Irati Diez
Biologoa

Eguzki panelak eta itsas barea

2026ko martxoaren 6a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Animaliek ez dute fotosintesirik egiten, baina itsas bare batek, algak jan ostean, kloroplastoak bizkarrean jarri eta bere buruarentzat energia sortzen du, eguzki panelak jantzita eramango balitu bezala.

Izaki bizidunei buruz ikasten hasten garenean, ulertu behar da animaliek eta landareek bi erreinu ezberdin osatzen dituztela. Nola bereizten dira biak? Landareek eguzki energiarekin elikagaia sortu dezakete beren gorputzen barnean, eta animaliek, berriz, ez. Hala ere, izaki batzuk egoera kuriosoagoetara iritsi dira eboluzioaren poderioz.

Istorio honetako protagonista Elysia crispata da, itsasoan bizi den molusku gastropodoa; letxuga barea edo letxuga itsas barea izenak ere hartzen ditu. Atlantikoaren mendebaldeko zona tropikaletan eta Karibeko eremuan bizi da, kostaldean eta arrezifeetan. Luzeran 3-5 cm izan ohi da, eta berdea da gehienetan. Bizkarraldean ertz kizkurreko mintz batzuk dituenez, letxuga baten itxura hartzen du, eta fotosintesia egiteko gaitasuna ere badu. 

Elysia crispata algez elikatzen da, eta gaztetan, algak osotasunean digeritzen ditu energia lortzeko. Heldutasunera iristean, ordea, gaitasun bitxi bat garatzen du. Algez elikatzen jarraitzen du, baina behin irentsi dituenean, haren hesteak kloroplastoak (fotosintesia egiten duten organulu edo egiturak) algen gainontzeko ehunetatik bereizten ditu. Gainontzeko ehunek digestioaren ohiko bidean jarraitzen dute, baina kloroplastoak bidetik ateratzen dira, eta zirkulazio-sistemaren bidez barearen bizkar aldera garraiatzen dira. 

Zaku moduko batzuen barnean babesten dira kloroplastoak, eta bertan urtebetez ongi funtzionatzen jarraitzeko baldintzak izango dituzte. Gainera, bizkarra denez eguzki gehien jasotzen duen gorputz atala, kloroplastoek eguzki energiatik elikagaia sortzen jarrai dezakete. 

Elysia crispata-k algak jan bitartean, kloroplasto berriek zaharrak ordezkatuko dituzte. Elikagairik topatuko ez balu, jan gabe biziraun ahalko luke kloroplastoek sortutakoa kontsumituta. Gosetea asko luzatuko balitz, gordetako kloroplastoak digeritu ditzake.

Agian norbaitek antzekotasuna ikusiko lioke gaitasun honi koralek edo anemonek egiten dutenarekin, baina prozesu oso ezberdina da. Aipatutako bi animaliek algak beren gorputzean sartzen dituzte, osotasunean eta bizirik, eta sinbiosi baten bidez bi organismoek lortzen dituzte onurak. Elysia crispata-k, ordea, algak digeritu eta haien egitura bat lapurtzen du, ondoren bere zeluletan sartu eta nahi bezala erabiltzeko.

Adituek diotenez, kloroplastoak gorputzean txertatzearen arrazoia eguzki-panel modura erabiltzetik haratago joan liteke, gainera. Kamuflaje estrategia modura funtzionatu dezake agian, edo zapore txarra eman diezaioke itsas bareari; agian gauza horiek guztiak izango dira. Baina gauza bat ziurra da: ez gara eguzki energiari probetxua atera nahi diogun animalia bakarrak, ezta lehenak ere. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA