Batzuetan, guztiz ulertzen ez diren gauzak ere tresna erabilgarri izan daitezke. Hori gertatu da behintzat zelula egitura misteriotsu batekin: bobeda edo ganga deituak. Oraindik ez dago argi berez zein funtzio betetzen duten zeluletan, baina, azkenaldian, oso tresna interesgarri bihurtu dira biomedikuntzarako.
Zelula gangak Nancy Kedersha-k eta Leonard Rome-k deskribatu zituzten lehen aldiz, 1986an. Mintzik ez duten organulu zelularrak dira, proteina eta RNA molekulez osatuak. Zelula eukarioto askotan topa daitezke, eta oso egitura kontserbatuak dira. Giza zeluletan zelula gangak nahiko ugariak dira, zelula immuneetan bereziki. Erribosomak baino handiagoak izan arren, egitura gehiena proteinaz osaturik dutenez, mikroskopia teknika arruntekin ez dira antzematen, eta, gainerako organuluekin alderatuta, oso berandu identifikatu dira.
Hasierako aurkikuntzak ikusmin handia sortu zuen, eta ikerketa taldea buru-belarri murgildu zen gangek zelulan zein funtzio betetzen zuten ulertu ahal izateko. Beste saiakeren artean, ingeniaritza genetiko bidez ganga gabeko saguak sortu zituzten, baina, sagu arruntekin alderatuta ez zutenez ezaugarri desberdin bakar bat ere topatu, ezin izan zuten funtzioa zein zen ondorioztatu. 40 urte luze ondoren, gangak interesa galtzen joan ziren… harik eta ikerketaren ikuspuntua aldatu zuten arte: hain ugariak eta kontserbatuak badira, zergatik ez erabili tresna biomediko moduan?
Zelulak ulertuz
Azken urteetan, farmako edo proteina garraiatzaile gisa, biosentsore moduan, edota bioerremediazioari aplikatutako ikerketak egin dituzte gangak erabilita, baina orain arteko harrigarriena geneen adierazpenaren azterketara bideraturikoa izan da. Izan ere, geneen adierazpena RNA molekulak aztertuta egin behar da, eta, oso erraz degradatzen direnez, normalean unean uneko RNA analisiak egin behar izaten dira.Â
Esan bezala, RNA ganga baten egituraren parte da, eta, urtarrilean Science aldizkarian argitaraturiko lan batean azaltzen dutenez, horretaz baliatu dira zelula batek azken zazpi egunetan sortu dituen RNA molekulak metatzeko. Ganga eraldatu horiek, denboraren makinak balira bezala, baliagarriak dira zelulak aste horretan izan duen geneen adierazpena nolakoa izan den aztertzeko, eta hori oso informazio baliotsua da hainbat ikerketatarako. Besteak beste, ikerlariek diotenez, teknologia hori erabilgarria da kimioterapiari ihes egiten dioten zelulak hobeto ulertzeko, edota zelula amen diferentziazio prozesuan sakontzeko.
Denborak esango du zelula gangen berezko funtzioa inoiz ezagutuko ote dugun, baina egitura misteriotsu horiek dagoeneko sortu dute interesa biomedikuntzara bideratutako aplikazioetan. Ikuspuntua aldatzea bezalakorik ez dago leku interesgarrietara iristeko.Â