ana galarraga aiestaran
Elhuyar zientzia

Borroka ekologista, funtsezkoa

2026ko martxoaren 13a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Duela gutxi Muskizko herritarrak manifestazioan atera ziren kalera, Petronorrek haien osasuna eta bizitzak arriskuan jartzen dituela salatzeko. Aste pare bat lehenago jaialdi bat antolatu zen Zarauzko gaztetxean, Aroztegia babesteagatik zigortu dituztenei laguntzeko. Atzerago joanda, 2025eko abendura, bertan behera utzi zuten Urdaibain Guggenheimek zuen proiektua, hein handi batean, mugimendu ekologistei esker. Bitartean, Marienea hauteskunde-lehiaren eztabaidagai bihurtu da.

Auzi horietatik bat bera ere ez da agertzen Ingurumen Justiziaren Atlasean (EJAtlas). Atlasak ingurumenarekin erlazionatutako gatazken informazioa biltzen du, mapa interaktibo batean. Modu kolektiboan elikatzen da, eta, une hauetan, ia 4.500 gatazka agertzen dira, sailkatuta. Motaren arabera: erregai fosilak eta klima, biomasa eta lurra, biodibertsitatea, ura, turismoa, azpiegiturak, hondakinak, industria, meatzaritza eta nuklearra. 

Mapan markatutako puntuetako batean klik eginez gero, leku hartan jaso duten gatazkari buruzko azalpenak agertzen dira. Euskal Herrian hauek agertzen dira: Lemoizko zentrala (ETAri buruzko aipamenarekin), Erandioko poluzio industriala (frankismoan mobilizazioetan bi pertsona hil zituztela eta kutsadura oso handia dela esanaz), Zaldibarko zabortegia (bi hildako izan zirela), Enara proiektua, AHTa, Zubietako erraustegia, eta Itoizko urtegia. 

Atlasaren kudeatzaileek onartzen dute hutsuneak dituela; hala ere, aukera ematen du munduan geratzen ari diren borroka ekosozialen ikuspegi bat izateko. 

Adibidez, duela gutxi, nazioarteko ikerketa bat egin dute atlasean oinarrituta, eta ondorioztatu dute proiektu suntsitzaileei aurre egiten dieten mugimendu ekosozialen lana funtsezkoa dela biodibertsitatea babesteko. 

Herri indigenek, nekazari-erakundeek, hiritar-taldeek, oinarrizko komunitateek eta tokiko gizarte- eta ingurumen-erakundeek osatzen dituzte mugimenduok. Eta, askotan, errepresioaren biktima direla baieztatu dute ikerketan. 

Ekintza errepresibo horiek bereziki gogorrak dira lehentasunezko kontserbazio-eremuetan eta Hegoalde Globalean; batez ere, Afrikan eta Ameriketan. Hori bera berresten du Global Witness erakundeak: 2024an, 146 aktibistaren hilketak dokumentatu zituen.

Ikerketan, mugimendu ekosozialei aitortza egiteaz gain, haien eragina indartzeko hiru puntu proposatu dituzte. Lehenik, estatuek eta nazioarteko erakundeek aliatutzat har ditzatela, oztopotzat hartu beharrean. Bigarrenik, baliabideak eskaintzea. Eta, azkenik, ekintzaileak babestea segurtasun-protokoloen bidez. 

Errealitatea, ordea, oso urrun dago hortik. Datu bat: Nazio Batuen Erakundearen Ingurumen Programaren arabera, 30 aldiz diru gehiago erabiltzen da munduan natura suntsitzen duten jardueretan, hura babesteko baino.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA