Bilboko Aste Nagusia

Arropak badu zer esanik

Askotariko arropak eta moda osagarriak janzten dituzte bilbotarrek Aste Nagusian: mahonezko gona eta kamiseta zuria, konpartsaren kamiseta, galtza bakeroak edo minigona. Ez dago aukera okerrik. Zapi urdina, ordea, urtero janzten dute.

Irantzu Bazterra eta haren kuadrilla, Bilboko Aste Nagusiko patata tortillen lehiaketan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Irantzu Bazterra eta haren kuadrilla, Bilboko Aste Nagusiko patata tortillen lehiaketan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
June Montero
Bilbo
2026ko abuztuaren 28a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bilboko Aste Nagusiak ez du berea den jantzirik. Bilbotarrek ez dute Baionakoa eta Iruñekoa bezalako uniforme zuri-gorririk, ezta Gasteizko blusek eta neskek daramaten baserritar jantziaren antzeko arroparik ere. Alde Zaharreko kaleetan eta Areatzako txosnagunean kolore eta forma ugaritako amalgama bat osatzen dute hiritarren arropek. Alkandora loreduna, chino galtza beixak eta zapata dotoreak daramatza paseari batek, eta top estua eta metalezko izarrak dituen kate batez doitutako minigona beste batek. Pastel koloreak gepardo estanpatuarekin kontrastean. Baina soinean daramatzaten osagarrien artean, badaukate antzekotasun bat Bilbon egunotan dabiltzan lagunek: Aste Nagusiko zapia. 

Ez da edonolako oihala: lepoan eramateko zapia da zehazki. Hau da, lau punta dituzten zapi arruntek ez bezala, hiru mutur ditu Bilbokoak. 1978an sortu zuten jatorrizko diseinua, Aste Nagusia lehen aldiz antolatu zuten urte berean. Jai batzordeak kolore urdina hautatu zuen zapia koloreztatzeko. Mahonaren erdigunean zihoan irudia, ordea, Juan Carlos Egillor artistak ondu zuen: hiriko armarria txapelarekin eta, inguruan, Bilbo. Aste Nagusia idazkuna. Egillor izan zen urte hartako jaietako kartelaren egilea ere. 

Geroztik, jatorrizko zapia janzten jarraitu duten arren, beste diseinu batzuk hedatu dira jendearen artean. Zapi horietako bat da hiriko kaleetako lauza karratuarekin sortutako estanpatu zuri-urdina duena. Beste batek atzealde urdinaren gainean dauka brodatua armarria. Bi horiek dira famatuenak, tradizionalaz gain. 

(ID_16385983) (Oskar Matxin Edesa/@FOKU) 2026-08-25, Bilbo. Aste Nagusia, Bilboko Aste Nagusiko arropak-zapiak, konpartsen arropa
Aste Nagusian bilbotarrek gehien janzten dituzten lau zapiak. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Hiru zapi horiei beste bat batu zaie azken urteotan: Gernika-Palestina plataformak palestinarrei elkartasuna adierazteko sortutakoa. Ibon Meñika plataformako kideak azaldu duenez, 2024ko uda atarian jaso zuten ideia. «Gasteizko blusek eta neskek proposatu ziguten Palestinan pairatzen ari diren egoera salatzeko zapi bat sortzea. Festa giroan ere palestinarrak gogoan ditugula adierazteko ekintza xume bat da». Gasteizko jaietan saldu zituzten lehendabiziko aleak, eta egun horietan izan zuten arrakastak «zeharo gainditu eta harritu» zituela aitortu du Meñikak. «Ondoren, olatu itzel bat sortu zen, eta, geroztik, zapiak ateratzen jarraitu dugu». 2024an 35.000 zapi inguru saldu zituzten, eta iaz, berriz, 60.000 inguru. 

Hasierako harridura normaltasun bihurtu da azken bi urteotan, baina uda honetakoa izango da azken kanpaina, Gernika-Palestina plataformako kidearen arabera. Hala ere, azaldu du aurten eskaria «kontrolpean» duten arren jendeak zapia erosten jarraitzen duela. «Askotan ibili naiz zapiak saltzen, eta jendeak bi ideia helarazi dizkigu: batetik, Palestinarekin bat egiteko modu sinplea dela, denontzako eskuragarri dagoena, eta, bestetik, elegantea eta polita dela, kufija eta Gernika koadroa hurbiltzen dituena». Meñikaren aburuz, arrazoi horiek dira zapiaren «arrakastaren funtsa». 

