Ezarian. Zientzia. Argi aldian

Arrisku nuklearrak eta bestelakoak

Eider Carton,,
2011ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Energia-iturri denek, den-denek dituzte aitzakiak. Oraintxe energia nuklearra dago zurrunbiloaren erdian, Japonian izandako istripuaren larritasunak jomugan jarri baititu zentral nuklearren segurtasuna, eta fidagarritasuna. Hain juxtu, zentraletan gerta litezkeen istripuak eta luze, oso luze irauten duten hondakin erradioaktiboak dira energia nuklearraren arazo nagusiak. Hondakinak behar bezain luzaroan eta seguru gordetzeko behin-betiko konponbiderik ez da existitzen. Eta hondamendi nuklearrak gertatzeko probabilitatea txikia izanagatik, arriskuaren aurpegi gordina erakutsi du Fukushimako istripuak. Izan ere, gertatzen direnean % 100ean dira errealak baita gertakari inprobableenak ere. Eta probabilitatearen legea da nahikoa denbora pasaz gero, gerta litekeen edozer gertatuko dela.

Horrek ez du esan nahi, ordea —ez luke behar gutxienez—, energia nuklearra arriskutsuagoa denik gaur duela hiru aste baino. Orduan bezain segurua da gaur, eta gaur bezain arriskutsua zen orduan. Ulergarria da guk ez horrela hautematea, sor egoeran izaten baitugu, garunaren hondoan nonbait, egunerokoari lotuta hartzen ditugun arriskuen gaineko kontzientzia osoa; are sorrago, zenbat eta lausoagoak izan arriskuak.

Kontua ez da, baina, arriskuak beldurtuta bizitzea. Baizik eta erabateko segurtasunik existitzen ez dela onartuta, eta giza jarduera orok inpaktua duela jakinda, zintzo eta ganoraz erabakitzea zer arrisku hartzeko prest gauden, zer ondorio onartzeko, eta zeren truke. Eta horren arabera egitea energia-iturri batzuen edo beste batzuen alde.

Jakina, energia-iturri denek izanagatik aitzakiak, aldeak handiak dira batzuenen eta besteenen artean. Eta ez da erraza aldagaiak lehenestea, eta ekuazioak ebaztea. Asko dira aintzat hartu beharreko ezaugarriak: erregaia, erregaiaren eskuragarritasuna, teknologia, ekoizpenaren eraginkortasuna, kostua, ingurumenaren gaineko eragina, osasunaren gaineko eragina, segurtasuna... Baina baita ere sare elektrikoaren ezaugarriak eta eskakizunak, hornidura elektrikoaren kalitatea, eskariaren eta kontsumoaren gorabeherak asetzeko gaitasuna...Elhuyar aldizkarian argitaratutako bi erreportaje hartu ditut berriz eskuartean egunotan. 2008koa da bat, eta, elektrizitate-iturrien kutsadura ranking-az hitz egiten du. Berriagoa da, bestea, 2009koa, eta, han, euskaldunon etxeetara iristen den elektrizitatearen jatorriaz ari gara. Bi erreportaje horietan, kontuan izan beharreko aldagaietako batzuk ageri dira, batetik, eta egindako hautuak, bestetik. Nafarroak, adibidez, eolikoak garatzearen alde egin du. Aerosorgailuetatik dator Nafarroan kontsumitzen den energiaren % 40.

Euskal Autonomia Erkidegoan, berriz, gas naturala errez, zentral termikoetan sortzen da kontsumitzen dugun energia elektrikoaren zati handiena.. Iparraldean, azkenik, Frantziako zentral nuklearretatik jasotzen dute elektrizitatea.

Ez dut hemen tokirik xehetasun gehiagotan sartzeko, eta ez da, gainera, hori, gaur konpartitu nahi dudan kezka. Zertzelada batzuk baino ez ziren aurrekoak, esateko sakona dela eztabaida, eta zaila, baina egin beharrekoa, eta, batez ere, seriotasunez egitekoa. Nire ustez, ordea, ez dira hautu nuklearraren arriskuak Fukushimako istripuak berriz ere begien bistan jarri dizkigun bakarrak. Izan ere, zer nolako hautua dira atzo zentral nuklearren bizialdia luzatzeko gertu eta gaur dena bertan behera uzteko prestu dauden agintariak? Istripuak bezainbeste kezkatzen nau ni jokabide horrek erakusten duen zintzotasun, seriotasun eta ganorarik ezak. Ez dirudite prest eztabaidak behar dituen osagaiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.