Algak: ozeanoen arnasa

Hondartzan pilatutako algak sarritan eragozpen gisa ikusten badira ere, funtsezkoak dira: oxigenoaren zati handi bat sortzen dute, itsas ekosistemak orekatzen dituzte, eta gizakiarentzat helburu eta aukera berriak dakartzate etorkizunerako.

Algak hondartzan. JUAN GONZALEZ / EFE
Algak hondartzan. JUAN GONZALEZ / EFE
unai etxenausia
2025eko irailaren 30a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Itsasoa, begiratzen dakienarentzat behintzat, sekula ez da hutsik egoten. Hondar azpian, harri artean edo olatuek ekarritako masa berde eta marroi artean, bizitzari eusten dioten zaindari isilak aurki daitezke: algak. Sarritan molestagarri gisa ikusten ditu gizakiak hondartzan pilatuta, baina arnasten duen airean eta itsas ekosistemen orekan ere ezinbestekoak dira.

Hala frogatu dute ikertzaileek. Endika Quintano eta Nahiara Mugerza EHUko Botanikako irakasle eta Itsas Bentos ikerketa taldeko ikertzaileak dira. Urteak daramatzate Euskal Herriko kostaldeko makroalgak eta itsas hondoetako ornogabeak aztertzen. Haien azalpenek argi uzten dute algek zenbateko garrantzia duten ekosisteman.

Lehenik eta behin, alga zer den zehaztu dute: alga ezaugarri eta biziera berdinetara egokitzen den organismoa edo izaki taldea da. Quintanok zehaztu duenez, «organismo fotoautotrofoa ere bada», hau da, argiaren bidez janaria sortzen duena: «Zelulabakarrak edo zelulaniztunak izan daitezke, baina, landareek ez bezala, ez dute ehun bereizirik. Bi talde nagusi bereizten dira: mikroalgak, fitoplanktonaren parte direnak, eta makroalgak, hondoan bizi direnak eta begi bistaz ikusten ditugunak».

Makroalgak dira Euskal Herriko kostaldeko protagonistak, eta haiek ikertzen dituzte EHUko bi ikerlariek. Kolore anitzetan agertzen dira, eta tamaina handiak har ditzakete. Ez dira dekorazio hutsa. «Ekoizle primarioak eta habitat egituratzaileak dira; hau da, beste organismo askoren elikagai eta babesleku bihurtzen dira», zehaztu du Quintanok.

Aurretik aipatutako funtzio ekologikoez gain, makroalgek hainbat onura eskaintzen diote gizakiari. Atmosferan ere eragin zuzena dute, gainera. «CO2 hustubideak dira, O2a askatzen dute atmosferara, itsasertzaren higadurarako hesi natural gisa dihardute, mantenugaien zikloan parte hartzen dute, uraren kalitatea kontrolatzen dute, eta gizakiak lehengai gisa erabiltzen ditu, besteak beste», azaldu du Mugerzak. Planetaren orekan ezinbestekoak direla adierazi du: «Arnasten dugun airearen zati handi bat, uste dugun baino handiagoa, itsasoko algek egiten duten lanari zor zaio».

Betidanik gure artean

Eztabaida irekia izan ohi da: algak «onak» edo «txarrak» dira? Quintanoren hitzetan, ordea, etiketa horiek okerrak dira: «Bizidun bakoitzak bere lekua eta funtzioa du naturan, eta hori ez da ez ona ez txarra. Horiek gizakiak jarritako etiketak dira, eta ez nago batere ados horiekin. Esan bezala, makroalgek hainbat funtzio betetzen dituzte ekosistemetan, eta baita gizakiarentzat ere». Dena dela, esan du «espezie batzuen ugaritzeak kalteak sortu ditzakeela» gizakiarentzat eta beste bizidun batzuentzat.

Esaterako, kalteak sortu ditu Andaluzian (Espainia) Rugulopteryx okamurae izeneko alga inbaditzailearen hedapenak, gogoratu du Mugerzak. Horrek, zuzenean, turismoan izan du eragina: bisitarien esperientzia kaskartu egin da, eta sektoreari kalte egin dio horrek: «Azken urteetan ikusi dugu zer gertatu den Andaluzian Rugulopteryx okamurae alga inbaditzailearekin. Biomasa metatze handiak arrantzari eragin dio, sareak trabatuta geratzen direlako, eta hondartzetan pilatzeak kezka sortzen du jendearen artean usain txarrengatik. Horrek guztiak eragin negatiboa du turismoan».

