KRITIKA. Telesaila

Kristalezko sabaia gogorra da Bilbon

Ana Wagener eta Itziar Ituño aktoreak, telesailean. DAVID HERRANZ / NETFLIX.
urtzi urkizu
2022ko ekainaren 7a
00:00
Entzun

'Intimidad'

Sortzaileak: Laura Sarmiento eta Veronica Fernandez. Aktoreak: Itziar Ituño, Patricia Lopez Arnaiz, Veronica Echegui, Yune Nogueiras, Emma Suarez, Ana Wagener. Atalak: 8 (bakoitza 45 minutu ingurukoa). Non ikusi: Netflix plataforman, ekainaren 10etik aurrera.

Garik kantatzen du Zaharra zara Bilbo. Aitor Etxebarriak Intimidad telesailerako egindako musikak iradokitzen du berria ere badela Bilbo. Gaur egungo Bilboko kaleak, eraikinak eta udaletxea ageri dira Txintxua Filmsek Netflixentzat egindako lehen telesailean. Ez da ezkutatzen Bilbon daudenik.

Ekoizpenaren kalitatea agerikoa da, Euskal Herrian egi(te)n diren beste telesail batzuen aldean batez ere —aurrekontuan nabari da—. Bigarren mailako pertsonaiei gorputza jartzen ageri dira euskal eszenako aktore euskaldun ugari. Protagonisten artean, ez du hutsik egiten Itziar Ituñok, politikari baten rolean (Malen Zubiri). Baina batez ere nabarmentzekoa da Patricia Lopez Arnaizek egiten duen lana —interpretatzen duen andrea justizia bila dabil, ahizpa suizidatu egin delako, eta suizidioaren arrazoiaren atzean fabrika bateko langileen artean zabaldutako sexu harremanen bideo bat dago—. Zubiri politikariaren bideo intimo bat, berriz, prentsara zabaldu da, biral egin, eta kalteak ugariak dira protagonistarentzat.

Intimitatearen urraketa da abiapuntua beste gai mamitsu batzuei heltzeko. Emakume begiz heltzen zaie gai horiei, begirada morez. Ahizpatasuna aldarrikatuz baita ere.

Ikusi gehiago:Ahizpatasun istorio bat Bilbon

Ikusi gehiago:Laura Sarmiento, gidoilaria eta idazlea: «Ez genuen nahi euskara pintzel pasaldi soilak izatea»

Eta funtzionatu egiten du garapen narratiboan suizidatu egin den emakumearen off-eko ahotsak, trantze zailetan dauden beste andreei hitz egiten dienean. Gidoietan txukun samar marraztuta dauden pertsonaiek ematen diote bide horri.

Gaztelaniaz mintzo dira pertsonaia gehienak, kasu gehienetan. Baina badira salbuespenak, eta natural ageri dira euskarazko elkarrizketa gutxi batzuk. Malen Zubiri protagonistaren agur eta esaldi solteak ere ondo sartuak daude; ez legoke gaizki telesailak bigarren denboraldia izatea, eta euskara gehiago sartzea.

Lehen denboraldiko trametan, dena den, ahulegia da udalaren oposizioak duen parte hartzea, ia ezerezean gelditzeraino. Bigarren mailako trama batzuk ere biribildu gabe gelditzen direla senti dezake ikus-entzuleak.

Hala ere, badira indargune batzuk tramen jokoetan: esaterako, agintean 40 urte daramatzan alderdi politikoaren eta patronalaren arteko harreman estua. Ustelkeriaren itzala eta matxismoaren zitalkeria azaleratzen dira, emakumeek postu gorenetara iristeko dituzten zailtasunen inguruan hausnartzearekin batera.

Lortzen du Intimidad-ek, gainera, ikuslea kateatzea, hurrengo atala ikusteko irrikan uztea. Hori gaur egun funtsezkoa da plataforma bateko ekoizpen batek arrakasta bereganatzeko, eta horretan ez du aitzakiarik. Ez da Danimarkako Borgen-en mailara iristen, agian, baina Malen Zubiri Bilboko Birgitte Nyborg bezalakoa da, neurri batean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.