Antzekotasunetatik tiraka

'Bi arreba' ikuskizunean Xenpelar eta Chopinen musika, bertsoak eta istorioak uztartuko dituzte

Andoni Egaña eta Xabier Lizasoren 'Bi arreba' ikuskizuna Baztanen izango da gaur. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
2013ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Frantzisko Petrirena Rekondo Xenpelar (Errenteria, 1835-1869) bertsolariak eta Frederick Chopin (Varsovia, 1810-Paris, 1849) piano jotzaileak uste baino antzekotasun gehiago zituzten. Biak bizi izan ziren garai gatazkatsuetan, biek zuten hizkuntza propioa, biak gazte hil ziren... eta biak gaitzak jota.

Antzekotasun horietatik abiatuta, Andoni Egaña bertsolariak eta Xabier Lizaso piano jotzaileak Bi arreba ikuskizuna sortu zuten azaroan. Ikusgai izango da gaur, Elizondoko Arizkunenea kultur etxean.

Baina nondik dator ikuskizunaren izena? Xenpelarrek eta Chopinek badute beste antzekotasun bat: biak gaixo zeudenean, beren arreben laguntza izan zuten azken hatsa eman arte. Horren ondorioz izendatu zuten ikuskizuna Bi arreba tituluarekin Egañak eta Lizasok.

Obraren bizkarrezurra Xenpelarren eta Chopinen kontakizunak izango dira, eta lau atal izango ditu. Lehenengoan, Chopinen obra batzuk joko ditu Lizasok. Ondoren, Egañak, piano jotzailearen laguntzarekin, Xenpelarren bertso sorta bat kantatuko du. Hirugarren atalean, bertsolariak propio sorturiko bertsoak abestuko ditu, eta, bukatzeko, jendearekin jolastuko da inprobisazio erabiliz.

'BI ARREBA'

Noiz. Gaur, 19:00etan.

Non. Arizkunenea kultur etxean (Baztan, Nafarroa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.