Udako proposamenak

Amurrioko kaleak dantzan

Gaur hasiko dira Amurrioko jaiak, eta horrekin batera Iguarrako askatuko dute. Igandera arte musika eskaintza zabala izango dute Arabako herrian.

Amurrioko jaietako kuadrillak dantzan. Artxiboko irudia, 2015ekoa. BERRIA
Amurrioko jaietako kuadrillak, dantzan. Artxiboko irudia, 2015ekoa. BERRIA
itsaso jauregi 2
2025eko abuztuaren 12a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Txupinazoaren oihartzuna zabaldu da Amurrioko (Araba) kaleetan. Gaur hasi dira herriko jaiak, eta igandera arte askotariko musika kontzertuak izango dira, eta tradizioz jositako giroa. Txerra Molinuevo Amurrioko alkateak hau esan du zabaldutako oharrean: «Aurtengo jai egitarauak ere islatzen du urte osoan gure herriari bizitza ematen dioten kolektibo eta pertsonek egindako lana eta inplikazioa. Elkarrekin egindako ahalegin horri esker, adin guztientzako jarduerez betetako egun bizi-biziak gozatu ahal izango ditugu».

Txis pun: hasi dira jaiak. Gaur 19:00etan herriko jaien hasiera iragartzen duen txupinazoa jaurtiko da, eta horrekin batera Iguarrako askatuko dute, erdi txori eta erdi narrasti den animalia mitologikoa. Hark jaietako metxa piztuko du, eta hortik aurrera herriko kuadrillak parrandan hasiko dira igandera arte. Bestan egongo diren kuadrillen ordezkarien aurkezpena ere izango da gaur, eta bakoitzak bere zapiak eta bandak eramango ditu udaletxera.

Konfetiaren, kearen eta globoen artean kuadrillen kalejira igaroko da: Euskotarrak, Dantza Lagunak, Trot-art, El Boli, Herriarenak eta Txabolakoak izango dira erdigunean. Haien ibilbidearen soinu banda Battuere batukada eta perkusio taldeak jarriko du. Maiaka eta Marigabon erraldoiek plazan dantzatu ondoren, aurretik aipatutako kuadrillen arteko jolasak egingo dituzte.

Kuadrillen parte hartze handiagoa sustatzeko asmoz, sari bat aurkeztuko dute aurtengo jaietan: Urrezko Iguarrakoa. Garai bateko jai giroa berreskuratu nahi dute herritarrek, kuadrilla guztiak kalean gozatzen ikusi, alegia. Horregatik, adin guztietako pertsonak parte hartzera gonbidatu nahi dute. Lehiaketak ekitaldi ezberdinetan eta jaien antolaketan gehien eta hobekien parte hartzen duen lagun taldea sarituko du.

Nola irabazi? Kuadrillak urrezko iguarrako batekin markatuta dagoen jardueran parte hartzen badu, puntu bat gehituko zaio. Horretaz gain, sukaldaritza lehiaketetan, jokoetan, lasterketetan eta karrozetan parte hartzen badute, kuadrillek aparteko puntuak lortuko dituzte sailkapenaren arabera. Jai batzordeko kideak izateagatik puntu bat ere lortuko dute. Jaiak amaitzean, parte hartzeagatik eta sailkapenengatik lortutako puntu guztiak batuko dituzte, eta kuadrilla irabazleak Urrezko Iguarrakoa jasoko du igandean, 23:30ean, 2025eko Amurrioko jaietan izandako inplikazioa eta jai espiritua aitortzeko.

Eskaintza musikala

Jai espiritua sustatzeko musika ere izango dute lagun. Gaur, 20:30ean, La Pergola orkestra izango da Juan Urrutia plazan, eta Etxebarria aita-seme trikitilarien kontzertuaren ondoren, Laztana Laztana euskara ardatz duen musika taldea igoko da oholtzara; musika elektronikoa, pop eta folk estiloak uztartzen ditu. Besten lehendabiziko eguna hainbat DJ saiorekin amaituko da.

Hurrengo egunetan mota askotariko artistak igoko dira oholtzara. Bihar, 22:30ean, Krypton Orkestrak bere ikuskizuna emango du: hamazazpi artista eszenan, pasodobleetatik hasi eta nazioarteko rock eta popean amaitu. Ostegunean bi artista daude azpimarratzeko; hasteko, Tanxugueiras taldea izango da 22:00etan Galiziako musika tradizionala gaur egungo estiloekin uztartuz. Ia bi orduko kontzertua eman eta ger,o Dupla izango da herritarren aurrean, elektronika, rocka eta dantza biltzen dituzten kantak interpretatuz.

Asteburuan eskaintza zabala egongo da oraindik Amurrioko kaleetan, baina alkateak berdintasunean oinarritutako jaiak izatea nahi du batez ere: «Jarrai dezagun jai inklusiboak, indarkeriarik gabekoak eraikitzen, denok goza ditzagun askatasun eta segurtasun osoz».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.