Eklipse osoaren urtea. 2026ko abuztuaren 12an, 20:30ak inguruan, Ilargiak guztiz estaliko du Eguzkia, eta eguna gau bilakatuko da Euskal Herriko leku askotan. Fenomeno zirraragarri hori zori hutsez gertatzen da: Eguzkia Ilargia baino 400 aldiz handiagoa da, baina Ilargia Eguzkia baino 400 aldiz gertuago dago Lurretik. Hala, Lurretik begiratuta, biek neurri berekoak dirudite. Eguzkia, Lurra eta Ilargia zeruan egiten dituzten mugimenduengatik lerrokatuta geratzen direnean, eta Ilargia Lurraren eta Eguzkiaren tartean egokitzen denean, Ilargiak Eguzkia estaltzen du, eta haren argia Lurrera iristea eragozten du.
Azalpena ezagutu ezean, gertakari beldurgarria da, eta ez da harritzekoa mundu osoko mitoetan agertzea. Antzinako kultura askotan, astronomoak gai ziren noiz gertatuko ziren aurreikusteko; nolanahi ere, horrek ez du esan nahi ez zituztenik eklipseak gizakiaz gaindiko kontuekin lotzen. Europan bertan, 1133an, kasualitate batek eklipseei buruzko sineskeriak indartu zituen. Urte horretako abuztuaren 2an, eguzki-eklipse bat gertatu zen. Eklipse hark ilunpean utzi zuen Ingalaterra lau minutu pasatxoz, eta, handik gutxira, Henrike I.a Ingalaterrako erregea hil egin zen, herrialdea krisi sakonean sartu zen, eta gerra piztu zen.
Hala ere, bakea ere ekarri dute eklipseek: K.a. VI. mendean, mediarrek eta lidiarrek sei urte zeramatzaten borrokan, eta bi aldeek bakea sinatzeko seinaletzat hartu zuten garai hartan gertatu zen eguzki-eklipsea.
Gaur egun adur oneko gertakariak dira; bereziki ikertzaileentzat, baliagarriak baitira zenbait fenomeno fisiko eta astronomiko behatzeko eta hobeto ulertzeko. Nabarmentzekoa da 1919ko maiatzaren 29an Hego Atlantikoan gertatu zen eguzki-eklipsea. Hari esker, Arthur Eddingtonek Albert Einsteinen erlatibitatearen teoria berretsi zuen: Eguzkiaren linbotik gertu dauden izarren posizioa neurtu zuen eklipsea gertatu bitartean eta ondoren, eta baieztatu zuen Eguzkiaren masak bere inguruko espazio-denbora distortsionatzen zuela, izarren argiaren ibilbidea kurbatuta ageri baitzen.
Eguzkia bera aztertzeko aukera ere ematen dute eklipseek; esaterako, koroa edo Eguzkiaren atmosfera. Izan ere, Eguzkiaren distirak ezkutatu egiten du; hortaz, eklipseak aukera ematen du koroako egiturak eta fenomenoak behatzeko, tartean, igortzen dituen zorrotadak.
Hori bai, Eguzkia eta eklipsea behatzeko, ezinbestekoa da begiak ondo babestuta izatea, bestela kalte sendaezinak sortzeko arriskua baitago. Berariazko babesik izan ezean, zeharka behatu daiteke, orri batean egindako zulotxo batetik igarotzen den argia ikusiz horma batean edo zoruan.
Ikusmena galduta dutenek ere badute eklipsea jarraitzeko aukera, sonifikazioari esker. Adibidez, Espainiako ICE-CSIC zentroak eklipse inklusiboa ekimena sortu du. Arduino teknologian oinarritutako LightSound tresnaren bidez, argia soinu bihurtzen da. Eklipsea gertatu bitartean argia apaldu ahala, soinuaren intentsitatea eta tonua jaitsi egiten dira. Horrela, eklipsearen bilakaera jarrai daiteke, ikusi gabe ere.