Formatu txikiko ikuskizunen askotariko programazioa osatu dute aurten ere Donostiako Poltsiko Antzerkiaren Jaialdian. 35. aldian, zortzi ikuskizun izango dira euskaraz. Hala, gaur hasi eta hilaren 24ra arte, hiria beteko dute 30 emanaldik; zenbait auzotan egingo dituzte, eta sarrerak doakoak izango dira.
Jaialdiak badu berezitasun bat, Donostia Kulturako antolatzaileen aburuz: «Antzerkigintzan ohikoak ez diren agertokietan egiten dira saioak». Hain zuzen ere, Gipuzkoako hiriburuko lokaletan, tabernetan eta zahar etxeetan jarri dituzte hitzorduak. Hamazazpi antzerki konpainiak hartuko dute parte jaialdian. Antolatzaileek esan dutenez, «emakumeen parte hartzea» sustatu nahi dute. Ikuskizun horietatik zortzi euskaraz izango dira, eta bederatzi gaztelaniaz. Bestalde, zortzi konpainia emakumeek osatzen dituzte; sei, gizonek; eta gainerako hirurak mistoak dira.
Jaialdiko antolatzaileek antzerkia «hiriko auzo guztietara» zabaldu nahi dute: «Ohiko jarraitzaileengana» heldu, baina baita «tradiziozko leku eszenikoetara joateko ohiturarik ez duen publikoarengana» ere. Hortaz, hiriko 27 gunetan egingo dituzte ikuskizunak.
Gaur, jaialdiko aurreneko egunean, Tessa Andonegi eta Ainhoa Aierbe aktore eta antzerkigileen Euskal musikarekin, kontuz! emanaldia ikusi ahal izango da. Euskaraz, Añorga auzoan, 19:00etan. Rezola Museoan izango da ikuskizuna, eta zera iragarri dute bi aktoreek: «Entzun izan ditugun doinu, kantu, melodia, tiritiri, kalian gora, kalian behera, hau dek umoria-z (ikuspegi kritikoz, suminduraz, eta perspektiba feministaz) aztertuko ditugu».
Estreinako egun berean, gaur, Gemma Martinezek Terapia de grupo lana eramango du Altzako Next tabernara (19:00); eta Manu Badenes Loiolako Erriberan ariko da, Aveniun, Imperfecto antzezlana egiten (19:00). Bi horiek gaztelaniaz izango dira.
Euskarazko lan askotarikoak
Iaz iragarri zuten Poltsiko Sorkuntza deialdiko proiektu irabazlea: Idoia Garzesen eta Mikel Martinezen Taxi. Deialdiaren helburua «formatu txikiko ikuskizunen esparruko euskarazko eskaintza» indartzea da, eta Donostia Kulturak antolatzen du, hiriko Euskara Zerbitzuarekin eta Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearekin elkarlanean. Antzezlana egun eta toki hauetan ikusi ahalko da: maiatzaren 15ean, Antigua auzoan, Duit Wine & Bistron; 17an, Koh Tao tabernan, hiriaren erdialdean; 21ean, Saguesko Scanner tabernan; eta 24an, erdialdean, Botanikan.
Tessa Andonegiren eta Ainhoa Aierberen Euskal musikarekin, kontuz! proiektuak ere saria jaso zuen, bigarrena. Bikarrizketa bat ondu dute, eta «ikuspegi kritikoz, suminduraz eta feminismotik» aztertuko dituzte «txikitatik» entzun dituzten doinuak. Ikusleek lan horretaz gozatu ahalko dute, eta, esan bezala, Añorgan ariko dira gaur. Baina datozen egunetan, beste honako hiru emanaldi hauek ere egingo dituzte: etzi, Amara auzoko Mourlasen (19:00); 21ean, Antiguako Duit tabernan (19:00); eta 23an, Martuteneko Etxarriene zentroan (19:00).
Euskarazko lanen artean denetarik izango da. Hain zuzen ere, bihar bertan Idoia Torregaraik eta Mirari Martiarenak Eskailerapekoa eramango dute Altzako El Nido tabernara; Manex Astigarragak Margolari antzeztuko du Kontadoresen (Intxaurrondo auzoan), eta Gilkitxaro konpainiak Alperrak, tunanteak eta maleanteak antzezlana egingo du Gros auzoko Bidassoa tabernan. Hiru emanaldi horiek 19:00etan izango dira.
Esti Curielek ere euskarazko antzezlan bat egingo du: Rosi Ni. Igeldon ariko da, hilaren 17an. Ugaitz Alegriak eta Getari Etxeparek euskarazko beste antzezlan bat eramango dute jaialdira: Destiny Driver. Hilaren 21ean izango da, erdialdeko Udaberri tabernan.
Jaialdiaren amaiera festa, berriz, maiatzaren 22an izango da, Convent Garden aretoko kriptan, 19:00etan. Bertan, festa girotuko dute Demode Quartet eta Los Gandules musika taldeek.