Komunikatzeko gaitasuna, pentsamendu abstraktua, artea (musika, pintura, dantza…), kontzientzia, heriotzak eragindako dolua, etorkizuna aurreikusteko ahalmena, tresnak sortzeko trebezia, sua piztea… Horiek guztiak, eta gehiago, hartu izan dira giza espeziearen berariazko berezitasuntzat. Ikerketek, ordea, zalantzan jarri dute, behin eta berriro, hain bereziak ote garen.
Christine Webb primatologoa da, eta The Arrogant Ape (Tximino harroputza) liburuaren egilea. Aurretik beste emakume primatologo batzuek egin duten bezala, Webbek ere agerian jarri du zenbateraino itsutzen gaituen antropozentrismoak. Haren esanetan, gizakiok obsesioa dugu beste espezieen gainetik jartzen gaituena topatzeko, eta horrek beste espezieen ahalmenei ez ikusia egitera eraman gaitu. Jarrera horrek ondorio larriak ditu: Webben ustez, antropozentrismoa dago bizi dugun krisi ekologiko eta klimatikoaren atzean.
Ideia horiek azaltzeko, adibide argigarriak ematen ditu liburuan; besteak beste, erakutsi du adimena neurtzeko probak ez direla objektiboak, eta giza adimena gailentzeko diseinatuta daudela. Adibidez, oso ezaguna da ispiluaren proba: 1970ean diseinatu zuen psikologo batek, eta animaliak beren burua ezagutzeko gai diren jakiteko erabili izan da.
18-24 hilabetetik gorako gizakiok ez ezik, beste primate batzuek —zetazeoek, zenbait hegaztik, eta arrain batek (Labroides dimidiatus)— gainditu dute proba; ez, ordea, txakurrek. Webben arabera, horrek badu azalpena: txakurrek usaimenaren bidez ezagutzen dute mundua, eta baita beren burua ere. Hala, txakur batek erraz bereizten du bere txiza. Hortaz, txakurrek ere gainditzen dute proba beren ezaugarrietara egokituz gero.
Webbek iaz atera zuen liburua; hortaz, ez dira agertzen ildo horretatik gerora egin diren ikerketak. Haien artean dago tximino haragijalearena: zientzialariek uste zuten txinpantzeak eta gure espeziea garela haragia jaten dugun primate bakarrak. Brasilgo ipar-ekialdean egin duten ikerketa batean, baina, ikusi dute tximino kaputxino bizardunek (Sapajus libidinosus) harrapakin txikiak ehizatu eta jaten dituztela ez frutarik ez begetalik ez badute.
Tximino horiek, batez ere, muskerrak eta saguak jaten dituzte, eta kontu handiz txikitu, aurrena gantz eta nutrigai dentsitate handia duten zatiak jateko; garuna eta barruko organoak. Ikertzaileek gogora ekarri dute, halaber, ehizaki txikiak dietaren zati garrantzitsua direla Botswanako !Kung eta Tanzaniako Hadza komunitate ehiztari-biltzaileetan. Alegia: horretan ere, ez gara bakarrak, ezta lehenak ere.
Azken adibide bat, gure zilborrari begiratzeari utzita: frogatu dute tximeletek beldarrak zireneko oroitzapenak gordetzeko gaitasuna dutela. Horretarako, beldarrei izpilikuaren lurrina jartzen zieten, eta, aldi berean, deskarga elektriko txiki bat eman. Horrela, beldarrek usaina deskargarekin erlazionatzen ikasi zuten, eta, metamorfosia jasan eta tximeleta bilakatu ondoren ere, izpilikua saihestu egiten zuten. Ez gara bakarrak, ez lehenak, ez harrigarrienak.