Animazioa, «erresistentziarako» tresna

Palestina Animada egitasmoko animaziozko filmak emango dituzte bihar, Getarian, Elan Euskadi gobernuz kanpoko erakundeak antolatuta. Samira Badran zinema zuzendaria bertan izango da, eta solasaldi bat ere egingo dute. Palestina ez ahaztea da xedea.

Palestina Animada egitasmoko filmen kartelak. BERRIAKO DISEINU TALDEA
Palestina Animada egitasmoko filmen kartelak. BERRIAKO DISEINU TALDEA
ane insausti barandiaran
2026ko martxoaren 7a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Alarma bat entzun da, eta ate birakari bat gira eta bira ari da kontrolgune batean. Barruan bi hanka daude, koloretakoak, aurrera eta atzera, eta alarma gorria pizten da, zerbait ondo ez doan seinale. Horrela irudikatu du Palestinako herriak bizi duen «kolonizazioa» Samira Badran zinemagile palestinarrak Memory of the land animaziozko filmean. «Kontrolgune hori kolonialismoaren pertsonalizazio bat da. Indarkeria geruza ugari kontzentratzen dira kontrolguneetan», azaldu du. Palestinari buruzko film hori eta beste sei film izango dira ikusgai bihar, Getarian (Gipuzkoa), Palestina Animada egitasmoaren barruan. Badran bera ere bertan izango da, filmak ikusi ondoren solasaldi bat egingo baitute.

Elan Euskadi Getariako GKE gobernuz kanpoko erakundeak antolatu du jardunaldia. Bego Arruti bertako kidea da, eta hark kontatu du nola izan zuten egitasmoaren berri: «Gutako bat iaz Pirinioetako herri txiki batean urtero egiten den zinema jaialdi batean izan zen, eta, arratsaldeetako batean, Palestina Animada egitasmoko film laburren emanaldia egin zuten, baita solasaldia ere filmen ondoren. Hor ezagutu genuen egitasmoa. Izugarri gustatu zitzaigun».

Bi ekintza mota antolatzen ditu nagusiki Elanek, Arrutik azaldu duenez: batetik, sentsibilizazio ekitaldiak egiten dituzte —hitzaldiak, zineforumak, erakusketak...—, eta, bestetik, kooperazio proiektuak egiten dituzte Hegoalde Globaleko komunitateekin elkarlanean. Aurtengo jardunaldietan zer ekitaldi antolatu pentsatzen hasi zirenean jarri zuten mahai gainean Palestina Animada egitasmoa herrira ekartzea. Eta berehala jarri ziren ados: «Erabaki genuen harremanetan jartzea, eta hasieratik baietza eman ziguten. Agenda oso betea dute, alde batetik bestera baitabiltza, baina hasieratik esan ziguten Samira [Badran] etorriko zela. Konpromiso hori hartu zuen, eta iruditu zitzaigun luxuzko gonbidatua izango zela».

Palestina gogoan

Jendea Palestinaz ahaztu ez zedin erabaki zuten gai horri heltzea, uste baitute Donald Trump AEBetako Gobernuko presidenteak urrian iragarritako «bake planaren» ondoren Palestina albistegietatik «desagertu» dela. «Komunikabideek eta aktualitatea zer den erabakitzen duten komunikazio agentzia nagusiek Gaza aktualitatetik kendu zuten egun batetik bestera, eta bat-batean Palestinak notizia izateari utzi zion». Horregatik esan zuten, hain justu: «Ados, komunikabideek kendu dute Palestina egunerokotik, baina guk Getariara ekarri nahi dugu. Guk ez dugu Palestina ahaztu nahi, eta guk ez ditugu palestinarrak ahaztu nahi».

Izenak dioen bezala, animaziozko filmak biltzen ditu egitasmoak. Palestinako sarraskia gertatu bitartean aurrera jarraitzeko helduleku gisa erabili baitute zinemagileok artea: «Eredugarria iruditu zitzaigun nola pertsona hauek artea egiten jarraitzeko indarra eta determinazioa duten nahiz eta gerra betean egon eta genozidio bat gertatu. Artea erresistentzia modu baten moduan erabiltzen dute», azaldu du Arrutik. Eta hori guztia egiten dute herritarrengan arreta jarriz: «Ez zaigu askorik inporta ez Trump, ez Netanyahu, ezta erabaki horiek hartzen dituen jende hori guztia ere. Inporta zaigu gu bezalakoak diren pertsonak horien bizitza», esan du. 

«Uste dut Palestinaren alde egiten den ekintza oro dela garrantzitsua. Txikia izanagatik, garrantzitsua da»

SAMIRA BADRAN Zinemagile palestinarra

Jardunaldia zer egunetan egin zehazten ari zirela, martxoaren 8a zen aukeretako bat, eta, egunari keinu eginda, aukeratutako filmak egin dituzten zazpi zinemagileetatik sei emakumeak dira. «Pentsatu genuen egun hori izanda emakumeei eman behar geniela bai ahotsa eta bai aukera haien irudiak eta lanak erakusteko».

Sarrera doakoa izango da, eta borondatezko ekarpenak egiteko aukera jarriko dute. Izan ere, lortutako dirua zinemagile palestinarrentzat izango da —hala egiten dute beti Palestina Animada egitasmoan—. Arruti ziur dago ekarpen handia egingo dutela, bai filmek, eta baita ondorengo solasaldiak ere: «Egoera gogorrak ikusiko ditugu filmetan, baina asko dute koloretik ere. Jasan duten deshumanizazio horri aurre egin eta guk palestinarrak humanizatu egin nahi ditugu, hurbil sentitu».

Saretzea xede

Erbestetik, Bartzelonatik, artearen bidez bere herriak bizi duen egoera salatzen dihardu Samira Badranek (Libia, 1954). «Kontuan hartuta urte hauetan guztietan palestinar herria nola deshumanizatu duten, eta komunikabideetan zer ikusi dugun, oso garrantzitsua zen istorio hauek esplikatzea». Askotan itzuli da Palestinara, harreman estua baitu bertako lagunekin. 2017az geroztik, baina, ez da itzuli, egoeraren larritasuna dela eta.

Hain zuzen ere, horretarako sortu zen egitasmoa: «Palestina Animada Gazako egoera ikaragarria salatzeko asmoz sortu zen; genozidioa eta egoera zein larria den ikusita, pentsatu genuen zerbait egin behar genuela, berehala». Ezagun bati eta besteari idatzi, ate bat eta bestea jo, eta horrela amaitu dute, Palestinako 27 egileren lanak batuta. «Helburua argia da: elkartzea, gure arteko loturak sendotzea eta zuzendarien komunitate bat sortzea, elkar babesteko».

Oihartzun handia izan du egitasmoak, eta herrialde eta hiri ugari bisitatzen ari dira: Espainia, Portugal, Argentina, Mexiko, Italia... «Uste dut egindako lanak interes handia piztu duela, zerbait desberdina delako. Artearen bitartez ezagutarazten da Palestinaren historia, eta ez komunikabideek egiten duten bezala. Artearen bitartez imajinatu egin dezakezu, pentsarazi, edo motibatu, jendea Palestinari buruzko informazio gehiago bilatzera animatzeko».

«Komunikabideek kendu dute Palestina egunerokotik, baina guk Getariara ekarri nahi dugu. Ez dugu Palestina ahaztu nahi, eta guk ez ditugu palestinarrak ahaztu nahi»

BEGO ARRUTI ELAN-Euskadi GKEko kidea

Horretarako, gainera, animazioa oso tresna egokia dela uste du Badranek. Ideia konplexuak azaltzeko modua ematen baitu, irudiekin eta koloreekin jolas eginez: «Animazioak aukera asko ematen ditu, oso esperimentala delako, oso dibertsifikatua... Uste dut zure ideiak adierazteko modu oso interesgarria dela, bereziki horrelako larritasuna duen injustizia edo katastrofe baten aurrean».