Ekosistemetan ere nabarmenak dira ondorioak. Alga horrek sortzen duen gehiegizko biomasak itsas hondoetako argiztapena murrizten du, eta florari eta faunari kalte egin. Gainera, bertako makroalga espezieak «baztertzen» dituela ohartarazi du Mugerzak.

Algak betidanik egon dira hondoetan. Hala ere, Mugerzak ohartarazpen bat egin du: «Egia da azken hamarkadetan, klima aldaketaren ondorioz, zenbait espezie asko murriztu direla eta beste batzuk zabaldu. Kostaldera zein hondartzetara heltzen diren algek prozesu natural bat dute atzetik. Hau da, udaberri eta uda partean, zabaldu egiten dira, biomasa hedatu egiten da, eta, udazkeneko ekaitz eta olatu handien ondorioz, biomasa horren parte handi bat askatu egiten da, eta kostaldera heldu». Beraz, prozesu naturala da, eta beti gertatu izan da. «Beste kontu bat da azken urteetan, agian, uda partean maizago ikusi dela», gehitu du. Klima aldaketa eta itsasoko tenperaturaren igoera dira joera berri horren kausa: batzuk desagertzen ari dira, eta beste batzuk ugaritzen.

Hazkundean hainbat faktore dira erabakigarri: argia, tenperatura eta mantenugaiak. Izan ere, alga guztiek, gainerako izaki bizidunek bezala, ingurumen baldintza jakin batzuk behar dituzte bizitzeko, azaldu du Quintanok: «Algei dagokienez, besteak beste, tenperatura, argitasuna eta mantenugaiak dira garrantzitsuak, eta, espeziearen arabera, haien kopuru ideala desberdina izango da. Beraz, ingurumen baldintzak aldatzen direnean, beti egongo da algaren bat egoera berriari onura aterako diona eta ugaritu egingo dena».

Beste faktore batzuek ere eragiten dute murrizketan. Kutsadurak, adibidez, eragin negatiboak izaten ditu algentzat, orokorrean, haien dibertsitatea eta komunitatearen konplexutasuna murrizten baitu. «Baina badaude kutsaduraren inguruan eroso sentitzen diren espezieak eta ugaritu egiten direnak. Betiere kutsadura motaren eta kantitatearen arabera», zehaztu du Quintanok.

Gizakiaren aliatuak?

Gizakiaren aliatu bikainak izan daitezke algak. Ekialdeko herrialdeetan elikagai nagusi gisa erabiltzen dira, eta Euskal Herriko gastronomian ere gero eta gehiago sartzen ari dira. «Polisakaridoak dituzte, industrian, zientzian, gastronomian edo botikagintzan erabiltzeko, besteak beste: gelak sortzeko, eszipiente gisa erabiltzeko, egonkortzaile gisa erabiltzeko eta abar», azaldu du Quintanok. Beste substantzia interesgarri batzuk ere badituzte botikagintzan erabiltzeko; adibidez, kosmetikoak egiteko. Haien pigmentuek ere erabilera asko dituzte, eta algak berak ere ongarri gisa erabiltzen dira.

5375967
Arzak jatetxean erabiltzen dituzten algak. GORKA RUBIO / FOKU

Orduan, zer etorkizun dute algek? Mugerzak argi du: monitorizazioa izango da giltza. «Klima aldaketarekin lotuta, makroalga komunitateen bilakaera aztertu behar dugu. Horrez gain, funtsezkoa da inbaditzeko ahalmena duten espezie aloktonoen presentzia goiz detektatzea eta haien eboluzioa ulertzea», azaldu du.

Mugerzak gogorarazi du makroalgak —eta izaki ornogabeak ere bai— «bioadierazle bikainak» direla: haien egoerak itsasoaren osasunaren isla zuzena ematen du. Horregatik, administrazioei eskatu die kutsaduraren aurkako neurriak indartzea eta dagoeneko degradatuta dauden eremuak lehengoratzeko estrategiak garatzea. Aldi berean, ezinbestekotzat jo du ikerketa berritzailearekin jarraitzea, algen aplikazio berriak aztertzeko: «Industriarako, gastronomiarako eta nekazaritzarako baliabide gisa».

Funtsean, hondartzetara heltzen diren algak askotan arazo edo traba gisa ikusten ditu jendeak. Baina ozeanoetako arnasa, atmosferaren oreka eta kostaldeen babesaren zati handi bat zor zaiela ondorioztatu dute ikertzaileek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.