Hilberria

Antonio Alvarez Solis kazetaria hil da

90 urterekin  zendu da kazetaria. Bere ibilbidean, makina bat komunikabidetan egin zuen lan, eta azkeneko hamarkadetan kolaborazio ugari ere egin zituen EITBrentzat eta Euskal Herriko zenbait kazetatan.

Antonio Alvarez.Solis. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
urtzi urkizu
2020ko martxoaren 30a
12:11
Entzun

Nahiz eta Madrilen jaioa izan, bere burua Miereskotzat (Asturias, Espainia) zeukan. Zuzenbide ikasketak egin zituen Santiagon (Galiza) eta Bartzelonan. Kazetaritza ibilbidea La Vanguardia egunkarian hasi zuen –27 urte zituela, erredaktoreburu izendatu zuten–. Interviu eta Por favor aldizkerien sortzaileetako bat izan zen, baita Economía mediterranea aldizkariarena ere. Zeta komunikazio taldearen kontseilari ordezkaria izan zen hainbat urtez.

Azkeneko hamarkadetan, Euskal Herriko hainbat komunikabidetako kolaboratzailea izan zen, tartean EITBkoa eta Gara egunkarikoa. Era berean, beste hedabide hauetan egin zituen kolaborazioak: RTVE, Onda Cero, COPE, Radio Miramar eta SER. Solaskide aritu da irrati horietako tertulia askotan, bere ikuspegi kritikoa eta ezkertiarra azalduz.

Politikoki, bere ideologia argi azaleratu zuen beti Alvarez Solisek. Bi hauteskundetan, gainera, hautagai zerrendan aurkeztu zen: 1986an, Kataluniako Partit dels Comunistes alderdiarekin, Espainiako Senaturako; eta 2011n, Bilduren zerrendako azken tokian joan zen Bilboko Udalerako bozetan.

2014an, Ezker Batua alderdiak omenaldi bat egin zion Bilbon. Bezperan, elkarrizketa bat egin zion BERRIAn Irene Arrizuerieta kazetariak.  "Jakin-mina izan behar du kazetariak; galdetu egin behar du", esan zuen.

Alvarez Solisek lotura handia izan zuen Euskal Herriko hedabideekin eta herri mugimenduekin. Euskaldunon Egunkaria 2003ko otsailean bortxaz itxi zutenean, Mieresko kazetariak elkartasuna erakutsi zion egunkariari, eta itxieraren kontrako ahotsa zabaldu zuen han eta hemen. Egunkaria-ren aldeko Madrilgo plataforman parte hartu zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.