Egoeraren berri ematea ez ezik, aldaketa bultzatzea ere bada egitasmoaren xedea. Argi dio: «Guk nahi dugu Palestina askatzea». Eta horixe bera islatu zuen Badranek egitasmoaren logoan: hitz batzuk ditu idatziak, arabieraz, eta txori bat dago hizki horien gainean pausatuta. Ez zituen Palestina Animada hitzak zuzenean itzuli logorako: «Nik Palestina Animada arabierara itzuli nuenean, desberdin egin nuen, ‘aldaketa bultzatzen duen Palestina’ jarri nuen. Kontzientziak piztea nahi baitugu, egoera aldatzeko eta zerbait berria sortzeko». 

Kontrolguneak hizpide

Memory of the land [lurraldearen memoria] du izena Getarian proiektatuko duten Badranen filmak, eta hiru blokeri buruz hitz egiten du bertan, zinemagileak adierazi duenez: «Lur zatituaren geografia, gorputzaren geografia eta geografia emozionala». Kontrolguneak hautatu ditu horretarako eszenatokitzat, eta kanpoan bizi denetik Palestinara egindako bidaietan dokumentazio lan handia egin zuen, horietan zer gertatzen zen kontatzeko. «Kontrolguneek jendea deshumanizatu egin dute, umiliatu egiten dute; herritarrak atxilotu egin ditzakete, torturatu egin ditzakete, pasatzea debekatu, eta baita galdekatzeak egin ere». 

Palestina Animada egitasmoko filmen kartelak. BERRIAKO DISEINU TALDEA
Palestina Animada egitasmoko filmen kartelak. BERRIAKO DISEINU TALDEA

Askotariko lanak bildu dituzte egitasmoan, ordea. Batzuk profesionalek egindako animaziozko filmak dira, baina, esate baterako, Haneen Koraazek egindako lana goraipatu du Badranek. Palestinako haurrei tailerrak ematen dizkie Koraazek, eta tailer horietan 50 film baino gehiago egin dituzte. Bertan jaso dute haurren egunerokoa: «Haurrek pasatzen duten beldurra, egin beharko ez lituzketen baina egin behar izaten dituzten lanak —ur bila joan, ogi bila joan, jaki baten bila joan...—. Hori guztiari buruz hitz egiten dute. Eta bitxia da: umorezko istorioak atera dira; hori guretzat pentsaezina zen. Koraazek sormenerako eremu hori sortu ahal izan du, hein batean sendatzeko modu bat ere badena». 

Dena den, ukaezina da istorioak gogorrak direla: «Jendearen minari buruzko istorioak dira, galerari buruzkoak, lur eta gorputz zatituei buruzkoak, memoria kolektibo batenak… baina baita itxaropenarenak ere, erresistentziarenak, erresilientziarenak…». Batez ere, ordea, palestinarren istorioak dira. Nork bere herriaren historia kontatzea garrantzitsua baita, Badranen ustez: «Hori da benetako historia ezagutzeko bidea: bertako jendeak norbere istorioa kontatzea, eta ez jende zuriak kontatzen duena aditzea».

Euskal Herriak Palestinarekiko erakutsi duen elkartasunaz galdetuta, irribarre batekin erantzun du badakiela elkartasun ekintza ugari antolatzen direla bertan, eta eskertuta agertu da; den-denak dira beharrezko, haren irudiko. «Niretzat oso garrantzitsua da jendea antolatzea, mugitzea, ekintzak egitea. Israeli boikota egitea, alor guztietan, gobernuei presioa egiteko. Uste dut Palestinaren alde egiten den ekintza oro dela garrantzitsua. Txikia izanagatik, garrantzitsua da».
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.