joxerra senar
Sanferminak Iruñean. Nire lagunaren lagunak dioenez

'Culinary Center'

2012ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Nire lagun donostiar bati sansebastianak sanferminekin alderatzea atsegin ohi zaio, eta nik erantzun ohi diot 24 orduen burrunba 204 orduekin alderatzea ehun metroak maratoi batekin alderatzea bezala dela. Garai bateko ETBren reality sanferminzale batekin gogoratzen da orduan laguna. Asko dira hasieran indar betean Iruñera etortzen diren lagunak; baina, xanpainari legez, aparra bukatu eta indarge geratzen dira berehala. Peñetako kideak, ordea, kasta berezi batekoak dira. Ez da batere erraza goizeko kalejiraren, eguerdiko bazkariaren, arratsaldeko zezenketaren eta gaueko parrandaren erritmoari zortzi egun eta erditan eustea.

Nire lagunaren lagun iruindar batek dioenez, ez da kasta kontua, eboluzio kontua baizik. Haren ustez, kontua da mendeetan errotatuko ohitura baten ondorioz Iruñean sanferminetan zenbaitek, zezenen modura, lau urdail garatu dituztela, eta lasai aski konbinatu ditzakete ahoratzen dituzten nahasketak: ajoarrieroa, arkumea txilindron erara, potxak, ajeari aurre egiteko saldatxoa, zezen erregosia, tomatea xingarrarekin, karakolak, txistorra... eta edateko xanpaina, koñak, gin-tonic tanqueray, sangria eta zurrakapote.

Nire lagunaren lagunaren lagunak dio edonork jan dezakeela hori banaka, baina ea zer gertatzen den bestondoz bestondo uztailaren zenbatgarren egunaren zentzua galdu duzunean eta plazako korridore zikinetan eserita plastikozko plater batean karakolak txistorrarekin eta tarta puska batekin ematen badizute!

Hala ere, nire lagunaren lagunaren lagunaren lagun batek dioenez, inoiz, laugarren zezena pasatu eta gero, ikusi dute zezen plazako korridoreetan, isilka, Ferran Adria sukaldariaren antza duen morroi bat peñetako kideek ahoratzen duten guztiari buruzko oharrak hartzen. Hala, badakigu mundu guztiak laudatu duen haren sukaldaritza berriaren ideia batzuk nondik etor daitezkeen. Jakinarazi didatenez, Basque Culinary Centerren hitzaldiak ematen hasiko dira irailetik aurrera peñen federaziokoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.