ana galarraga aiestaran
Elhuyar zientzia

Ultraeskuinaren mehatxuak

2025eko abenduaren 5a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zientzialariak oso kezkatuta daude ultraeskuinaren gorakadaren ondorioengatik. Adibiderik garbiena AEBetakoa da: Trumpen administrazioaren politika populista berdintasunaren, aurrerapenaren eta egiaren kontra ari da, eta galera nabarmena ekarri du arlo askotan: ingurumenean, ikerketa medikoan, antropologian… Baita ideologiak zerikusi txikia duten astronomian eta ozeanografian ere. 

Egoera ez da AEBetara mugatzen, eta, horren aurrean, erantzun irmoa eman behar dela adierazi du The Lancet medikuntza aldizkariak, berriki argitaratutako bi editorialetan (bata urrian eta bestea azaroan). Aldizkariaren arabera, Europan eta Ipar Amerikan arrazakeria, xenofobia eta ultraeskuineko nazionalismoa normalizatu egin dira diskurtso publiko eta politikoan, eta ondorio larriak ekarri ditu zientzialarien eta gainerako herritarren ongizaterako. Horrez gain, Israel Gazan egiten ari den genozidioak antisemitismoa eta islamofobia hauspotu dituela gehitu du. 

«Zergatik da garrantzitsua diskriminazioa zientzian?», galdetu zuen The Lancet-ek urriko editorialean. Eta segidan eman zuen erantzuna: langileek eusten diotelako sistemari, eta horietako asko gutxiengoan dauden talde etnikoetako migratzaileak dira. Haiek baztertzeak sistema ahultzea dakar, denon ongizatearen kaltetan: zientzian, inklusioak eta dibertsitateak onura argiak dakartzate. 

Editorial berean, The Lancet-ek gogorarazi zuen 2022an sei oinarri ezarri zituela, arrazakeriak eta diskriminazioak osasunean eragiten dituen kalteei aurre egiteko. Hauek dira: deskolonizazioa, diskriminazio-ardatzen arteko gurutzaketak ulertzea, dibertsitatea eta inklusioa areagotzea, justizia eraldatzailea, arrazakeriaren aurkako berariazko neurriak, eta giza eskubideak babestea. Nolanahi ere, aitortu zuen komunitate medikoa eta zientifikoa, bakarrik, ez direla gai gizartea aldatzeko.

Azaroko editorialean emakumeen, LGBTIQ+ pertsonen eta osasun-langileen ongizatean duen eragina azpimarratu zuten, eta hitzez hitz diote eskuin muturreko mugimenduek eraso egiten dietela genero-berdintasunari eta ugalketa-eskubideei, familia patriarkalaren arauen eta ideia teokratikoen bidez. Eraso horien adibide dira abortatzeko eta antisorgailuak baliatzeko zailtasunak eta debekuak, eta gorputzaren autonomiaren aurkako politikak, baita sexu-hezkuntza ukatzea eta sexu-dibertsitatea estigmatizatzea ere.

Horri erantzuteko, genero-berdintasunak erdigunean egon behar duela nabarmendu du. Aldizkariaren ustez, xenofobiaren, arrazakeriaren eta sexu- eta genero-askatasunaren aurkako mugimenduei bereizita aurre egiteak erantzuna ahultzen du. Hortaz, dei egin du aliantza sendoak eraikitzeko mugimendu feministaren eta antirrazistaren, eta osasungileen artean. Bukatzeko, genero-berdintasuna osasunaren eta demokraziaren funtsezko determinatzailea dela aldarrikatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.