Udako proposamenak

Arraunaren iragana eta oraina

1926ko estropadak izango dituzte gogoan '#Kontxa100' proiektuaren aurtengo aldian. Hainbat jarduera antolatu dituzte irailaren 13ra bitarte.

'#Kontxa100' proiektuaren aurtengo edizioa aurkezteko ekitaldia, atzo, Donostian. MADDI VIANA
'#Kontxa100' proiektuaren aurtengo edizioa aurkezteko ekitaldia, atzo, Donostian. MADDI VIANA
Garazi Izagirre Aiestaran (2)
Donostia
2026ko irailaren 3a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irailaren 13an jakingo da zein taldek irabaziko duen aurtengo Kontxako Bandera. Emakumezkoen zortzi talde eta gizonezkoen beste zortzi izango dira lehian, eta, adituek irabazlea nor izango den argi duten arren, gerta liteke ezustekoren bat edo beste izatea. Hala gertatu zen 1926ko estropadetan: Ondarroak irabazi zuen Kontxako Bandera, eta ezustean harrapatu zituen zaleak. Aurten ehun urte beteko dira ordutik, eta urte hartako estropadak ekarri dituzte gogora aurtengo #Kontxa100 proiektuan.

Duela hamar urte abiarazi zuten proiektua Donostiako Euskal Itsas Museoak eta Aquariumak. Kontxako Banderaren ondare kultural eta historikoa berreskuratzea du helburu, eta urtero ehun urte atzera egiten dute, urte bakoitzeko estropadetan gertatutakoa azaltzeko.

Urteurrenaren harira, hainbat ekitaldi antolatu dituzte irailaren 13ra bitarte. Atzo aurkeztu zituzten guztiak, eta bertan izan ziren Goizane Alvarez Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol departamentuko diputatua, Jon Insausti Donostiako alkatea, Xabier Alberdi Euskal Itsas Museoko zuzendari zientifikoa eta Alejandro Larrode Aquariumeko museo arloko koordinatzailea.

Jarduerak han-hemenka

Ez da arraunarekin lotutako jarduerarik faltako Donostian egunotan; izan ere, Arraun Astea programa tarteko, zenbait ekitaldi izango dira hirian. Atzo inauguratu zuten lehena: Kontxako patroi handiak erakusketa zabaldu dute Euskal Itsas Museoaren ganbaran, eta urriaren 4ra bitarte egongo da ikusgai. Alberdik azaldu duenez, Kontxako Bandera irabazi duten «patroi handien» ibilbidea ezagutu ahal izango da bertan. Irailaren 8an, gainera, Ibon Gaztañazpi kazetariak hitzaldi bat emango du bertan, eta, besteak beste, euskal arraunaren inguruan mintzatuko da.

Irailaren 10ean, berriz, Iñaki Iturainek Territorio remero. Orioko arraunaren historia bere azken liburua aurkeztuko du Aquariumeko auditoriumean. 19:00etan izango da, eta gaztelaniaz egingo du.

Familiek ere izango dute aukera haurrekin arraunean murgiltzeko. Azken balea izeneko tailer batean, baleak Euskal Herriko itsas ondarean zer-nolako garrantzia izan duen azalduko diete etxeko txikiei, eta, ondoren, interpretaziorako tartea izango da. «Parte hartzaileek antzerki bat egin beharko dute, non balearen arrantza euren modura interpretatu beharko duten», azaldu du Larrodek. Irailaren 12an izango da, 11:30ean, Aquariumean.

Horrez gain, aurten ere estropadak Euskal Itsas Museoko balkoitik ikusteko aukera zabaldu du museoak. Igande honetako eta irailaren 13ko estropadak ikusi ahal izango dira, eta 10:30ean zabalduko dituzte ateak. Sarrerak zortzi euro balio du, eta izena aurrez eman behar da, Euskal Itsas Museoaren webgunearen bitartez.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA