Arabako Pintxoaren IX. Astean, dozenaka mokadu aukeran

Hilaren 24ra bitartean, Arabako hogeita bat taberna eta jatetxetan pintxo bereziak dastatuko dira

edurne begiristain
Gasteiz
2011ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Edariaren lagungarri izateari utzi, eta ohiturarik sendoenetako baten protagonista bihurtu dirapintxoak Euskal Herrian. Hori ongi dakite Arabako Ostalaritza Enpresarien Elkartekoek, eta, horregatik, aurten ere, pintxoaren astea antolatu dute. Atzo hasi eta hilaren 24ra bitartean, bezeroen ahoa ez ezik, begiak ere gozarazteko moduko pintxoak prestatuko dituzte Araba osoko 41 taberna eta jatetxetan. Orora, 82 pintxo dastatzeko aukera egongo da. Bereziki Gasteizko ostalariek parte hartuko dute ekimenean, baina baita Otogoien, Agurain, Elorriaga, Murgia, Villabuena eta Guardiako zazpi tabernak ere.

Lehian diren ostatuek bina pintxo aurkezten dituzte, bata tradiziokoa eta bestea egile sukaldaritzaren araberakoa. Mokadu baten prezioa bi eurokoa izango da, eta bi erosiz gero, 3,80 eurokoa. Ekimenarekin, bereziki, Aste Santuko oporraldia dela-eta Arabara doazen bisitariak pozik utzi nahi dituzte ostalaritza elkartekoek. Haien ustez, azken urteotan Arabarako turismoak izan duen gorakada «erakusleiho bikaina» da herrialdeko gastronomiarentzat.

Gidaliburua eta guzti

Datozen egunetan Arabako pintxoaren astean murgildu nahi duenarentzat, gidaliburu berezia prestatu dute. Pintxo guztien zerrenda, argazkiak eta non jan daitezkeen ikusten da bertan. Ostalari askok beren burua ezagutzera emateko ahalegin handia egiten dute, eta aste honi esker, bezero askok taberna berriak ezagutzeko aukera dute. Mokadua eta ingurua gustuko izanez gero,bezeroa berriro itzul daitekeela badakite ostalariek. Hargatik du horrenbesteko garrantzia Arabako pintxoaren asteak, ostalaritza elkartekoen arabera.

Egunotan dastatu ahal diren pintxoek tradizioa eta berrikuntza uztartzen dituzte. Esan daiteke goi mailako sukaldaritza miniaturan egiten dutela sukaldari askok, eta, horregatik, pintxoari «merezi duen tokia» eman nahi diote ostalariek aste honetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.