Artazuko emakumeak, plazan

Artazuko etxe batzuetako fatxadak hemezortzi emakumeren erretratuekin apaindu dituzte. Proiektuaren helburua da, batez ere, herriko emakumeek etxean egin duten lana agerian jartzea eta hari balioa ematea.

Rosario Azkonaren eta Victoria Nuinen argazkiak Artazuko plazan (Nafarroa), astelehenean. AITOR KARASATORRE / FOKU
Rosario Azkonaren eta Victoria Nuinen argazkiak Artazuko plazan (Nafarroa), astelehenean. AITOR KARASATORRE / FOKU
itsaso jauregi 2
Artazu
2025eko ekainaren 5a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Artazuko (Nafarroa) plazaren erdian parke bat dago, hutsik, euriak bustia, eta, ondoan, iturri bat. Txirrindulari batek azkar jaitsi du herriko aldapa, arropa fosforeszentez jantzita, eta beste bat iritsi da atzetik. Iturrian ura edateko atsedenaldi laburra egin, eta plazako begiradekin egin du topo. «Nortzuk dira?», galdetu dio batek besteari; «Artazuko emakumeak», erantzun dio. Alvaro Martinez argazkilariak sortutako lana zuri-beltzeko hemezortzi argazkirekin osatuta dago, eta herriko emakumeak agertzen dira horietan.

Argazkiak 100 zentimetro luze eta 70 zabal dira, zuri-beltzekoak; argazkietako protagonistek begirada irmoa dute, lasaia eta zuzena, eta irribarre erdia. «Jarrera jakin batekin eta irribarre erdiarekin ateratzea nahi genuen; ez nuen aho zabalik nahi», azaldu du argazkilariak. Irudietan agertzen diren emakumeek asko bizi izan dute, baina haiek egindako lana «ikusezina» izan da, Txaro Etxetxipia Artazuko alkateak azaldu duenez: «Herriko emakumeak nahiko ezkutuan egon dira beti, etxean, lan ikusezina egiten. Argazkien bitartez, herriko adineko emakumeak ezagutarazi nahi genituen». Duin eusten diote kameraren aurrean.

Argazkilariak herriko emakumeengan jarri nahi zuen arreta: distrakzioak alde batera utzi, eta haien begiradari bakarrik erreparatu. Horregatik erabaki zuen argazkiak zuri-beltzean egitea: «Zuri-beltzak hobeto islatzen du pertsonen arima. Koloreak arreta desbideratzen du. Iruditzen zait jendearen esentzia hobeto islatzen dela zuri-beltzean. Gainera, bufanda deigarriak erabili zituzten!». Begiradez gain, eskuak ere garrantzitsuak dira erretratuetan, baina Martinezek onartu du «nahi gabe» izan dela hori. Emakumeei eskatu zien haien izaera irudikatzen zuen objektu bat ekartzeko, haien bizitzan garrantzitsua izandako elementuren bat. Argazkietan, emakume bat pala batekin agertzen da, : beste bat josteko orratz batekin, eta beste batek saski bat dauka, intxaurrez betea. «Eskuekin lan handia egindakoak direla nabarmentzeko ere balio izan zuen horrek, baina hori nahi gabe izan zen», onartu du Martinezek.

«Poz-pozik etortzen ziren udaletxera argazkiak ateratzera, dena prest baikeneukan han. Ile apaindegira joan ziren, eta oso pozik etorri ziren», gogoratu du alkateak. Emakume guztiak ez zitezen elkartu udaletxeko sarreran, txandaka deitzea erabaki zuten, binaka. Baina alferrik izan zen: besteek argazki saioa zer ordutan zuten jakin, eta emakume asko agertu ziren udaletxera, ikusteko argazki saioa nolakoa zen, soinean zer eraman beharko zuten eta argazkiak nola ateratzen zituzten. Udaletxe barruko bankuan eserita geratu ziren guztiak, esperoan, kameraren flashak lagunen begirada nola harrapatzen zuen ikusten.

Emakumeen herria

Erakusketa 2019ko maiatzaren 25ean zabaldu zen, Mañeruibarko Eguneko berdintasunaren aldeko ekitaldien barruan. Egun hori maitasunez gogoratzen du alkateak: hitzaldiak antolatu ziren, eta, horietan, zenbait gaztek mirespenez hitz egin zuten herriko adinekoei buruz: haien historia kontatu, eta egindako lana eskertu zieten. Jota batzuen ondoren, argazkietan agertzen diren emakumeetako batek hitz egin zuen guztien izenean, proiektuagatik eskerrak emateko.

Argazkiak herrian zehar sakabanatzea pentsatu zuten hasieran, baina, azkenean, erabaki zuten argazki guztiak herriko eremu publikoan jartzea, jendeak egunerokoa egiten duen lekuan. Herriko plazan bizi diren bi emakumek euren fatxadan dute argazkia, baina beste irudiak non jarri zehazteko zozketa egin zuten. Argazkietan agertzen diren emakume guztietatik lau hil egin dira, eta Etxetxipiak argitu du irudiak baliagarri direla horien ondarea bizirik iraunarazteko: «Plazan bada konpondu behar den etxe bat, eta seme-alabek konpondu nahi dute, baina esaten dute: 'Nire ama ez duzue ukituko, e?'».

Argazkiak egin zituztenetik sei urte igaro dira, eta irudiek hor jarraitzen dute, herriko plaza apaintzen. Argazkilariaren arabera, urtero planteatzen da zer egin emakumeen argazkiekin, hasieran erakusketa aldi baterakoa izatea baitzen asmoa. «Baina urtero erabaki da bere hartan uztea. Herriko jendeak argazkiak hor egotea nahi du», azaldu du herriko alkateak. Inguruko herrietan «emakumeen herria» goitizena hartu du Artazuk, Martinezek azaldu duenez, eta horrela segitzea da asmoa. Erretratuak etxeetako hormetan ikus daitezke, herriaren erdigunean barna paseatuz Artazuko emakumeak banan-banan ezagutzeko aukera eskaintzen duen ibilbidean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.