Mugitzea beti izan da beharra. Industrializazioaren etorrerarekin, pertsona gehiago produkzio eta bizi espazioekin lotzeko premia hazi zen. XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran, tranbiak Euskal Herriko herriak, hiriak eta lantokiak lotzen hasi ziren; lehenik animaliek edo lurrunak eragindako trakzioarekin, eta, pixkanaka, elektrizitatearekin. Bizkaian, Bilbotik Santurtzirako tranbia izan zen elektrifikatzen lehena, 1896an; Iparraldean, tranbiek Baiona eta Biarritz (Lapurdi) kostaldearekin eta inguruarekin lotu zituzten. Arratian, Garaiko eta Magunako (Bizkaia) jauzi hidroelektrikoek posible egin zuten tranbiak elektrizitatez mugitzea.
Sare hark pisua galdu zuen errepideen eta autobien hedapenaren ondorioz. 60ko hamarkadatik aurrera, autoen presentzia eguneroko bizitzan normalizatu egin zen, ibilgailu pribatua gure bizitzako pieza nagusi bihurtzeraino. Baina itxurazko askatasun horrek menpeko bihurtu gintuen: gure ingurua haien presentziara egokitu genuen, eta aukera bat egiturazko behar bihurtu genuen.
Menpekotasun hori, nahiz eta indibidualki bizi, gaur egun arrakala sozialak sortzen dituen antolakuntza kolektibo baten emaitza da. Auto bat eduki ezin duenak zailtasun handiagoak ditu lan egiteko, ikasteko edo oinarrizko zerbitzuak eskuratzeko. Kolektibo ahulenak atzean utzi, eta jada baimentzen jarraitu ezin dugun ingurumen inpaktua eragiten ari da autoa. Horri buruz hausnartzera gonbidatzen gaitu egunotan egiten ari den Europako Mugikortasunaren Asteak.
«Kolektibo ahulenak atzean utzi, eta jada baimentzen jarraitu ezin dugun ingurumen inpaktua eragiten ari da autoa»
Memoriak etorkizuna imajinatzen lagun diezaguke, atzera egitearekin nahasten ez badugu, betiere. Haranak elkarren artean eta hiriekin lotzen hasi ziren tranbia haiek ez zieten gure garaiko beharrei erantzuten, eta ez ziren ingurumenarekiko kezkaren ondorio sortu. Aldatzen ari zen gizarte eta ekonomia baten beharretarako konponbide berriak izan ziren.
Gaur egun beste behar batzuk ditugu aurrean. Mugitzeko dugun moduak askatasuna eman digu, baina baita mendekotasuna, eta jada alde batera utzi ezin ditugun kostuak ere. Galderak ez luke soilik izan behar nola lor dezakegun jendeak autoa atzean uztea. Geure buruari galdetu beharko genioke zer Euskal Herri eraiki daitekeen autoaren menpe egon ez dadin. Pertsona guztientzako mugikortasuna ez da lortuko aldaketa indibidualak eskatuta soilik, baizik eta aldaketa horiek posible egingo dituzten alternatibak kolektiboki eraikita.