Paumak dabiltza larreen ertzetan, eta basahateak urmaelean olgetan. Donostiako Kristinaenea parkean ez da arrano beltzik ageri, baina kamera hartuta agertu da Martin Barandalla (Donostia, 2000). Pasioz mintzo da pasioz bizi duenaz.
Bi hegaztik norbaiten bizitza alda dezakete?
Nire kasuan, erabat. Hegaztiei behatzera eta argazkiak ateratzera katigatzen zarenean, zure bizitza guztia haienera moldatzen duzu: noiz esnatzen diren, noiz den garairik egokiena argazkiak egiteko... Animalia horiei behatzeko eta argazkiak ateratzeko planifikatzen duzu zure bizitza.
Baina zu oso gaztea zara. Txorien behaketa ez al da jubilatuen kontua?
[Barrez] Egia da mundu honetan dabilen jende gehiena heldua dela, haiek baitute denbora gehien, baina hartu ditudan erabakiek hona ekarri naute. Erabaki nuen ikasketa akademikorik ez egitea eta era honetako proiektuak egitea: faunari behatzea eta fauna ikertzea. Eta igerilekura jauzi egitea, zer gerta zitekeen jakin gabe. Horixe gertatu da arrano beltzen proiektuarekin.

Eta nolatan sartu zinen mundu horretan?
Nire historia Ipar Amerikako indiarrei buruzko liburu batekin hasi zen. 8 urte izango nituen. Haien bizimodua interesatzen zitzaidan: arropak, geziak, lumak... Eta hasi nintzen arropa horiek egiten, arma horiek lantzen eta luma bila basora ateratzen. Orduan sortu zitzaidan hegaztien inguruko interesa. Liburuak, gidaliburuak, argazkiak... 10 urte nituela jada aitari esaten nion: «Begira, hori arrano txiki bat da». Eta horrenbeste gustatzen zaizkizunean, hurrengo helburua izaten da ahalik eta gertuen ikustea. Nola? Kamera batekin. Prozesu baten emaitza da dena.
Basora diozunean, nongo basoei buruz ari zara?
Ni donostiarra naiz, baina gurasoek etxe bat dute Burgosko iparraldean. Uda guztia ematen nuen han, eta asteburu asko ere bai. Animalienganako eta hegaztienganako interesa han gauzatu ahal izan dut beti.
Eta nola iritsi zinen Pobesera?
2013tik 2018ra argazkilaritza utzita egon nintzen. 2019an erabaki nuen honetan jardun nahi nuela. Burgosen egin nuen nire lehen proiektua, baina Arabako arranoen lurraldea bisitatzera joaten nintzen ordurako. Euskal Herrian arrano beltzak ikusteko dagoen ezkutaleku bakarra dago han. Joseba Markinezek kudeatzen du. 2020ko azaroan erabaki nuen bertara bizitzera joatea: Pobesko nekazaritza etxe batera. Bederatzi hilabetez, astean bost egunez, bakar-bakarrik, ezerezaren erdian, arranoei behatuz. Bi egunez Donostian aritzen nintzen lanean, surf monitore gisa, proiektua finantzatzeko. Orain ere horretan egiten dut lan.
Zer eman dizu proiektuak?
Egiten dudan horretan sinestea. Eta jende asko ezagutzeko aukera, dakidana dibulgatzeko aukera, eta nire lehen erakusketa egiteko aukera. Pasioz bizi baduzu egiten duzuna, eta buru-belarri aritzen bazara, bizitzak aukerak ematen dizkizu.
Eta zer eman dizute arranoek?
Proiektua abiatu nuenean, nire interes bakarra haiei argazkiak egitea zen. Baina denborak aurrera egin ahala, haien inguruak ere sortu zidan interesa. Haien lurraldean sartu nintzen. Haien habitata, haien inguruko espezieak... Eta gerora ohartu naiz arranoei esker ikasi dudala gure paisaia irakurtzen: eremu ireki horretan erbiak egon daitezkeela, arranoak horregatik pausatzen direla adar horietan...
Hurrengo proiektua?
Burgosko merindadeetan ari naiz orain. Nire interes guztiek bat egin dute proiektu horretan. Jasangarritasuna du oinarrian. Asko kezkatzen nau gai horrek. Baratze bat daukat, eta, argazkiak egiten ari naizen bitartean, nire tipulak hazten ari dira. Egurra mozten dut, eta harekin berotzen naiz. Hori da oinarrietako bat.

Bestea?
Basakatuari buruzko ikerketa. Boluntario gisa ari naiz parte hartzen basakatuari buruzko Iberiar penintsulako azterketa batean. Ezkutuko kamerak jartzen ditugu 2.000 hektareako baso eremu batzuetan. Basakatuak erakartzeko, katamotzaren txiza erabiltzen da. Argazkiekin basakatuari buruzko datu base bat osatzea da helburua.
Lortu duzu zure kamerarekin ‘ehizatzea’?
Bai, baina modu naturalean oso gutxitan. Ez da batere erraza.
Hegaztiekin lotutako beste proiekturik?
Mirotz urdinari eta mirotz zuriari buruzko lan bat ere ari naiz egiten. Habiak lurrean egiten dituzten harrapariak dira. Batez ere, zereal zelaietan. Bikoteak atzematen ditut, eta habiak topatu. Horien segimendua egiten dut, eta nekazariarekin harremanetan jartzen naiz, bere lursailetan babestutako hegaztiak dituela ohartarazteko, eta uzta bildu behar duenean, tentuz ibili eta abisua emateko.
Ikastaroak ere ematen dituzu?
Dakidana erakutsi nahi dut. Dibulgazioa asko interesatzen zait. Nire bizipenen berri ematea.
LOTSABaKO
Asebete zaituen argazki bat?
Arrano beltz emeari ezkutalekutik kanpo ateratako bat, hegaldi batean.Asebeteko zaituen argazki bat?
Kopularen argazkirik ez dut lortu.Paisaia bat?
Arranoen lurraldea: pinu gorriak eta arteak mendi hegaletan.