Garunaren ondoren, begiak dira giza gorputzeko organorik konplexuenak. Etengabe dabiltza lanean, baita lotan gaudenean ere. Erretinan dauden kono eta bastoi izeneko zelula espezializatuei esker, argi ikusgaia antzematen dugu, 10 milioi kolore bereizteraino! Baina ikusten duguna bakarrik existitzen dela uste baduzu, oso oker zabiltza.
Argi ikusgaia espektro elektromagnetikoaren tarte bat da, 380-700 nm arteko uhin luzerak hartzen dituena. Haren alboetan argi ultramorea (10-380 nm) eta argi infragorria (700-1000 nm) daude; ikusezinak giza begientzat, baina hautemangarriak animalia askorentzat.
Bizidun orok gorputzaren beroa argi infragorri moduan igortzen du. Animalia asko, bereziki gauez, gai dira argi mota hori antzemateko, pelikuletan ikusi ohi ditugun kamera termikoen antzera. Horri esker, suge-, saguzar- eta igel-espezie batzuek iluntasunean harrapakinak ehizatu eta harrapariak detekta ditzakete. Eta bitxi-kakalardoek, adibidez, 20 kilometrora dagoen sute batek igorritako erradiazio infragorria antzeman dezakete. Sutearen ingurunera hurbiltzen dira erretako zuhaitzetan arrautzak jartzera; harrapari gutxiko ingurunea izanik, kumeek bizirik irauteko probabilitatea handiagoa baita. Hain da sofistikatua kakalardo horien detekzio-sistema, ezen ingeniariak haietan inspiratu baitira suteak atzemateko sistema sentikorragoak diseinatzeko.
Badira argi ultramorea (UV) ere hautemateko gai diren animaliak. Euren begietako korneak, gureak ez bezala, ez du UV argia erretinara iristea eragozten. Gainera, erretinan gizakiok ez ditugun zelula foto-hartzaile espezializatuak dituzte. Ondorioz, guretzat ikusezinak diren makina bat xehetasun ikus ditzakete. Horren adibide dira, esaterako, animalia polinizatzaileak: lore askoren petaloetan agertzen diren marra-, zirkulu- edo orban-itxurako patroi ultramoreak hautematen dituzte, eta marka horiek nektarra edo polena dagoen gunera gidatzen dituzte.
Horrez gain, argi ultramoreak animalia askoren ugalketan funtsezko funtzioa betetzen du. Adibidez, arabazozo pikorta eta kolibria haien lumaje ultramoreaz baliatzen dira bikotekidea erakartzeko. Tximeleta- eta musker-espezie batzuek, halaber, haien hegal edo azaleko UV orbanen bidez osasun egoeraren berri ematen dute.
Hori gutxi balitz bezala, UV argia ikusteko gai diren animaliak basoetan gertatzen den ikuskizun baten ikusle pribilegiatuak dira. Berriki, AEBetako zientzialari talde batek frogatu du ekaitz elektrikoak izaten direnean zuhaitzen adar buruetatik UV distira delikatuak proiektatzen direla zerurantz. Hortaz, zerua argitzen duten tximistez gain, «mamu-koro» deitutako izpiak ere badira, diskoteka bateko argiak balira bezala. Irudiak liluragarriak dira. Hara ekaitza denean zelako festa bizi duten basoko izakiek! Eta gu ezertaz ohartu gabe...