Hurrengo astean hasiko du Unai Basurkok bere hurrengo bidaia. Antartikara joango da oraingoan, Pakea Bizkaia izeneko hirugarren espedizioan. Ingurumenaren gaineko sentsibilizazioa sustatzea eta ozeanoaz beste aldeko herriekin harremanak lantzea dira egitasmoaren helburuetariko bi. Euskal Herriko Unibertsitateko hainbat ikasle ere joango dira ontzian. Nautika ikasleak, biologo bat, argazkilariak, irakasleak... Hemeretzi pertsona izango dira guztira bidaiak izango dituen hiru etapetan.
Horiez gainera, Kepa Acero surflaria ere joango da itsasontzian. Bost Itsaso izeneko bere proiektuaren barruan, olatu bat hartuko du Acerok Antartikako penintsulan.