Energia berriztagarrien erabilera handitzea lehentasunezko kontua da. Horien artean aerosorgailuak daude, lurrekoak nahiz itsasokoak. Aparatu horien hegalek izaki hegalarietan duten eragina ikertu da. Alabaina, itsasoko aerosorgailuek ezusteko ondorio bat izan dezakete azpian dagoenarentzat.
Europar Batasunean, itsasoko haize-energiaren aldeko apustua egitea espero da. Gaur egun, 20 GW energia ekoizten da modu horretan; 2030erako 60 GW-ra igotzea espero da. Energia-ekoizpena handitzeko aerosorgailu kopurua ere handitu beharko da; euskal kostaldean 2023tik Armintza parean dago itsas errota.
Iritzi kritikoak ere azaldu dira haiekin batera; gai konplexua da. Ez da zaila imajinatzea hegan doan edozein izakiri eraginen bat ekarriko diola bere ohiko bizilekuan 60 eta 100 metro arteko hegalak biraka topatzeak. Kasurik «onenean», bizidunen banaketa aldatu daiteke, eta kasurik okerrenean, heriotza eragin.
Itsasoko aerosorgailuek bestelako ondorio batzuk ere eragin ditzaketela uste da. Egitura horien muntaketan itsasontzien mugimendua areagotzen da, kutsadura kimikoa handitzen da eta beroa sortzen da uretan. Gainera, aerosorgailuetatik energia garraiatzen duten kableek eremu magnetikoak sortzen dituzte, eta hainbat itsas animalia oso sentiberak dira estimulu magnetikoei dagokienez; marrazoak, adibidez.
Herbehereetako Ipar Itsasoan, dagoeneko ehundaka aerosorgailu daude muntatuta. Wageningen Unibertsitateko (Herbehereak) ikertzaile talde batek aztertu nahi izan zuen egitura horiek inguruko marrazo espezie batzuetan izan zezaketen eragina.
Parke horietan DNA laginak jaso zituzten, eta emaitzak aurreikusitakoak baino hobeak izan ziren. Bazirudien estres-faktoreek ez zietela marrazoei espero bezain beste eragiten. Edo agian beste faktore ezkutu bat egon zitekeen, asalduren kontra egiten zuena.
Ikertzaileek parkeen ezaugarri bat aipatzen zuten: arraste-arrantza debekatuta dago bertan. Urteetan aerosorgailuen inguruko urak arrantza mota horretaz libre egon dira, eta horrek itsas hondoaren berreskurapena ekar zezakeela iradokitzen dute. Hondo bizi batek marrazoak elikatzeko eremu bat sortu zezakeen, eta itsas aerosorgailuen inguruko urak bizileku posible bat bihurtu zitezkeen.
Aldizkari batean argitaratutako artikulu bat da testu honen iturria, lortutako datuak eta ondorioak objektiboak eta sinesgarriak izan beharko lirateke. Lehen autoreak, ordea, interes-gatazka deklaratzen du amaieran, ingeniaritza-enpresa batentzat lan egiten baitu. Sinistu beharko dugu horrek ez diola ezkutuko interesik sortu itsasoko aerosorgailuen eraikuntzan alde positiboak ikusteko. Justizian bezala, zientzian ere, baieztapenak ontzat hartzen dira beste batek ezeztatzen dituen arte.