Altxorra garraiatu zuen kapitaina

Gorabehera logistiko eta politiko handiei aurre eginez, baina Jose Ordorika Ruiz de Azua lekeitiarrak 'Vita' ontzia zuzendu zuen, 1939ko martxoan, Ingalaterra eta Mexiko artean, eta Espainiako II. Errepublikako agintariek pilatutako ondasunak entregatu zituen.

Jose Ordorika, familiarekin; eskuinean, Nile alaba. ORDORIKA FAMILIA.
Igor Susaeta.
Mexiko Hiria
2017ko apirilaren 6a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Amaitzear zegoen 36ko gerra 1939aren hasieran, eta Espainiako II. Errepublikako agintariek bazekiten gudua galduta zegoela. Vita ontzia urte hartako otsailaren 28an atera zen Southamptoneko kaitik (Ingalaterra), eta martxoaren 23an heldu zen Veracruzera (Mexiko). Errepublikazaleek pilatutako eta gordetako edo Francoren jarraitzaileei konfiskatutako ondasunak garraiatu zituen 62 metro luze zen yate hark: artelanak, urrea, zilarra, akzioak, altxor arkeologikoak eta erlijiosoak... Altxor hura salduta lortutako diruarekin finantzatu zuten, ostera, JARE: Errepublikano Espainiarrei Laguntzeko Batzordea. Mexikora eraman zuten altxorra, II. Errepublika begi onez ikusten zuten estatu bakanenetako bat zelako hura. Juan Negrin artean II. Errepublikako gobernuburu zenak agindu zuen itsasontzi bat erosteko, eta PSOEko agintariak Marino Ganboa jatorri euskalduneko enpresari filipinarrarekin jarri ziren harremanetan. Mid Atlantic Shipping egoitza Ingalaterran zeukan enpresa erdi euskaldun-erdi britainiar bateko zuzendarietako bat zen Ganboa. Ontziak kapitain bat behar zuen bidaia hura egiteko, eta Jose Ordorika Ruiz de Azuari, bere konfiantzazko itsasgizon bati —Lekeitio, Bizkaia, 1896-Mexiko Hiria, 1973— egin zion enkargua. Nile alaba da (Lekeitio, 1932) bizirik dagoen haren oinordeko zuzen bakarra: «Bidaia hark haren nortasuna markatu zuen. Gauza askori uko egin behar izan zien». Vita Mexikora eraman aurretik, Neptuno merkantzia ontziko kapitaina zen Ordorika. 1936ko gerra piztu zenean, Argentinara bidean zegoen Ordorika, eta, handik itzuli zenean, ezin izan zen Bilbon sartu, tropa frankistek portua blokeatuta zeukatelako. Beraz, Southamptonera jo zuen. Hain zuzen han, Ingalaterrako kostaldeko hiri horretan erosi zuen Ganboak errepublikanoek eskatutako ontzia. Begiz jo zuen artean Argosy deitzen zen ontzi bat, eta jabea, gainera, 1931n Kielen (Alemania) eraikitako yatea saltzeko prest zegoen. Vita izena jarriko zioten geroxeago, eta, oraindik ere, ia 90 urte geroago, existitzen da, eta luxuzkoa da: Rossy One du izena, eta Napoliko kaian dago.

Ontzi hori 1939an Ingalaterratik Mexikora zuzendu zuen pertsonaren aita Sabino Aranak Lekeition eduki zuen aurreneko jarraitzaileetako bat izan zen, eta Jose Ordorikak berak ere gaztetatik militatu zuen EAJ alderdian. Esteban Urkiaga Lauaxeta-ren lagun mina zen, eta, hain zuzen, Nile alaba jaio zenean, izen zerrenda bat eskatu zioten Ordorikak eta Balbina Bengoetxea emazteak (Mountain Home, AEB, 1906-Mexiko Hiria, 1999) idazle eta kazetariari. Nile zen zerrendan agertzen ziren izenetako bat—Nile Astelarra izeneko emakume bat Lauaxetaren neska-laguna izan zen—, eta hura aukeratu zuten.

Nile, Imanol eta Jokin haren anaiak eta baita Balbina haien ama ere 1937an erbesteratu ziren Donibane Lohizunera (Lapurdi), Lekeitioko Tortola kaleko etxea atzean utzita. «Gernika bonbardatu eta egun gutxira izan zen. Amak eta Lauaxetak tramitatu zituzten gure pasaporteak». Donibane Lohizunen pasatutako bi urteen oroitzapen gozoa dauka. «Aitak ikusi nahi gintuen, eta bi anaiak eta ama joan ziren, bai, Southamptonera hura ikustera. Ni, ordea, ez. Gero esan omen zidaten nik ez nuela haraino bidaiatzeko gogorik...», dio, umorez, Nilek. Gazteleraz mintzo da, baina euskarari, bizkaierari, eusten dio oraindik ere. Bi urte igaro zituen aita ikusi gabe, harik eta 1939an, «Bordelen, uste dut», Manhattan ontzira igo, eta hiru anai-arrebek eta amak ere Mexikora jo zuten arte. «New Yorkera azaroaren 22an heldu ginen. Egun batzuk geroago, autobusez Laredoraino (Texas, AEB), Mexiko eta AEBen arteko mugaraino. Han zegoen aita gure zain».

Ordorikak hilabete batzuk zeramatzan jada Mexiko Hirian. Sasoi gorabeheratsuak bizitzen ari zen. Hasteko, bidaiaren prestaketa ez zen samurra izan. Behin betiko Southamptonetik 1939eko otsailaren 28an atera aurretik, Vita Le Havre eta Rouengo (Frantzia) kaietara zuzendu zuen, ontziaren sotoa errepublikanoen altxorrarekin betetzeko. Ordorikaren tripulazioko kideetako bat zen Antonio Ertze Garamendi lekeitiarra, eta hark 1999an Mexikon kaleratutako Mis memorias liburuan dioenez (Egilea Editore), portu batean «85 pakete» bildu zituzten, eta bestean 89. Roueneko portuan, beste ustekabeko bati aurre egin behar izan zion Ordorikak. Izan ere, bi tripulaziok topo egin zuten han: batetik, harenak; eta, bestetik, han zegoen zain Negrinen lagun Francisco Mendez Aspe II. Errepublikako Ogasun ministroaren konfiantzazko tripulazioa, Marino Manresa haren gertukoak zuzendutakoa. Nile haren alabaren arabera, Ordorikak zera adierazi zien agintari sozialistei: «Nire tripulazioarekin ez bada, nik ez dut hau egingo».

Azkenean, zenbait arduradun politikoz gain, bi kapitainen tripulazioak igo ziren ontzira, etaizen hauek aipatzen ditu Ertze Garamendik bere memorietan: Jose Ordorika, Isaac Etxabe, Alvaro Aretxabaleta, Eduardo Etxaniz, Antonio Ertze, Jose Antonio Bilbao, Antonio Brouard, Eulogio Garcia, Antonio Manresa, Salvador Garcia, Rafael Goenaga, Justo Fullaondo, Santiago Belaustegi, Domingo Osamiz, Jesus Zabala, Teodoro Urkiaga, Santos Garamendi, Tomas Marques, Serapio Zabala, Santiago Zumaran, Miguel Alluntis, Teodoro Burgaña eta Felix Bilbao. Lekeitiarrak ziren horietako gehienak.

Veracruzera heldu zirenean, bidaia are gehiago korapilatu zen, Negrinen ordezkaririk ez baitzen agertu kargamentua jasotzera. Veracruzetik Tampicora (Mexico) mugitu zuten ontzia martxoaren 30ean; altxorraren sekretua jada Europan hauskorra zen, eta Mexikon denen ahotan zebilen. Vita-ren arduradunak beldurtu egin ziren, eta, Mexikon bizi zenez, Indalecio Prieto II. Errepublikaren enbaxadore ahalguztidunarekin jarri ziren harremanetan. Hark orduko Mexikoko presidente Lazaro Cardenasekin hitz egin zuen, eta, azkenean, martxoaren 30ean bertan, altxorra Tampicotik Mexiko Hirira garraiatu zuten. Negrinen eta Prietoren arteko ezinikusia nabaria zen aspalditik, eta, azkenean, Vita-ren operazioa Negrinek agindu baldin bazuen ere, bere arerioa gailendu zen bien arteko alderdi barruko lehian.

Ondorengo hilabeteak ez ziren gozoak izan tripulazioko kideentzat. Ez zekiten zer gertatuko zen Vita-rekin —Ertze Garamendik dio bere memorietan hasieran uste zutela Filipinetara zihoazela Mexikora joan beharrean—, eta han zeuden, Tampicon, ez atzera, ez aurrera, eta egindako lanarengatik zenbat diru jasoko zuten jakin gabe, gainera. Ertze Garamendik liburuan leporatzen dio Ordorikari abandonatu egin zituela, ez zutela konfiantzarik harengan. «Aitak min handia sentituko zuen hori irakurri izan balu... Nire aita oso arduratuta zegoen itsasgizonen egoerarekin», argitu du Nile Ordorikak, penatuta. «Ertze Garamendi pertsona zaila eta arraroa izateagatik nabarmendu zen». Kobratu zuten diru bat tripulazioko kideek, baina Ertze Garamendi, liburuan dioenagatik, behintzat, ez zegoen konforme kopuruarekin.

