Urteetan Europan bizi ostean, Mexikora itzuli da Fernando Palma, (San Pedro Atocpan, Mexiko, 1957). Kezka azaldu du ikusi duen ustelkeriagatik, baina, aldi berean, baikor da, herritarren aldetik antzeman duen konpromiso sozial eta politikoarengatik, baita herri indigenak gero eta indar handiagoa hartzen ari direlako ere.
Ilusio berezia egin omen dizu Euskal Herrira etortzea, batez ere hizkuntzagatik. Ezagutzen zenuen euskara?
Londresen bizi izan nintzenean Euskal Herriko hainbat lagun egin nituen, eta zerbait ezagutzen nuen. Baina hemen entzutea berezia izan da. Iritsi nintzenean, taxi gidariari egin nion lehen galdera euskarari buruz izan zen. Euskara nahuatl hizkuntza baino egoera hobean dago. Mexikon 80 hizkuntza daude, eta nahuatla bigarrena da, gaztelaniaren ostean. Baina soilik hango milioi bat pertsonak hitz egiten dugu, populazioaren %1ek bakarrik. Orain, nahuatla indartzeko lanean ari gara. Niretzat hizkuntza identitatea da, zure lurraldearekiko lotura.
Mexikoko Gobernuak zein jarrera du hizkuntza indigenen aurrean?
Pixkanaka horien balioaz jabetzen ari da, eta, kostata bada ere, gauzak lortzen ari gara. Adibidez, Hizkuntza Indigenen Institutuko lehendakariak, Javier Lopezek, bi hizkuntza indigena hitz egiten ditu. Hori lortzea oso inportantea da.
Urteak eman dituzu Europan, eta Mexikora itzuli zinen duela urtebete. Nola ikusi duzu?
Erresuma Batuan eta Herbehereetan bizi izan naiz, eta kontraste handia izan da sorterrira itzultzea. Baina Europa niretzat Errauskine bezalakoa da. Sorginkeria amaitzean, Mexikora itzuli behar dut. Sorterria oso hondatua sumatu dut. Ustelkeria handia dago Poliziaren eta agintarien aldetik. Baina, bestalde, itxaropenerako zirrikitu bat ere ikusi dut. Jendeak gero interes handiagoa du politikoki eta sozialki eragiteko, eta hori oso inportantea da. Gogoa sumatzen da gauzak aldatzeko. Adibidez, merkataritza askerako Ameriketako Estatu Batuek, Mexikok eta Kanadak osatutako hirukoan, gizarte zibilak abian jarritako ekinbideen artean Mexikokoek izan dute arrakasta handien.
Herri indigenak ere engaiatuta zaudete horretan?
Herri indigenak garai erabakigarri batean gaude. Berrikusten ari gara gure jarduteko eta esku hartzeko gaitasuna. Izan ere, badugu indarra. Agian, ez horrenbeste politikoki, baina bai sozialki. Eskubideak ardura erakutsiz irabazten dira, eta uste dut horretan ari garela. Neronek eskola bat sortu dut nire herrian, San Pedro Atocpanen, artista indigenentzat. Bi helburu nagusi ditugu: nahuatl hizkuntza eta kultura berreskuratzea, eta ingurumena zaintzea. Ahalegin berezia egiten ari gara gaztetxoak nahuatl hizkuntzara erakartzeko, joko elektronikoen bidez. Nire herrian ere badago ikastetxe bat, non eskolak nahuatlez ematen diren. Emaitzak ez dira oso onak, baina ahaleginak merezi du. Hasiera guztiak dira zailak.
Ingurumena da zure beste kezketako bat, batez ere zaborren kudeaketa. Baina zuen hizkuntzan ez omen da existitzen zabor hitza.
Halaxe da; ez da existitzen. Niretzat ingurumena beti izan da kezka iturria. Londresen nengoenean, beti ikusten nituen landare eta zuhaitz berberak. Baina nire herrian, 100 metroan ehunka daude. Biodibertsitatea ikaragarria da. Oraintxe bertan landare basatien katalogo bat osatzen ari gara, eta jendea animatzen ari gara espezie desberdinak adopzioan har ditzan.
Harritu egin zara hemen duela gutxi hasi garelako hondakin organikoak eta ez-organikoak bereizten?
Mexikon aspaldi egiten da zabor organikoaren eta ez-organikoaren bereizketa. Konposta aspaldi egiten genuen. Niretzat, birziklatzea ondo dago, baina uste dut ez dela konponbidea. Adabaki bat da, edo kudeaketaren zikloan berandu hartzen den neurri bat. Zaborrik onena sortzen ez dena da, eta ni biodegradagarriak diren salgaien aldekoa naiz. Horretan egin behar dugu indar.
ATZEKOZ AURRERA. Fernando Palma. Ekintzaile indigena
«Alor askotan indar hartzen ari gara herri indigenak»
Tabakaleran egiten ari diren 'Bizigarriak' jardunaldietan ari da parte hartzen Palma. Naturaren eta nahuatl hizkuntzaren defentsan ari da lanean, hainbat proiekturen bidez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu