Astelehenean, soldata-arrakalari buruzko nazioarteko IV. Kongresua antolatu du Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak. Bereziki, emakumeen eta gizonen soldaten arteko diferentziari erreparatu diote parte-hartzaileek, baina generoarekin gurutzatzen diren beste aldagai batzuk ere aipatu dituzte; adibidez, atzerritartasuna.
Nature aldizkariak argitaratutako ikerketa batek alderdi hori ikertu du: zenbatekoa den pertsona migranteen eta bertan jaiotakoen arteko soldata-arrakala, zeri zor zaion diferentzia hori, eta zer gertatzen den migranteen bigarren belaunaldiarekin.
Horretarako, 13,5 milioi langileren eta haien enplegatzaileen datu administratiboak aztertu dituzte, bederatzi herrialdetan: AEBak, Alemania, Danimarka, Espainia, Frantzia, Herbehereak, Kanada, Norvegia eta Suedia. Eta berariaz garatutako metodologia bat erabili dute, aukera ematen duena arrakalaren funtsezko bi arrazoien artean bereizteko: lan beraren barruko diskriminazioa, alegia, lan beragatik gehiago ordaintzea batzuei besteei baino; eta hobeto ordaindutako lanak eskuratzeko diskriminazioa.
Arrazoi nagusia bigarren hori dela baieztatu du ikerketak. Zehazki, horri zor zaio arrakalaren %75: soldata onak dituzten lanak lortzeko ezintasunari. Eragozpen hori migranteen kapital sozialaren gabeziarekin lotu ohi da, hala nola hizkuntza ondo ez menderatzea, kultura eta instituzioak ez ezagutzea, sare laboraletatik kanpo egotea, eta jatorrizko herrialdeko hezkuntza-kualifikazioak onartzeko arazoak izatea.
Hori hala balitz, migranteen seme-alabek ez lukete izango arazorik, bertako biztanleenen pareko soldatak irabazteko. Alabaina, ikusi dute, bigarren belaunaldietan soldata-diferentziak txikitu egiten badira ere, ez direla berdintzen.
Horrez gain, nabarmendu dute diskriminaziorik handiena Saharaz hegoaldeko afrikarrek pairatzen dutela, eta, haien ondotik, Ekialde Hurbilekoek eta Afrikaren iparraldekoek. Bigarren belaunaldietan ere, haiek izaten dituzte diferentzia handienak.
Azkenik, alde nabarmenak daude ikertu dituzten herrialdeen artean. Espainia da arrakalarik handiena duena: batez beste, langile migranteek bertakoek baino %29 gutxiago irabazten dute. Kanadan antzeko arrakala dute, eta, beste muturrean, AEBek eta Suediak dituzte diferentzia txikienak (%10 eta %7, hurrenez hurren). Tartean geratzen dira Europako beste herrialdeak. Bestalde, lan beraren barruan ere, diferentziarik handiena Espainian dago: %7.
Diskriminazioa agerian jartzeaz gain, ikertzaileek proposamenak egin dituzte politika publiko eraginkorrak egiteko. Ondorioztatu dute, lanbide beraren barruan dauden desabantailak orekatzeko politikak beharrezkoak izanik ere, eraginkorragoa litzatekeela ordainsari handiagoak dituzten lanak eskuratzeko aukera-berdintasuna lantzea.