ana galarraga aiestaran
Elhuyar zientzia

Eta hitza gizon egin zen

2025eko azaroaren 7a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bibliaren arabera, «hitza gizon egin zen» (Joan 1:14, Elizen Arteko Biblia). Ez zen emakume egin, nola ba! Ezta haur ere. Gizon egin zen; ez animalia, ez beste erreinu bateko izaki. Eta gaur egunera arte iritsi da pentsaera hori; alegia, hitza gizakien bereizgarria da. Azken urteotan, ordea, ikuspegi antropozentrikoa apaldu eta begirada zabaldu ahala, zientzialariak frogatzen ari dira animalia-espezie batzuk gai direla bokalizazio eta doinu konplexuak egiteko, eta kontzeptu zailak komunikatzeko.

Ildo horretan egin ziren lehen ikerketa esanguratsuenak zientzialari emakumezkoen eskutik etorri ziren. Hain zuzen, XX. mendearen bigarren erdian Jane Goodall (duela gutxi zendutakoa), Dian Fossey eta Birutė Galdikas ezagunak egin ziren primateei buruz egin zituzten lanengatik. Erakutsi zuten gizakiaren bereizgarritzat jotzen ziren hainbat portaerak eta ezaugarrik erro sakonak dituztela eboluzioan; tartean, komunikatzeko ahalmenak.

Ondorio horretara iristeko, behaketan oinarritu ziren. Gaur egun, bestelako tresnak ere erabiltzen dira animalien komunikazio-sistemak aztertzeko, eta, azkenaldian, adimen artifiziala da izarra. Hari esker, giza belarriek harrapatzen ez dituzten soinuak jaso ditzakete ikertzaileek. Primateak ez ezik, zetazeoak eta beste animalia batzuk ari dira aztertzen, ikusteko zenbaterainoko antza duten haien komunikazio-sistemek gurearekin. Hau da, ikerketa horietan, berriz ere gizakia da erreferentzia.

Aurkikuntza liluragarrienak gure zilborrari begiratzeari utzi eta bista luzatzean agertzen dira. Goodall, Fosey eta Galdikas primateak aztertzen hasi ziren garai bertsuan, Hildegard Strübing zoologoak intsektuetan jarri zuen arreta. Ezagunak zaizkigu erleen dantza eta kilkerren kir-kirra; Strübingek, berriz, begiz eta belarriz hautematen ez den komunikazio-mota batean jarri zuen arreta: bibrazio bidezko komunikazioa. Haren bidez, intsektu batek material solido baten zehar transmititzen dio informazioa hartzaileari. Strübing aitzindaria izan zen ikerketa-arlo horretan, eta bibrazio horiek jasotzeko sistema bat ere garatu zuen, urte luzez ikertzaileek erabili izan dutena.

Gerora, landareek ere komunikatzeko sistemak badituztela frogatu da. Sistemarik ezagunena seinale kimikoen bidezkoa da; baina, duela bi urte, komunikazio akustikoa ere badutela frogatu zuten. Zehazki, tomate- eta tabako-landare estresatuek soinu-uhinak igortzen dituztela ikusi dute.

Noski, ikerketagai horretara ere iritsi da adimen artifizialaren olatua. Hala, haren laguntzarekin, ikertzaileek jakin nahi dute landareek nola erabiltzen duten soinua, ez bakarrik euren artean komunikatzeko, baita beste espezie batzuekin elkarrekintza izateko ere, adibidez intsektuekin.

Dena dela, adimen artifizialarekin edo gabe, erantzunak lortzeko, ikertzaileei beti izango zaie ezinbestekoa galderak egiten asmatzea, eta, batez ere, entzuteko prest egotea. Beste bizidunei ere hitza aitortzea, alegia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.