Betidanik uste izan dugu zelulak barrura begira bizi direla: informazio genetikoa nukleoan gordeta eta kanpoko mundutik isolatuta. Ezinbestean, belaunaldiz belaunaldi transmititzen den DNAk iraunkorra izan behar duelako. RNA, aldiz, guztiz bestelakoa da nonbait: ahula, iragankorra, mezua igorri eta desagertzeko sortua. Hala ere, azkenaldiko ikerketek oso bestelako errealitatea erakusten dute. Egun badakigu zelulek ez dutela RNA soilik barnean erabiltzen: kanpora ere igortzen dute, exosoma izeneko besikula txikien barruan. Hasieran hondakinak kanporatzeko mekanismo soiltzat hartu zena, mezu biologikoak ingurumenera bidaltzeko ere balio duela ikusi da.Â
Gainera, fenomenoa ez da salbuespena. Bakterioek, landareek, onddoek, animaliek eta gizakiek ere RNAz betetako besikulak askatzen ditugu ingumenera, prozesua bizitza bera bezain zaharra dela iradokiz. Horrez gain, beste bizidunak mezu horiek jaso, ulertu eta erantzuteko gai dira. Batzuetan espezie berekoak dira igorlea zein hartzailea, bi pertsonaren arteko musuak kasu. Baina beste askotan, komunikazioa ezartzen da zuhaitz ebolutiboan elkarrengandik oso urrun dauden izakien artean.
RNA bizidunen arteko hizkuntza komuna dela dirudi. Eta aurkitu diren adibideak gero eta gehiago dira. Esaterako, landareek onddo patogenoen aurkako RNA-mezuak bidaltzen dituzte, eta onddoek, beren aldetik, landareen defentsak ahultzeko RNAk isurtzen dituzte ingurumenera. Bide bera erabiltzen dute ugaztunen hainbat parasitok, ostalariaren sistema immunologikoa isilarazteko RNAk igortzen dituztenean. Mikroorganismoen komunitateetan ere ohikoa da espezieen arteko RNA-trukea, indibiduoen arteko koordinazioa bermatzeko. Biokimikaren ikuspegitik, RNA da mezularitza funtzio hori betetzeko molekularik egokiena: DNA ez bezala, unean uneko egoerari erantzuteko tresna da RNA. Mezu laburrak, azkarrak eta iragankorrak bidaltzeko egokia. Zelula unean bertan jasaten ari den estres kimikoa, infekzioa edota tenperatura-aldaketak komunikatzeko molekula aproposa da RNA.
Aurkikuntza honek ondorio sakonak ditu. Ingurumena ez da substantzia kimikoen nahasketa besterik; informazio biologikoz betetako espazioa eta denbora ere bada, maila guztietan. Zelulak, organismoak eta ekosistemak etengabeko elkarrizketa molekular baten parte hartzen ari dira, eta elkarrizketa horretan RNA da hizkuntza nagusia.
Genomikaren adar berri honetan galdera asko geratzen dira erantzuteko oraindik. Zenbat denbora irauten dute mezuek ingurumenean? Eragina dute ekosistemen orekan? Eta gure osasunean? Umorean? Bestaldetik, argi dago bizitza ez dela sistema itxia, eta mezu molekularrek ustezko muga biologikoak zeharkatzen dituzte etengabe. Beste era batera esanda, bizitzan bezala, genomikan ere, norberagandik haratago mundu bat dago.