Noizbehinka ongi dago urruneko gaiak alde batera utzi eta pixka bat gerturatzea; era berean, ongi dago konplexutasunetik sinpletasunera egitea. Gerta dakiguke egun batean zuhaitz bati begira geratu eta pentsatzea: nola hazten da zuhaitza? Nondik lortzen du materia? Galdera sinplea da; erantzuna nahi beste konplikatu daiteke.
Galdera horixe bera egin zion bere buruari Jan Baptist van Helmont zientzialari belgikarrak XVII. mendean. Jakina da zuhaitzek sustraiak dituztela, eta bertatik xurgatzen dituztela lurreko mineralak eta ura. Mineralak pilatuta handitzen ote da zuhaitza? Van Helmont ohartu zen moduan, hori ez da aukera bat; mineralak zuhaitzaren masaren zati oso txiki bat dira (%1 inguru). Ura izango da orduan? Hori ondorioztatu zuen belgikarrak, bost urtez hazi baitzuen sahats bat ura bakarrik emanez. Mende bat beranduago deskribatu zen lehen aldiz fotosintesia.
Zein dira zuhaitz baten materia osatzen duten konposatu nagusiak? Zelulosa, hemizelulosa eta lignina, nagusiki (%95-99 hiruren artean), hau da, karbonoan oinarritutako molekulak. Zuhaitzek aireko CO2 molekulak xurgatzen dituzte, eta eguzkiaren energia erabiliz, gas horretako karbonoa hartu, harekin kate luzeak eraiki, eta egurra sortzen dute. Bitartean, oxigenoa itzultzen dute airera.
Ez da kasualitatea izaki bizidun guztiok karbono kateak izatea funtsean. Bizirako energia eguzkiak ematen digu; ekoizle primarioek (zuhaitzek, landareek, algek) energia hori karbonoz osatutako molekula organikoak egiteko erabiltzen dute, eta gainontzeko bizidunok jan ditugun karbonozko molekulez bizi eta garatzen gara.
Eguzkiak energia ematen dio Lurrari eta bertan bizi garenok erabili egiten dugu Lurrean dugun materiarekin hainbat molekula sortzeko. Nondik dator Lurrean dugun materia guztia? Nola sortu da airean dantzan dabilen karbonoa? Jakina da erantzuna: izarren hautsetatik.
Hidrogenoa da Big Bang-etik datorren elementu kimiko bakarra. Gainontzeko elementu guztiak izarretan sortu dira. Lau hidrogeno atomo batuta, helio atomo bat sortzen da. Izarraren barnealdeko presioa eta tenperatura nahikoak badira, helio atomoak ere binaka fusionatuko dira berilioa sortzeko, eta honi beste helio atomo bat gehituta, karbonoa sortuko da. Karbonoa beste behin helioarekin batuta oxigenoa eratuko da, eta horrela hurrenez hurren.
Eguzkiak halako masa edo txikiagoa duten izarretan, hidrogenotik heliorako erreakzioan amaitzen da katea. Soilik gutxienez Eguzkia baino zortzi aldiz masa handiagoa duten izarretan jarraitzen du erreakzio kateak, eta 26 elementu kimiko sortuko dira burdinara arte. Burdinazko nukleoa duten izarrek ezin diote beren masari eutsi, eta kolapsatu egiten dira supernoba batean. Prozesu horretan ere elementu kimiko astunagoak sortuko dira, eta eztandak izarrarteko ingurunea elementuz aberastuko du.
13.800 milioi urteren ondoren, gaur egun unibertsoaren masaren %75 hidrogenoa da, %23 helioa eta gainerako elementu guztiek %2 baino ez dute osatzen. Azken taldeko elementuak xurgatzen ditu zuhaitzak, eta bertatik hasten da dena. Paradoxikoa izan daiteke gure gorputzen oinarrian dagoen CO2-a izatea gaur egungo gas maltzurra. Baina zentzua berreskuratzen du ohartzerakoan gas hori ere antzinako izakien arrastoetatik datorrela bueltan airera. Noizbehinka, ongi dago egunerokotasunaren edertasunaz jabetzea.