Berotze globalak eta klima aldaketak ekosistemetan duten eraginaren berri ematen dihardu etengabe zientziak. Orain, Nature Communicationszientzia aldizkarian argitaratu den nazioarteko ikerketa berri batean Europako ozeanoetako biodibertsitatearen aldaketei buruz ohartarazi dute, tenperaturaren etengabeko igoeragatik. Zehazki, aztertu dute nola lotzen diren ozeanoaren berotzearekin Europako itsas komunitateen (zooplanktona, bentosak, ornogabe pelagiko eta demertsalak eta arrainak) luzera begirako joerak eta aldaketak. Argitaratutako lanean 65 segimendu programa aintzat hartu dira, lau hamarkadako tartean, eta Ipar-ekialdeko Atlantikoan, Mediterraneo itsasoan eta Baltikoan 1.817 espezieren datu historikoak bildu dituzte.
Klima aldaketa eta biodibertsitatearen galera loturarik gabeko bi hondamendi balira bezala aztertu ohi direla salatu zuen 2023an nazioarteko ikerlari talde batek Science aldizkarian. Haien arabera, erro bera dute bi krisiek: giza jarduerek sortutako gasen isuriak eragindako tenperatura globalaren igoera. Horrekin ados dago Guillem Chust AZTIko Itsas Ekosistemen Aldaketa Globalaren arloko koordinatzailea, eta berotze globalak ozeanoetako biodibertsitatean zer eragin duen ikertu du: «Gure esku dago. Ezin dugu jarraitu berotegi efektuko gasak maila globalean isurtzen orain arteko abiaduran».
Horretarako, Komunitateen Tenperatura Indizea (CTI) erabili du ikerlariak. Adierazle estandarizatu horrek informazio kuantitatiboa ematen du itsaso azpian bizi diren komunitateen osaerari buruz, eta espezieek berotze globalaren aurka duten erantzuna ezagutzeko baliagarria da. Ur bero edo hotzetarako duten afinitatearen arabera berotze globalari ematen dioten erantzuna neurtzeko, erabilgarria da. Lan zientifikoaren emaitzen arabera, Europako itsaso horietako komunitate eta habitat gehienek ozeanoaren berotzeari erantzun diote bi fenomeno ekologikoren bidez: tropikalizazioa eta desborealizazioa.
Tropikalizazioa ur beroko espezieen ugaritasunaren hazkuntza da, eta Atlantikoan nagusitzen da batez ere; aldiz, desborealizazioa, ur hotzetako espezieen ugaritasuna murrizteko prozesua da. Desborealizazioa bereziki nabarmena da erdi itxitako arroetan, hala nola Mediterraneoan eta Baltikoan, Chustek, azaldu duenez.
Egokitzeko prozesua
Adituen arabera, joera horiek, batetik, ingurune irekietan espezieak sakabanatzeko eta kolonizatzeko erraztasun handiagoari erantzuten diote. Adibide nabarmena da Mediterraneoaren ekialdean Indo-Pazifikoko ur beroetako espezieak ugaritu izana, Suezko kanaletik heldu eta espezie autoktonoekin lehian, sare trofikoak eta itsas ekosistemak aldatuz. «Hori izan daiteke espezieen migrazio aktiboa dagoelako. Mugitu ahal izanez gero, arrainak bezala, beren habitaten bila mugitzen dira. Berotze globalaren ondorioz eremu konplexuan dauden banakoen kopuruak behera egiten du, ez direlako hain lehiakorrak; eta espezie batzuek, beste habitat batzuetara egokitzeko beharra ikusi dute», azaldu du Chustek.
Itsasoko tenperatura gero eta beroagora egokitu behar izan dutenetako bat muxumartina da. Normalean, kostaldetik gertu bizi den arraina da, 400 metroko sakoneran, eta eremu harritsuak eta urpeko belardiak ditu etxe gisa. Ozeanoetan asko mugitzen den espeziea da, baina ez zen oso ohikoa Bizkaiko kostaldean ikustea, ikerlariak azaldu duenez: «Nahiko espezie kosmopolita da. Ez da bereziki subtropikala, baina Bizkaiko golkoan gero eta ugariagoa da». Espezieek berotze globaletik ihes egiten dute: espezie batzuek, sakonago joan nahian; beste batzuek goizago migratzen dute, eta beste batzuek leku desberdinetara migratzen dute. «Berrantolaketa horretaz gain, lehen eremu jakin batzuetan zeuden espezie batzuk gero eta iparralderago daudela ikusi dugu», esan du Chustek.
Europako itsas komunitateetako beste biztanle batzuk, koraligenoa eta zooplanktona, adibidez, itsasoaren tenperaturaren igoera gero eta handiagoaren eraginpean daude. Horrek eragina zuzena du ekosistema horietako biodibertsitatean eta habitataren egituran, baita arrainentzako eta beste organismo batzuentzako elikagaien eskuragarritasunean ere.
Ozeanoaren biodibertsitatea puntu sentikorrean dagoela kontuan hartuz, Chustek «alerta puntu» gisa definitzen du arrantza: «Ozeanoko komunitateak babestu nahi ditugu. Bai interes komertzialekoak diren espezieak, baita interes komertzialeko espezie horiei janaria ematen dieten espezieak ere». Ekosistema egokitzapen puntu batean dago, ikertzailearen arabera, eta hobe izango litzateke presio handiegirik ez egitea: «Ekosistema egokitu behar da, eta, zenbat eta presio txikiagoa egin, hobeto. Horrela, trantsizioa ez da hain zakarra izango, eta etorkizuneko arazoei aurre egitea errazagoa izango da».
Horregatik, funtsezkoak izango dira datu zientifikoetan oinarritutako erregulazio eraginkorrak: harrapaketa kuotak, adibidez. Arrantzaren erregulazioak harrapaketa esfortzuak espezie aldakorren populazioetara egokitzea, eta espezie eta ekosistema ahulak babesteko kontserbazio neurriak ezartzea ere ekarriko du, ikerlariaren arabera.
Etorkizunera begira
Azken 40 urteetan, Ozeano Atlantikoko komunitateetan tropikalizazioa gertatu da, eta ur beroagoetako espezieak askoz ugariagoak dira. Prozesua gelditzeko «formula magikorik» ez dagoela esan du Chustek, baina azaldu du espezieen migrazio prozesua gehiago ikertzea lagungarria izan daitekeela jakiteko nola aurre egiten dioten berotze globalari. Hala ere, argi du gizakien kutsadura dela egoera horren eragilea, eta ikerlariak esan du hori erregulatzeko garaia dela: «Berotze globalak berdin jarraitzen badu, nabarmen alda daiteke 40 urte barru aurkitu ditzakegun espezieen kopurua».