Arraun, norabide berean

Denbora-pasa gisa, arraunean egiteko aukera eskaintzen du Unai Elizasuren Arrauning enpresak: arraunaz gain, parte hartzaileen nahierarako irteerak antolatzen ditu.

Arraunean eginez, hasi berriak diren kideekin harremanak estutzeko aprobetxatu zuten Ampo enpresako langileek. JUAN CARLOS RUIZ / ARP.
Maialen Unanue Irureta.
Donostia
2013ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Ez dira Kontxako banderarako sailkatuko, baina ez da gogo faltagatik izango. Unai Elizasu patroi lanetan, Ampo enpresako hamar langile aritu ziren arraunean ostiralean Donostiako Urumea ibaian. Koordinazio handirik gabeko arraunaldiak ematen zituzten tarteka, baina hori ez zen arazo izan: helburua ez zen inongo txapelketarako sailkatzea, tarte atsegina pasatzea baizik.

Oroitz Azurmendi zen parte hartzaileetako bat. Azkar pasa zitzaien Ampoko langileei arraunean egin zuten ordubete pasatxoko tartea: «Oso gustura ibili gara. Zenbaitetan kosta egin zaigu koordinatzea, baina ederki pasatu dugu!». Urumean gora eta behera ibili ziren, profesionalen arraun egiteko modu eta abiaduren inongo inbidiarik gabe. Trainerutik jaitsi orduko, zirikatzen hasi ziren euren artean, barrezka, baldarrena zein ote zen epaitzen. Arraunak gorde zituzten lehenik, eta txalupa gero, denen artean: momentua gogoratzeko, euretako batek sakelako telefonoa poltsikotik atera eta bideoz grabatu zuen momentua. Irribarre batekin gogoratuko dute traineruan bizitakoa.

Lehenengo aldia da Elizasuren arraun zerbitzua kontratatu dutena, baina ez enpresako langileen artean lan orduetatik kanpo ekintzaren bat egiten dutena. Ampo enpresan Koldo Saratxagaren filosofian sinesten dute, hark sortutako harreman estilo berrian eta pertsonen garrantzian, Azurmendik azaldu duenez: «Gutako zazpi hasiberriak gara enpresan, eta lanetik kanpo elkar ezagutzeko eta gure arteko harremana estutzeko, ideia ona iruditu zitzaigun Arrauning-en parte hartzea».

Ez du balio traineruan doazen kideetako bat edo bi fisikoki oso prestatua egotea: talde osoaren ahaleginak eramango du trainerua ibaian aurrera. Kirolean bezala, enpresak ere aurrera egingo badu, guztiek norabide berean arraun eginda izango dela, alegia.

Loiolako ibaiertzean, Mundaiz ikastetxearen azpiko ontziratokian dago ibilbidearen hasiera eta helmuga. Kontxan arraun egitea eskaini nahi du Elizasuk, baina oraindik ez du probatu. Trainerura sartu aurretik, ez dago inolako azalpen teorikorik: behin barruan direla, jakin beharreko gomendio praktiko batzuk ematen dizkie Elizasuk: «Garrantzitsuena parte hartzaileek esperimentatzea da, ibiliaren ibiliaz ikastea». Jende askok ezagutu arren, arrauna ez da edonork edozein unetan probatu dezakeen kirola: «Gainontzeko kirolak egiteko beharrezko materiala eros dezakezu: dendara joan, eta behar duzun tresnak erosi besterik ez duzu egin behar. Arraunarekin, berriz, ezin da halakorik egin».

Enpresako langileen arteko harremanak hobetzeko, kuadrillako lagunekin zerbait desberdina egiteko edo familiartean txangoa egiteko pentsatua dago Arrauning: aisialdirako eskaintza bat da, azken batean. Hainbat plan egin daitezke: sagardotegi denboraldian, adibidez, arraun egin ostean sagardotegi menua dastatzeko aukera eskaintzen dute, edo ezkondu aurreko agur festak ere antolatu daitezke horren bidez. Informazio gehiago http://www.arrauning.com webgunean kontsulta daiteke.

Bertsolaritzan gai-jartzaile lanagatik ezaguna bada ere, Elizasuk beti izan du arraunarekin lotura estua. Barrutik ezagutzen du kirola, eta afizio horretatik sortu du Arrauning enpresa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.