«Askotan ibili naiz zapiak saltzen, eta jendeak bi ideia helarazi dizkigu: batetik, Palestinarekin bat egiteko modu sinplea dela, denontzako eskuragarri dagoena, eta, bestetik, elegantea eta polita dela, kufija eta Gernika koadroa hurbiltzen dituena»

IBON MEÑIKA Gernika-Palestina plataformako kidea

Bilbon ingurura begiratu baino ez dago Palestinari elkartasuna adierazten dion zapia topatzeko. Izaskun Urienek eta Urtzi Leginetxek ere lepoan korapilatuta daramate, haurrarekin batera erraldoien goizeroko kalejirara bidean doazela. «Urtero daramagu zapiren bat, etxean hirurak ditugu: urdina, baldosaduna eta Palestinakoa. Baina uste dugu orain inoiz baino garrantzitsuagoa dela palestinarrei babesa adieraztea». Urienek azaldu duenaren arabera, zapia ez da festetarako jantzi ohi duten arropa bakarra. Badute beren uniforme propioa. «Normalean, mezua duten kamisetak eramaten ditugu. Euskal Eskola Publikoaren aldekoak edo Inor ez da ilegala esaldia daramatenak, adibidez». Leginetxek ere bat egin du haren bikotekideak esandakoarekin: «Jaietan jende asko dago, eta aprobetxatu behar da aldarrikapenak egiteko». 

Konpartsek kamisetak erabiltzen dituzte, hain zuzen ere, kideak bereizteko. Bilboko Konpartsen Federazioan dauden 27 konpartsetako bakoitzak kamiseta bat du, diseinu eta kolore propioak dituena. Batzuetan, kamisetarekin batera zer koloretako prakak edo gona eraman behar diren ere zehazten dute konpartsek. 

Mantal zuriak eta berdeak

Lehiaketa gastronomikoetan parte hartzeko Areatzara joaten diren ehundaka pertsonek ere badute bateratzen dituen janzki bat: amantala. Bilboko konpartsek antolatzen dituzte lehiaketak, eta mantal zuriak eta berdeak banatu dizkiete aurten parte hartzaileei. 

Jon Gurrutxaga, Maialen Beloki eta Nerea Ruiz gazte bilbotarrek patata tortillen lehiaketan eman dute izena. Lagunei begira mintzatu da Gurrutxaga: «Ahaztu egin zait amantala ekartzea». Belokik eta Ruizek, berriz, soinean daramate, zartaginean xirt-xirt dabilen olioak kamiseta zuria zikindu ez diezaien. Amantalaz eta kamiseta zuriaz gain, zapia lepoan lotuta darama kuadrilla osoak. «Urtero ekartzen dugu zapia; hau familiarena da, 2001ekoa, gu baino zaharragoa», azaldu du barre artean Gurrutxagak. 

«Jaietako zapiaz gain, kamiseta iluna, bakeroak eta zapatila erosoak, mendiko botak edo zapata plataformadunak eramaten ditut. Plastikozko zira ekartzea da nire gomendioa, inork ez baitaki Aste Nagusian euria egingo ote duen»

ANGELA MARTIN Arrigorriagako festazalea

Irantzu Bazterra bilbotarraren kuadrilla ere aurkeztu da lehiaketara. Opilari beren ukitua emateaz gain, amantal sotila estiloz jantzi dute txapelketarako. Oihal zuria leopardo estanpatua duen kimono hori batekin apaindu du lagun taldeak. «2023an Albaniara bidaiatu genuen, eta kuadrilla osoak uniforme moduan eraman zuen alkandora. Harrezkero, tortillen lehiaketaren egunean jartzen dugu». 

Areatzako patata frijituen eta arrautza irabiatuen usaina heltzen da gertu dauden txosnetara. San Nikolas elizaren atearen ondoan, Uribarri konpartsako kideek azkar batean zerbitzatzen dituzte garagardoz eta kalimotxoz betetako katxiak. Bertan daude Izaskun Sarasketa eta Ester Garcia, lagun artean edatekoaz eta txistorra pintxoaz gozatzen. Mahonezko arrantzale gona eta kamiseta zuria daramatzate jantzita biek ala biek. Eta ez dira bakarrak. Tarteka, jende artean ikusten baitira gona urdin hori daramaten emakume zein gizonak. Sarasketaren hitzean, «ohitura» bihurtu da gona janztea, euskal dantzetan ibili eta erromerietara joaten direlako. Oinetan, ordea, ez daramate alpargatarik. «Zapatila erosoak eraman behar dira; txankletarik ez, hori ziur», argudiatu du Garciak. 

Goiza eta arratsaldea igarota, su festarekin batera iristen dira Bilbora inguruko herrietatik parrandara datozen gazteak. Abandoko geltokian trenetik jaitsi berri da Angela Martin arrigorriagarra (Bizkaia), eta Aste Nagusira etortzeko «ezinbesteko jantziak» daramatza: «Jaietako zapia, kamiseta iluna, bakeroak eta zapatila erosoak, mendiko botak edo zapata plataformadunak. Plastikozko zira ekartzea da nire gomendioa, inork ez baitaki Aste Nagusian euria egingo ote duen». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA