Nerea Osinalde.
Biokimika eta Biologia Molekularra saileko irakasle titularra

Agur odol isuriei!

2026ko maiatzaren 8a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Odola giza gorputzaren garraio sistema garrantzitsuena da. Odoleko zelula ugarienak, globulu gorri edo eritrozitoak, oxigenoa garraiatzeaz arduratzen dira, baina badira bestelako funtzioak betetzen dituztenak ere. Esaterako, plaketek odolaren koagulazio edo gatzatze prozesuan parte hartzen dute; zauri bat gertatzen denean, odol isuria gelditzen laguntzen dute. 

Odoljarioak kontrolatzeko prozesuari hemostasia deritzo. Prozesuak hainbat urrats ditu. Hasteko, kaltetutako odol hodia uzkurtu egiten da, galtzen den odol kopurua murrizteko; gero, plaketak kaltetutako gunean pilatzen dira, tapoi antzeko egitura bat eratzen dute, koagulua; azkenik, fibrina deituriko proteinak koagulua egonkortzen duen sare bat osatzen du. 

Bada, sare horren bolumenaren erdia baino gehiago eritrozitoak dira, haiek baitira odoleko zelula ugarienak. Hala ere, globulu gorriek ez dute koaguluaren sendotasun mekanikoan eraginik. Ondorioz, koagulu naturalak nahiko hauskorrak dira, eta ezin diote eutsi odolak eragindako presioari. Gainera, odolaren gatzatze prozesua motela da, 5-10 minutu ingurukoa. Urtero milioika pertsona hiltzen dira istripu, kirurgia edo gatazka armatuen ondoriozko odoljarioen ondorioz. Aurrerapen zientifiko berri batek ideia iraultzaile bat planteatu du: globulu gorriak koagulazioaren aliatu aktibo bihurtzea.

Berriki Nature aldizkarian argitaratutako lan batek proposatzen duena ondokoa da: globulu gorriak aldatzea superkoagulu gisa jardun dezaten, odol isuriak ia berehala geldiarazteko, eta, gainera, kaltetutako ehuna konpontzen laguntzeko. 

Azken urteotan, ohikoa da zelulak genetikoki eraldatzea DNA manipulatuz. Baina oraingoan globulu gorriek ez dute DNArik. Heltze prozesuan nukleoa galtzen dute, eta horrekin batera barruan dagoen DNA ere bai, oxigenoa garraiatzen duen hemoglobinari leku gehiago egiteko. 

Klik kimika izenez ezagutzen den prozesua erabili dute. Lehenik eta behin, globulu gorrien gainazala konposatu organiko batekin estali dute (A), kola ikusezin bat balitz bezala. Ondoren, eraldatutako zelulak polimero batekin (B) nahastu dituzte. Segundo gutxian, A-B lotura sortzen da eta globulu gorriz osatutako sare sendo eta jarraitua eratzen da; koagulu naturala baino 13 aldiz erresistenteagoa, eta gainazaletara itsasten 4 aldiz eraginkorragoa. 

Lanaren egileek eritrozitoak aldatzeko prozesua erraza dela diote. Gainera, bi superkoagulu mota sor daitezkeela frogatu dute; koagulu autologoak, pazientearen odolarekin egindakoak eta, koagulu alogenikoak, emaile bateragarri baten odola erabiliz egindakoak. Bi aukerek abantaila interesgarriak eskaintzen dituzte, testuinguru klinikoaren arabera aplikagarriak izan daitezkeenak. Hala ere, ezinbestekoa da teknologia berri horren aplikazio klinikoa garatzeko ikertzen jarraitzea. Espero dezagun etorkizuneko lanek emaitza positiboak ematea, berrikuntzak larrialdietako medikuntza eraldatzeko potentzial handia du eta!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA