Zoo talde valentziarraren Faena abestiak 65 aldiz eman dio hasiera No te metas en políticaNTMEP Youtubeko saio eta podcastari. Facu Diaz eta Miguel Maldonado umoregileek izen bereko late night-a aurkeztu zuten, 2019ko ekainera arte. Antzokietan ere bazuten izen bereko emanaldia eta egiten ari ziren bira arrakastatsua: bertan behera utzi zuten pandemiaren ondorioz. 2020ko itxialdian sortu zen NTMEP-en beste bertsio bat, Youtubeko saio eta podcast formatuan. Hasiera batean bakoitza bere etxean zegoela egiten zuten zuzenekoa, larunbat eta igande eguerdian. Ondoren, estudioa atondu zuten Facu Diazen etxean eta fisikoki leku berean ikusten hasi ginen bi aurkezleak.
Aktualitate politikoa umore zorrotzez landu ohi dute, aho bizarrik gabe eta publikoarengana iristea lortzen dute Diazek eta Maldonadok. Ez dago esan beharrik bikote artistiko heldua direla. Prestatutakotik baino gehiago izaten du inprobisaziotik, eurek ere aitortu izan dutelako mahai gainean post-it bat bakarrik izaten dutela gutxi gorabeherako gai ordena batekin. Podcast gisa entzun litekeen saioa da, baina irudipena dut horrelako programetan nahi gabe ere irudia dela lehenesten edo gailentzen dena. Beraz, entzun bakarrik egiten duenak edukiaren zati bat ere galtzen du. 65 saioren ondoren bukatu da NTMEP-ren formatu horren aroa, euren hitzetan dekadentzia gailendu aurretik, eta irailean berriz ere antzokietara itzuliko direla aurreratu dute.
Antzokietan eta podcastetan iaioak dira Polaina-ko lagunak ere. Mikel Irazustak, Maialen Sorzabalberek eta Amaia Rojok osatu dute Polaina podkast-a, bai K-z idatzita, EITB Podkast aurkeztu baino lehen. Beraz aitzindariak direla ezin da ukatu. Hainbat astetan atal labur eta dibertigarriak eginez aritu dira, eta aurreratu zuten eurengandik askorik ez espero izateko.
Argibide hori kontuan hartuta hasi nintzen Polaina-ren saio guztiak entzuten. Mikrofonoen bolumen desberdinek sustoren bat eman didaten arren, sortutako atmosferan nabaritzen da elkar ongi ezagutzen dutela hiru protagonistek eta ez dutela gauzak aurpegira esateko lotsarik. Umore absurdoa, hitz jokoak, anekdotak topatu ditut, ia-ia nire burua topatu dudala esan nezake.
Polaina-ren atal guztiak entzunda esaldi hau nabarmenduko nuke: «Gu heldutasuna performatzen dugun gaztetxo batzuk gara». Kamisetak egiteko edo curriculumean jartzeko esaldi ona iruditu zait.
PLAY ETA ENTZUN
Heldutasuna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu