'Argako erreginak' badauka aurpegia

Remigia Etxarren funanbulistaren argazkia aurkitu dute, oraingoz agertu den haren irudi bakarra. Javier Azketa bildumazalearen aurkikuntzari esker, orekari iruindarraren aurpegia ezagutzeko aukera dago.

Ana Hueso Iruñeko udal artxiboko teknikaria argazkiarekin. A.KARASATORRE / FOKU.
itsaso jauregi 2
Iruñea
2023ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Aurpegirik gabeko funanbulista zen Iruñeko Remigia Etxarren; orain arte. Javier Azketa bildumazaleak Argako erregina goitizenarekin ezaguna den artistaren argazkia erosi zuen enkante batean, haren historia ezagutu gabe. Atzo, Azketak Iruñeko udal artxiboaren esku utzi zuen ezagutzen den Etxarrenen argazki bakarra.

Azketarekin batera, Ana Hueso Iruñeko udal artxiboaren teknikariak eta Carlos Salvador Herritarrekiko Harremanetako, Partaidetzako eta Adinekoendako zinegotzi ordezkariak egon ziren irudiaren aurkezpenean. Sanfermin 365 proiektuaren barruan egongo da argazkia. 1883koa da, eta Etxarrenek herriz herri eramaten omen zuen curriculumaren parte zen. Azketak funanbulistaren curriculum hori aurkitu zuen, eta nahiz eta Etxarrenen berririk ez izan, erosi egin zuen. Dokumentua 1904koa da, eta Zaragozako (Espainia) herri batean utzi zuen artistak. «Argazki hau norbaiten armairu hondoan zegoen. Remigia denbora batez Zaragozan bizi izan zen, eta bere ibilbidearen amaieran emanaldi txikiak eskaini zituen bertan», azaldu du bildumazaleak.

Azketak ere argazkia bere armairuaren hondoan gorde zuen, ekainaren 12ra arte. Egun hartan dei bat jaso zuen, Remigia Etxarren funanbulistaren irudi bakarra erosi zuela azalduz: «Orduan irudiak balio emozional eta sinboliko oso garrantzitsua hartu zuen niretzat». Huesok «izugarrizko aurkikuntza» gisa definitu du Azketaren erosketa: «Remigia Etxarrenen historian falta zitzaigun pieza bere argazkia zen. Ez genion aurpegirik jartzen, eta orain Argaren erreginaren aurpegia ezagutzen dugu».

Irudia 1883koa dela ondorioztatu dute, urte horretan Lau Buru egunkari iruindarrak bere lanaren aipamen labur bat jaso zuelako. Bertan, zozketa baten sariak zehazten ziren, eta seigarren saria funanbulistaren argazkia zen, atzo Iruñean aurkeztu zutena hain zuzen ere.

Argako erregina

Remigia Etxarren Iruñean jaio zen, 1853an. Funanbulista gaztetan burdin hariaren gaineko lanak egiten hasi zen, eta ikuskizuna herriz herri eraman zuen. Nahiz eta hainbat emanaldi egin, bi gertakari dira esanguratsuenak funanbulistaren ibilbidean: hasteko, 1882ko sanferminetan zezen plaza alde batetik bestera zeharkatu zuen. Hurrengo urtean, 1883an, Iruñeko Arga ibaia zeharkatu zuen hari fin baten gainean. Hortik jaso zuen Argako erregina goitizena.

Funanbulistaren arrastoei segika aspalditik aritu da Estefania de Paz aktorea, baina soilik orekariaren kartel bateko marrazkia aurkitu zuen, argazkirik ez. Hala ere, funanbulistaren ibilbidea biltzeko asmoz, aktoreak La reina del Arga (Argako erregina) liburua argitaratu du aurten, haren ondarea bizirik mantentzeko asmoz. Horretaz gain, orekariaren rola bere egiten du aktoreak bere ikuskizunetan, eta gogoan ditu burdin hariaren gainean historiak ahaztutako emakumeen izenak. Hala ere, De Pazek Nafarroako Hitza-n esan zuen moduan, intuizioa eta ilusioa erabili behar zituen haren irudia eratzeko.

Aurkeztutako aurkikuntza honen ondoren, De Pazek ez du irudimena erabili beharko Etxarrenen aurpegia ikusteko: «Zoragarria da aurpegirik ez zuen emakumeari, nire pertsonaiari, azkenean aurpegia jarri ahal izatea». Gainera, uztailaren 9an Argako Erregina izendapenaren 140. urteurrena izango da. Huesok eskerrak eman zizkion aktoreari, funanbulistaren izena bizirik mantentzeagatik eta haren bideari jarraitzeagatik: «Argazkiaren aurkezpena Estefania de Pazen omenez ere antolatu dugula esan daiteke. Oso hunkituta dago».

De Paz aurrean eseri zen, eta hunkituta entzun zituen Aketaren aurkikuntzaren azalpenak. Eskuan karpeta handi bat zuen, aspalditik ikusi nahi zuen argazkiaren fotokopiekin. Arketaren, Hoyoren eta Salvadorren azalpenak amaitzean, aktorea bere aulkitik altxatu zen eta eskerrak eman zizkion bildumazaleari. «Zoragarria da hainbeste istorio eta hainbeste bizitza hautsen artean aurkitzea». Parte hartzaileen txaloak jaso eta gero, argazkiaren xehetasun guztiak azaldu zizkien entzuteko prest zeudenei.

Azkenean, Remigia Etxarren aurpegia argitara eraman da, baina Aketak esan zuen etorkizunean elementu gehiago aurkeztuko direla: «1904ko abuztuan Iruñean egin zuen azken emanaldiaren aurkezpenaren kartel bat aurkitu dut, baita haren beste argazki posible bat ere, 19 urte zituenekoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.