Hispanitatearen Egunari buelta eman eta «deskolonizatzeko» helburuarekin, Argia aldizkariak mendeurreneko festa ospatuko du larunbatean, Donostian. «Komunitatea elkartzeko» baliatu nahi dute ospakizuna. Horretarako,adin guztietako herritarrentzako ekitaldiak antolatu dituzte.
Hasteko, 11:00etan, haurrentzako jolas bereziak egingo dituzte Urgullen —Trinitate plazatik abiatuko dira—. Plaza beretik, 12:00etan, ibilbide historiko bat hasiko dute, Urko Apaolaza historialariaren azalpenekin eta Beñat Gaztelumendi eta Miren Artetxe bertsolariekin. 13:00etan, sokadantza egingo dute. Eta Trinitate plazan bertan herri bazkaria egingo dute; proposatu dute bakoitzak berea eramatea, baina mahaiak jarriko dituzte eta sagardo barrika bat egongo da.
Arratsaldean beste hainbeste ekitaldi egongo dira: 16:00etan, Pobresiak emanaldia; 17:00etan, Txirri, Mirri eta Txiribiton Junior pailazoen ikuskizuna; 18:00etan, NAN «arrotzen» jaurtiketa txapelketa; 19:00etan, kalejira eta dantzak; eta 20:30etik aurrera, lau talderen kontzertuak: Amaren Alabak, Mursego, Balerdi Balerdi eta Niña Coyote eta Chico Tornado.
Ostiralean, berotzen hasteko, Napardeath filma proiektatuko dute Trinitate plazan, 21:00etan.
'Argia'-k mendeurren festa ospatuko du larunbatean, Donostian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu