Axolotea (Ambystoma mexicanum), latinezko izenak dioen bezala, jatorri mexikarreko arrabio bat da. Oso itxura bitxia du; beste planeta batekoa dirudi. Gainerako anfibioek ez bezala, ez du metamorfosia osatzen, eta bizitza osoan bere larba ezaugarriak mantentzen ditu. Alegia, axolote helduek kume erraldoiak dirudite, nahiz eta 20 urte izatera hel daitezkeen; ez dira zahartzen. Neotenia deitzen zaio helduaroan gaztaroko ezaugarriei eusteari.
Axolotea, itxuraz ez ezik, genetikoki ere oso animalia berezia da. Gizakiek adina gene dituzte, 23.000 inguru. Baina haien genoma gizakiarena baino 10 aldiz handiagoa da. Adituen arabera, geneen erregulazioan inplikatutako sekuentziak dira axoloteen genomako elementurik ugarienak.
Ikuspuntu epigenetikotik ere deigarriak dira. Erloju epigenetikoa organismo baten adin biologikoa ezagutzeko tresna da. DNA molekularen aldaera bat neurtzen du, metilazioa, geneen aktibazioa eta inaktibazioa erregulatzen duena. Bada, axoloteen DNAren metilazio patroia aztertuz ondorioztatu dute animalia liluragarri horrek lau urterekin uzten diola zahartzeari. Euren erloju epigenetikoa gelditu egiten dute, eta adin kronologikoak aurrera egin arren, adin biologikoa lau urterekin betikotzen da.
Horrez gain, axoloteak birsortzeko gaitasuna du, ugaztunok ez duguna. Gorputz adarrak, organoak eta burmuin zatiak birsortzeko gai da beren hezur, gihar eta nerbio guztiekin. Gainera, DNA analisiek erakutsi dute birsortutako gorputz adarrak jatorrizkoak baino gazteagoak izaten direla.
2023an, Nature aldizkarian argitaratutako lan batek zera erakutsi zuen, axoloteek lesio bat pairatzen dutenean, proteinen sintesia modu azkar eta paregabean aktibatzen dutela. Masiboki ekoizten dute, besteak beste, ezaugarri antioxidatzaileak dituzten proteinak. Erantzun horretan mTORC1 proteinak berebiziko funtzioa betetzen duela aurkitu dute.
Aurkikuntza horri, duela bi aste argitaratutako beste bat gehitu behar zaio. Lan horren arabera, A bitaminatik eratortzen den azido erretinoikoa eta berau degradatzen duen CYP2GB1 proteinaren arteko orekak jakinarazten die lesio guneko zelula birsortzaileei kaltetutako gorputz adarra zenbateraino ebaki den, eta zenbateraino luzatu behar den.
Gizakiok arestian aipatutako molekula guztiak ditugu (mTORC1, azido erretinoikoa eta CYP2GB2), baina gure zelulek oso modu desberdinean erantzuten diete seinale horiei. Tamalez, ez dugu axoloteek duten birsortzeko ahalmena; aitzitik, lesio lekuetan kolageno orbanak eratzen ditugu. Zalantzarik gabe, axolotearen zelula barruko mekanismoak ezagutzea funtsezkoa izango da medikuntza birsortzailean eta zahartzearen aurkako tratamenduen diseinuan aurrera egiteko. Beste behin ere, laborategietan lanean jarraitzeko bide berriak erakusten dizkigu naturak.