Hil honetan, obesitateri buruzko kongresu europarra egin da Istanbulen. Haren ondotik, artikulu bat argitaratu dute Nature aldizkarian, eta, haren arabera, obesitatea pandemiatzat hartzeari utzi behar zaio. Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) deitu zion horrela, ohartarazteko munduan igotzen ari zela gehiegizko pisua zuten pertsonen proportzioa, eta, horrekin, obesitatearekin erlazionatutako gaitzak eta heriotzak.
Bai OMEren arabera, baita kongresu horretan ere, gorputz-masaren indizea (GMI) da erreferentzia obesitatea definitzeko. Pertsona baten masa kilogramotan bere altuera ber bi metrotan zatituz lortzen den zenbakia 30 baino handiagoa bada, esan nahi du obesoa dela. Jakina, sinplifikazio bat da, baina hori da mundu mailan obesitatearen bilakaera aztertzeko erabiltzen den neurria.
GMI indizeak kritika asko jaso ditu arbitrarioa, matxista, sexista, arrazista eta normatiboa delako. Osasun profesionalek ere beste parametro batzuk hartzen dituzte kontuan, bai baitakite GMIak ez duela balio pertsona baten osasun egoera aurresateko.
Osasun publikoan neurri hori asko erabiltzen da oraindik. Kongresuan horri erreparatu diote, eta ikusi dute 1980-2024 tartean mundua bitan zatitu dela: herrialde ekonomikoki aberatsetan GMI altuko populazioa egonkortu egin da, eta beste leku batzuetan jaitsi; herrialde pobretuetan, berriz, gorantz jarraitzen du.
Nature-ko artikuluan ondorioztatu dute obesitatea pandemiatzat hartzea ez dela egokia, eta kalte ere egiten duela, herrialdeen arteko arrakala ezkutatzen duelako.
Aspaldi ohartu ziren osasun publikoko arduradunak baldintzatzaile sozioekonomikoek eragina dutela obesitatearen prebalentzian. Hala, ingurune obesogeniko deitu zioten hura sustatzen duten faktoreei: janari osasungarrien prezioak eta lanbideen ordutegiak edo hirien diseinua, adibidez.
Beste faktore bat sortu da: argaltzeko botikak. Ozempic, Wegovy, Rybelsus… Hasieran diabetesa tratatzeko garatu zituzten; baina, pazienteek pisua galtzen zutela ikusita, horretarako diseinatu dituzte, eta obesitatea tratatzeko paradigma aldatu. Ez da beharrezkoa ariketa fisikoa eta dieta egitea, nahikoa da dirua izatea.Â
Hemen, Gizarte Segurantzak kasu batzuetan ordaintzen laguntzen du, baina hor ez dira sartzen estetika hutsez argaldu nahi dutenak. Eta asko dira, eta ordaintzeko prest daude. Hala, merkatu beltza sortu da, baita iruzurrezko botikak ere. Haien arriskuez ohartarazteko kanpaina egin zuen iazko Sendagaien Europako Agentziak.Â
Botika horiek denen eskura jartzea da soluzioa: halaxe proposatu dute Nature aldizkarian argitaratu duten ikerketan, herrialdeen arteko arrakala ixten lagunduko zukeelakoan.
Horrek arazoa indibidualizatzea dakar, eta ingurune osasungarriagoa sustatu beharrean konpainia farmazeutikoei ematea dirua. Itxura fisikoaren gaineko presioa asko handitu da berriz; bereziki, emakumeengan. «Gorputz guztiak dira ederrak» lelotik «argaltzea zure esku dago» lelora igaro gara, sare sozialen laguntza toxikoarekin. Gogoetarako gai mamitsua, uda atarian.