Historian existitu diren gizatalde gehienek alkoholdun produktuak ekoiztu eta kontsumitu dituzte momenturen batean. Baina, nondik dator etanola den substantzia horrekiko afinitate ia unibertsala? Bada, alkohola uste baino arruntagoa da naturan, eta dirudienez, baita animalion askarietan ere.
Gizakiok ikasi dugu alkoholdun produktuak gure nahien arabera ekoizteko ingurune aproposak sortzen eta behar diren osagaiak nahasten. Haietan garrantzitsuena: legamia. Onddo zelulabakar horiek dira prozesuaren protagonistak, eta behar dutena azukre asko duen ingurune bat da: horri esker etanola sortzen da. Hartzidura erreakzio hori gureganatu egin dugu, baina naturan ere gertatzen da. Legamia nonahi dago, eta azukrea ere bai; adibidez, frutetan. Ohikoa da legamia fruta helduan haztea, eta etanol arrastoak uztea. Gero eta froga gehiagok iradokitzen dute animaliek etanola hartzen dutela naturan.
Ozpin-eulia da horren adibide argienetako eta ikertuenetako bat, fruta hartzituak baitira haren gustukoenak, etanola %15 izan dezaketenak. Ez dirudi, ordea, mozkortzen direnik. Hainbat pasadizok diote Botswanako elefanteak eta babuinoak bai mozkortzen direla alkoholdun frutarekin. Suedian ere altze bat topatu omen zuten behin zuhaitz batean harrapatuta, sagar hartzituak jan eta gero bere burua askatzeko gai ez zena. Kasu horietan ez zen neurketarik egin etanolaren presentzia baieztatzeko, eta ezin izan dira erabili animalien alkohol kontsumoaren froga moduan. Arrazoiak bazeuden, hala ere, horrelakorik pentsatzeko.
Duela gutxi dokumentatutako kasu batzuetan argi geratu da primate basatiek alkohola kontsumitzen dutela. Txinpantze basatiek, adibidez, erregularki jaten dute landare-izerdi hartzitua, eta beste hainbat tximinoren txizan ere topatu dira alkohol zantzuak.
«Tximino mozkorraren hipotesiak» defendatzen du gizakiok etanolarekin dugun afinitatea gure iragan fruitujaletik datorrela, eta ikerketa genetikoek arrazoia eman diote. Gure arbaso komunak etanola digeritzeko entzima bat eskuratu zuen duela 10 milioi urte. Garai hartan, Afrikako basoak sabanekin ordezkatzen hasi ziren, eta gure arbasoek zuhaitzak utzi zituzten gradualki. Errazagoa zen fruta lurrean topatzea (heldua eta hartzitua) zuhaitzetan baino, eta hura janda, gainera, tximuekin lehian ibiltzea saihesten zuten fruta berdeagoengatik.
Gaur egun badakigu, gizakiontzat behintzat, alkohola ez dela osasungarria. Zergatik kontsumitu, orduan? Hasteko, ez gara fruitujaleak, baina hala direnek etanola digeritzeko mekanismoak dituzte. Baina ezin ahaztu gizakiok alkohola edateko arrazoi nagusia: propietate psikoaktiboak. Jokabide eta egitura sozial konplexuak dituzten animalietan arrazoi berak animatu ditzake mozkortzera. Ez dugu ezer berririk asmatu!