Udako proposamenak

Arbolapeko gerizpean

Gernika-Lumon sei kontzertu emango dituzte ostegunetan Arbolapean, herriko doinu berriak bueltan itzultzeko herriari.

Arbolapean, Gernika-Lumoko Seber Altube auditoriumean. BUSTURIALDEKO HITZAK UTZITAKOA
Arbolapean, Gernika-Lumoko Seber Altube auditoriumean. BUSTURIALDEKO HITZAK UTZITAKOA
Maddalen Omaetxebarria
2026ko uztailaren 7a
20:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Beroaldiak ez du sikatu Gernika-Lumoko (Bizkaia) kultur agenda. Uztaileko ostegunetan, Gernikako Arbolaren gerizpea bilakatzen da herriko kulturazaleen topagune. Pandemia aurretik herrian egiten ziren Udako Musika Jardunaldien lekukoa hartuta, 2022an kultur eskaintza kalera ateratzeko apustua egin zuen udalerriak. Harrezkero, kultur etxeak urtero antolatzen du Arbolapean ekimena, herritarrek aire zabalean doako emanaldiez goza dezaten.

Hasieran egitaraua askotarikoagoa bazen ere, azkenaldian itxura musikatuagoa eta herrikoiagoa hartu du egitasmoak. Aurten, esaterako, programako sei ekintzak zuzeneko musika emanaldiak izango dira, guztiak ere talde gernikarrek oholtzaratuak. Hala, herrian sortutako kultura bueltan itzuliko zaio herriari.

Arbolapeko gerizpea, zehazki, Seber Altube auditoriumean aurki daiteke ostegunero, 20:00etan. Aurten, gainera, uztaileko eguenak labur geratu dira herriko taldeen eskariari men egiteko; horregatik, ekainak 25 zituela hasi ziren musikariak taula gainera igotzen.

Zuga bakarlariak zabaldu zuen programa, duela pare bat aste, Zimeltzeaz lehen disko fisikoa aurkeztuz. Halere, ez da izan oholtza gainera soinu berriak eraman dituen bakarra. Areago, aldi honetan parte hartuko duten sei taldetatik lauk proposamen berriak dakartzate.

Joan den ostegunean, esaterako, Ziraun taldeak atera berri duen Biziraun diskoa aurkeztu zuen zuzenean. Lan horretan, euskarazko rock doinu berriak proposatzen dituzte gernikarrek, eta laguntza berezia jaso dute zeregin horretan; besteak beste, Aitor Gorosabelen —Su Ta Gar— ahotsa Floema abestian.

Pasatutakoak pasatuta, ostegunean Sueder taldearen txanda izango da beroaldia giro onez freskatzeko. Bandaren azken abesti bilduma, Udako Aferak, iaztik dabil Euskal Herriko oholtzak musikatzen. Baina ez dira kantu (hain) berriekin datozen bakarrak, datorren astean (uztailak 16) NAZ hirukoteak beteko baitu oholtza. Gitarra eta ahots harmonien bidez, iaz argitaratutako Alderantziz zan proiektuko abesti propioak kantatuko dituzte, bai eta kantu ezagunen moldaketak ere.

Hurrengo astean (uztailak 23), beste hirukote batek hartuko dio lekukoa, soinu gordinagoagaz: Mikosis taldeari esker, punk doinuek ere izango dute tokia gerizpean. Duela pare bat urte Kontrolik barik kaleratu ostean —zeina Gaztea Maketa Lehiaketako finalista izan zen—, maiatzean lehen euskarri fisikoa atera zuten: Gordin, huts. Egitaraua zarratzeko ardura Intensidades Ortega bikoteak izango du, plazaratu berri duten Deseo diskoarekin.

Beste hiru kontzertu eta hamaika partida

Gernikako Arbolaren gerizpean, auditoriuma ez ezik Pasealeku plaza ere badago. Eta beste plaza horrek ere baditu egitasmo propioak udako agendan; kulturari zein kirolari lotuak. Aurten, 39. urtez, Pasealekuko Udako Kirol Txapelketa hartu du plazak. Astelehenetik ostiralera, herriko ume, gazte eta helduak haien artean lehiatzen dira futbolean, saskibaloian eta esku pilotan. Lehiaketa udalak eta herriko kirol elkarteek antolatzen dute lankidetzan, udan ere kirola sustatzeko eta aisialdirako gune partekatu bat eskaintzeko. Final eguna abuztuaren 5ean izango da, sari banaketa eta guzti.

Baina, asteroko partidak eta pintxopote osteko kontzertuak nahikoa ez balira, bada bestelako egitasmorik Gernika-Lumora bertaratzen direnentzat. Aurten, aurrenekoz, uztaileko larunbatetan proposamen berri bat egingo du udalak: Uda Fest. Herriko hainbat kantoitan zuzeneko emanaldiak egongo dira larunbatero, 21:30ean: lehen zapatu honetan (uztailak 11), Mirua gipuzkoarrak izango dira Errenteria auzoan; datorren astean (uztailak 18), Puro Relajo nafarrak Merkurioko iturrian; eta hileko azken asteburuan (uztailak 25), Gozategik girotuko du San Kristobal plaza.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA