Datorren asteko estreinaldiak

Errealitatean ezin dena

Mamoru Hosoda zinemagile japoniarrak bizi gogoa eta erosotasuna mundu birtualean topatu dituen neskato baten istorioa kontatu du 'Ryu to Sokabasu no Hime' animazio filmean

Suzu da protagonista Mamoru Hosodaren animazio lan berrian; Belle izeneko pertsonaiaren rola hartuko du U izeneko esparru birtualean. BERRIA.
gorka erostarbe leunda
2022ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Tradizio luzea eta oparoa du Japoniako animaziozko zinemak. Tradizio horren emaritik edaten du Mamoru Hosodak ere (Kamiichi, 1967). Zail da Hosodaren inguruko informazio edo artikulurik topatzea Hayao Miyazakiren aipamenik edo erreferentziarik gabe. Haren oinordekotzat ere jotzen du zenbaitek, baina gehienek aitortzen dute bere lengoaia propioa garatu duen zinemagilea dela; Miyazaki eta beste animaziogile laudatuen segida bai, baina nortasun propioduna. Hosodak berak aipatzen ditu Isao Takahata japoniarra, surrealista italiarrak, Victor Erice zinemagile donostiarra eta Anders Zorn pintore inpresionista suediarra ere.

Japoniako animazioaren emari horren azken-aurreko alea da Ry? to Sobakasu no Hime (Belle ingelesezko bertsioan). Lehenago Toki o Kakeru Shôjo (The Girl Who Leapt Through Time, 2006), Ookami Kodomo no Ame to Yuki(Otso umeak, 2012), Bakemono no Ko (The Boy and the Beast, 2015) eta Mirai (Mirai of the Future, 2018) laudatuak eginak zituen Hosodak, besteak beste.

Birtualtasunean, gazi-gozo

Suzu da filmeko protagonista, norabide jakinik gabe bizitzan alderrai samar dabilen 17 urteko neskatoa. Institutuan dabil ikasle modura, baina amaren heriotza goiztiarrak sufrimenduan barne bildua dauka aspaldian; aitarekin bizi da Kochi prefeturaren periferian. Traumek eta lotsaizunek konplexuekin itotzen dute, eta ez du lortzen bere adineko neska-mutilekin harreman iraunkor eta aberasgarririk. Alabaina U izeneko espazio birtuala deskubrituko du, eta han dena irudituko zaio eder, eramangarri. Errealitate birtual simulatu horretan oro da koloreko, oro da musika, oro dira kreatura fantastiko adeitsuak. Mundu horretan, Belle izeneko pertsonaiaren rola hartuko du Suzuk, eta kantari nahiz influencer sonako bihurtuko da.

Ez da zaila ikustea bullying-ak izan ohi dituen ondorio kaltegarrien alegoria; ezta sare sozialekiko dependentziak sortzen dituenak ere, gorrotorako eta irainerako zabaltzen diren bideak, fake news-en ugaltzeak dakartzanak, hainbeste eta hainbeste nerabek, eta ez horren nerabek, pairatzen dituzten presio, ezin eta angustia emozionalenak. Birtualtasunak babesleku modura ematen dituen arriskuen berri ematen du Hosodaren filmak. Baina, era berean, paradoxikoki azaltzen du mundu birtual horretan ere badela samurtasunerako, gertutasunerako aukerarik, apur bat arakatuz gero, eta tentuz bilatuz gero.

Toki o Kakeru Shôjo (The Girl Who Leapt Through Time) filmarekin animazioan ahots indartsu bat munduratu zuenetik erakutsi zuen Hosodak bereziki interesatzen zitzaiola errealitatean topatzen ez duten bizigarritasun eta goxotasuna mundu birtualean bilatzen saiatzen diren gazteen unibertsoa. Fantasiara edo errealitate birtualera jotzen dutenen barne eta kanpo mundua interesatzen zaizkio Hosodari, eta horrela azaltzen du nola Bakemono no Ko-n (The Boy and the Beast) hala Ry? to Sobakasu no Hime honetan.

Azken urteetako animazio filmik interesgarrienetakotzat jo dute adituek, Ederra eta piztia fabularen moldaketa sui generis indartsu eta birtual bat.

'RYÜ TO SOBAKASU NO HIME'
Zuzendaria: Mamoru Hosoda.
Gidoia: Mamoru Hosoda.
Herrialdea. Japonia. Urtea. 2021.
Iraupena. 122 min. Generoa. Animaziozkoa.Estreinaldia. Martxoaren 25ean estreinatuko da Hegoaldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.