«Aitak oso gaizki pasatu zuen. Bi bando zeuden, eta ez zekien altxorra nori entregatu behar zion», jarraitu du haren alabak. «Hark gerra misio bat bete zuen. Kito», gehitu du Gustavo Saavedra bilobak. Mexikon, hasieran, Ordorika kapitainari dezente kostatu zitzaion aurrera egitea. «Harentzat ez zen batere erraza izan. Esaterako, ezin izan zion kapitain izateari eutsi, hemengo, Mexikoko lege batek eragozten ziolako». Mexikora 1936ko gerran edo aurretik iritsitako euskaldunen arteko elkartasun sarea sendoa zela diote Ordorika familiakoek, eta, hortaz, Josek lan egin zuen Goodrich-Euzkadi enpresan, aseguruak saltzen... Euskal Etxeko ekitaldietan parte hartzen zuen, eta hango korua ere zuzendu zuen. Musika konposatzen zuen, pintatu... «Jotzen zituen gitarra, txistua, pianoa... Gaizki, baina jo», bota du, umorez, Nilek. «Gizon alaia zen, eta baita goitik beherakoa ere, ondratua». Bat datoz Jose Ordorikaren bilobak. Maite Saavedra Ordorikak, horietako batek, zera adierazi du: «Haren biloba naizela esaten dudanean, jendea errespetu handiz mintzo da hartaz».

«Agian inozo bat naiz»

Altxorrarekin gertatutakoaz kondaira asko daudela diote Ordorikaren alabak eta bilobek —arduradunek inoiz ez zuten inbentariorik egin—. Kondairetako baten arabera, batzuk altxorraz aprobetxatu ziren. Horren harira, anekdota bat kontatu du Nilek: «Maila altuko hemengo militar batek aitari galdetu zion ea altxorraz aprobetxatu ote zen. Eta aitak ezetz erantzun. Militarrak esan zion, beraz, inozo bat zela. Eta aitak: 'Beharbada inozo bat izango naiz, baina nire seme-alabei aurpegira begiratu ahal diet behintzat'». Mari Jose Ordorika bilobari gauza bera galdetu izan diote inoiz: «Eta ni sutan jarri izan naiz». Altxorraren salmentarekin lortutako dirua JARErabideratu zuten (Errepublikano Espainiarrei Laguntzeko Batzordea), eta, Nileren esanetan, diru hura ekintza sozialak hauspotzeko baliatu zuten batez ere.

«Gure bizitza ez zen batere erraza izan. Gabezia handiak genituen etxean; aitak sekula ez zuen-eta autorik eduki! Garraio publikoan mugitzen ginen», zehaztu du kapitainaren alabak. Etxe propiorik ere ez zuen eduki Jose Ordorikak, harik eta Nile alabak bat erosi zion arte. Arkitetoak izan ziren bai Nile eta baita zendutako Imanol eta Jokin ere.

Jose Ordorika ondo egokitu zen Mexikora —«oso eskertuta zegoen»— , baina nostalgiaz gogoratzen zuen Euskal Herria. Urte luzez, beldurrez, ezin izan zen itzuli. Haren gurasoak hil ziren, eta ezin izan zien agur esan, baina 1966an bueltatu zen Lekeitiora aurrenekoz, jaioterriko lagunei ea «zerrenda beltzen batean» zegoen galdetu eta gero. «Joan zen Lekeitiora, udaletxera, eta esan zuen: 'Kaixo, Ordorika kapitaina naiz'», azaldu du Maite Saavedra bilobak. II. Errepublikako altxorra Mexikora garraiatu zuen itsasgizon lekeitiarra, Vita-ren kapitaina.

Eta bai, saldu zuten Vita, eta geroztik hamaika itsas milia nabigatu ditu. AEBetako armadak erosi zuen, 1942an, eta Uss Cythera bihurtu. Israelgo armadak ere erabili zuen, 1956 arte, gerrako ontzi gisa, eta ordutik 2002raino, ferry gisa funtzionatu zuen Caprin (Italia), Santa Maria del Mare izenarekin. 2009an berregin eta modernizatu zuten, luxuzkoa bilakatu, eta orain Napolin dago errepublikanoen altxorra garraiatu zuen ontzia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.