Barrea gizakion adierazpen «naturalenetako» bat da. Oihu egiten dugu, aurpegia gorritzen zaigu, bihurrikatzen hasten gara tripako mina jarri zaigulako eta, algara itzela bada, negarrarekin nahasten dugu malko batzuk isurita. Gainean pixa egitera iritsi gaitezke! Berezkoa dugun inpultsu bat da, eta, guk bezala, baita beste animalia batzuek ere.
Filosofia klasikoak argi ikusten zuen gizakiok bakarrik egiten dugula barre; hala zioen Aristotelesek, eta hala sinesten zuten, oro har, gainerako jakintsuek. «Gizakiak soilik, eta ez animaliek, egiten duela barre eta negar dioen printzipioa, ez da egunen batean gezurta litekeen hipotesi bat, ziurtasun bat baizik», zioten. Hala pentsatzen jarraitu zen XIX. mendera arte.
Barrea umorearekin lotzen dugu, eta gizakiaz bestelako animaliek umorea erabiltzen dutela esatea, momentuz, asko esatea denez, arrotza egiten zaigu beste espezie bat barrez irudikatzea. Zuek barregarria iruditzen zaizuen zerbait ikusi, entzun edo egiten duzuenean soilik egiten al duzue barre?
Eta jolasean edo dantzan ari garenean? Sorpresa baten aurrean? Edo kilimak egiten dizkigutenean? Ziur egiten duzuela barre! Umorea eta barrea eskutik doaz askotan, baina ez beti. Gizakiotan, barrea eragiten diguten adierazpenen %10-20 bakarrik daude umorearekin lotuta, eta 30 aldiz ohikoagoa da barre egitea egoera sozialetan bakarrik gaudenean baino.
Barrearen funtzio nagusia komunikatzea dela ondorioztatu dute zientzialariek, lotura sozialak bultzatzea eta asmo positiboak adieraztea. Darwinen hitzak hartuta, «ahaideak diren espezieek jokabide antzekoak erakusten badituzte egoera antzekoetan, oinarrian dagoen psikologiak ere antzekoa izan behar du».
Beste espezieei begira
Noski, ikusi dira espezie antzekoak jarrera antzeko bat izaten; beste hominidoen kasuan, esaterako. Gure ahaide hurbilenek ez dute guk bezainbeste barre egiten, baina bai egoera jakin batzuetan. Horien kasuan barrea errazago eragiten da estimulu fisiko baten aurrean, jolas-borroketan edo elkarri kilimak egiten dizkietenean.
Txinpantzeek, esaterako, gizakion puntu sentikor berberak dituzte: besapeetan, saihetsean, sabelean… Eta elkarri kilimak egiten dizkiete. Ahoa irekitzen dute eta arnasestuka hasten dira «uh uh uh» erritmikoan, gizakiok barre egiten dugunean bezala. Baina txinpantzeak ez ziren izan barre egiten ikusi ziren lehen animaliak: lehen aldiz arratoiekin deskribatu zen. Haiek ere kilimak egiten dizkiete elkarri, eta barrearen oso antzekoa den jarrera bat dute.
Jolas-borroketan edo kilimetan, lagunaren barre aurpegia da adierazten diguna hark ez digula minik egin nahi, gurekin ongi pasatu eta lagunak izatea nahi duela soilik. Hortxe omen dago barrearen jatorria. Umorera itzuliz, aditu batzuek diote kilima mota bat dela, gorputzean bainoago buruan sentitzen ditugun kilimak, eta horregatik eragiten digula barregura. Hala bazan edo ez bazan, barre egitea ederra zan!
 
    