian —10-20 zentimetroko arraintxoa da—, inbaditzaile benetan suntsitzailea bihurtu da. Jatun handia da, eta ibaietako ekosistemak sarraskitzen ditu: loinak eta barboak desplazatu, kate trofikoa hankaz gora jarri —zooplanktona eta intsektuak jaten ditu, eta uraren oreka naturala desorekatu—, eta bertako arrainekin hibridatzen da, bizkarroiak transmititu, eta nahasketa genetikoak eragin. Azkar ugaltzen da, eta arrain sardetan mugitzen da; ondorioz, are kalte handiagoak eragiten ditu ekosistemetan. Debekatuta dago alburnuak salerostea eta bizirik garraiatzea. Arrantzatuz gero, ezin dira uretara bueltatu. Hil egin behar dira.

JAKINGARRIAK

  • Nola izena duen. Silurus glanis. 
  • Nongoa den. Europako ekialdean eta Asia erdialdean du jatorria.
  • Noiztik dagoen Euskal Herrian. Mequinenzako urtegian (Aragoi, Espainia) sartu zuen alemaniar batek (1974), eta Iberiar penintsulako ibai eta urtegietara hedatu da geroztik. Ebro ibaian barrena, Nafarroara eta Arabara ere iritsi da silurua.
  • Zer espezie kanporatu duen. Bi metrotik eta ehun kilotik gora izan ditzake. Ibaien eta urtegien hondoan bizi da, baina ur gazietan ere molda daiteke, eta bokaleetaraino iritsi. Ez du oxigeno askorik behar, eta kutsadurak ez dio eragiten. 30.000 arrautza jartzen ditu aldiro, eta 20 urtez bizi daiteke. Harrapakari oldarkorra da, parean jarritako ia guztia jaten duena: bertako arrainak, beste inbaditzaileak, eta anfibioak eta ahateak ere bai. Barboak eta loinak galarazi ditu ibai batzuetan.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA