«Ez da ezer ikusten; laister ilunduko da; erreta nago; erreta dago; argirik ez; bonbilla erreta dago; isiotu argixe». Josetxo Jaioren ahotsa entzuten da off-ean. Pantaila beltzaren erdian zuriz idatzita ageri dira berba horiek, ingelesera itzulita. Hitz zerrendak paisaia ezagunen eszenekin tartekatzen dira pelikulan. Soro berdeak, harrizko hesi bat, baserri bat, abandonatutako lantegi bat, frontoi bat eta artasoro bat. Gizonaren oroitzapenak dira. Haren alaba Iratxe Jaiok bildu ditu Desagertzen diren hitzen lexikoa filmean.
Artistaren aita duela hiru urte inguru konturatu zen memoria galtzen ari zela. Orduan abiatu zuen oroitzapenak eta unean uneko burutapenak gordetzeko lana. Irribarrez, gogora ekarri du «antsietate entziklopediko» batek hartu zuela bere aita. «Argi zegoen berak zer nahi zuen: buruan zeukana atera eta kopia bat egitea. Familian kudeatzeko zaila izan zen, baina zekiena transmititzeko beharra zuen aitak, galdu ez zedin».

Jaiok «liluragarria» deritzo aitak oroimenari eusteko sorkuntzara jo izana. Merkataritzan aritu da lanean, eta, orain arte, ez du inoiz artearekin zerikusirik izan. Artearen mundua «elitista» izan daitekeela onartu du Jaiok, baina bere aitarentzat teknika artistikoak baliatzea «erraza» eta «intuitiboa» izan dela nabarmendu du.
Urtebetean milaka paper puskaz bete zituen hainbat kutxa. Ohar horietan gogorapenak, hitz zerrendak eta esamoldeak idatzi zituen, bere ama hizkuntzan, bizkaieraz. Urte berean, 14.000 argazki ere atera zituen, egunerokoan aurkitzen zituen lekuak eta objektuak erretratatzen zituztenak.
Gutxietsi beharrean
«Iratxe, ikusi duzu egin dudan azken argazkia?». Hala jakinarazten zion alabari hodeira argazki bat igotzen zuen bakoitzean. «Kontaktu hori oso hunkigarria iruditzen zait, ni 1.400 kilometrora bizi bainaiz». Jaiok Bizkaian ikasi zuen Pintura, Leioako Arte Ederren fakultatean, eta 1998. urtean Herbehereetara joan zen Erasmus programaren bidez. «Denak buelta eman zidan», oroitu du. Gradua bukatzean, hara bueltatzea erabaki zuen. Garai hartan ezagutu zuen Klaas van Gorkum, bere bikotekidea eta lankidea. Harrezkero, proiektu gehienetan elkarlanean aritu dira, eta hogei urte baino gehiago daramatzate Rotterdamen bizitzen. Hain justu, hiri horretako Tent aretoan ipini dute filma, Lend Me Your Ears erakusketaren barnean. Hamaika minutuko ikus-entzunezkoarekin batera, Josetxok atera dituen argazkien bilduma bat ere aurkeztu dute.
Pelikula egitearen ideia ere Josetxo Jaiorena izan zen. Berak eskatu zion alabari Rotterdametik Euskal Herrira bisitan zetorrenean kamera ekartzeko. Grabatzeko, baina, denbora askorik ez zutela azaldu du Jaiok. «Gurasoen etxera oporretan joaten gara, astebetez edo hamar egunez, eta ezin ginen egunero filmean lanean aritu». Hori dela eta, eszena asko ordu bakar batean grabatzen zituzten.
«Emate hori ez da gertatzen jasotzeko inor ez badago», hausnartu du Jaiok. «Errazagoa zen aitaren ezinegonari ez ikusiarena egin eta gelditzeko eskatzea». Argi du hori. Familiaren rola oso garrantzitsua izan dela nabarmendu du, Josetxoren «misioa» gutxietsi beharrean hura bideratzen lagundu diotelako. Etapa gogor bati beste era batean aurre egitea erabaki zutela azaldu du Jaiok. «Prozesua terapeutiko bihurtzea izan da helburua, eta, bidean, bizipen politak sortzea». Artistaren arabera, oroimena galtzen hasi zenetik, gogorapen berriak sortzea «altxorra» izan da bere aitarentzat.
«Argi zegoen berak zer nahi zuen: buruan zeukana atera eta kopia bat egitea. Familian kudeatzeko zaila izan zen, baina aitak zekiena transmititzeko beharra zuen, galdu ez zedin»
IRATXE JAIOArtista
Beste erronka batzuk ere egon dira. Irudi asko Super-8 pelikula erabiltzen duen kamera batekin grabatu zituen Jaiok —8 milimetroko zabalera du filmak—. Kamera horrekin, ordea, hiru minutuko grabazioak baino ezin dira egin, eta, gainera, filma digitalizatzeko laborategira bidali eta hilabete eta erdi itxaron behar da. Beraz, grabazio egunetan «erabateko efizientzia» lortu behar zutela azaldu du. Horretarako, honako sistema hau erabiltzen zuen: kamera hartu, eta aitari oroitzapenak azaleratzea eragiten zioten lekuetara joatea, besteak beste, Markina-Xemeinera, jaio zen baserrira edo Gernikara.
Oroitzapenak pelikula baten antzera etortzen zitzaizkiola esaten zion. Entzun eta egin. Edo egiten saiatu, behintzat. Aitari burura etortzen zitzaizkion irudiak nola imitatu pentsatzen hasi zen. «Oroitzapenetara hurbiltzeko ahalegina egiten dugu filmean. Ezinezkoa da memoria birsortzea, baina buruko pelikula horretara hurbiltzeko ariketa egin dugu».
Oroitzapenetara ahal bezain beste hurbiltzeko, Jaioren ilobak eta semeak antzezten dituzte Josetxo umearen eta nerabearen rolak. Artistaren ilobak, Peio Urteagak, 5 urte ditu, eta, semeak, Iñaki van Gorkumek, 17 urte.
Oroimen zatikatua
Filmean oroitzapenak irudikatzen dituzten eszenak eta Jaioren aitaren hitz zerrendak tartekatzen dira. Bi elementuek lotura izan beharko luketela dirudi, baina, Jaiok azaldu duenaren arabera, ez da horrela. «Nire aitak orain gogoratzeko duen moduaren zentzua mantendu nahi nuen; hau da, oroimen zatikatua, hutsune pilo batekin, fikzionalizazio handiarekin eta errepikapenekin. Hori dela eta, gure joera batzuk apurtu egin behar izan ditugu: ez dugu hasiera eta bukaera duen narraziorik egin, eta irudiak eta hitzak elkarren ondoan jarri ditugu, aitak jartzen dituen moduan, ausazko asoziazioak eginez». Hortaz, hitzen eta irudien arteko lotura egitea ikuslearen esku dagoela iradoki du Jaiok.
Baina pelikula ez da Desagertzen diren hitzen lexikoa lana osatzen duen pieza bakarra. Zortziehun argazki inguruko bilduma bat ere badago. Josetxok 2024. urtean zehar atera zituen 14.000 argazki horien hautaketa bat da.
Hainbeste argazki kudeatzea «zaila» izan zela azaldu du Jaiok. Lana errazteko, adimen artifiziala darabilen ordenagailuko programa bat baliatzea proposatu zion Klaas van Gorkum lankideak. Programak argazkiak ikuskatu eta bertan agertzen dena interpretatzen du, eta, ondoren, horren araberako etiketak esleitzen dizkio irudiari.
«Aitarentzat ezinbestekoa zen besteok ulertzea kontatzen ziguna esanguratsua zela, baina ulermen hori ez da gertatzen zerbait transmititze hutsagatik. Ematen duzunaren kontrola galtzen duzu, nahiz eta zuk katebegi bat zarela sentitu»
IRATXE JAIOArtista
Sailkapena eginda, adimen artifizialari irudien deskribapenak ere eskatzea erabaki zuten Jaiok eta van Gorkumek. Hamabi egunez eta gauez egon zen argazkiak prozesatzen eta testuak sortzen. Irudiak antolatzeko baliatu zuten erreminta «gogoetarako tresna» bihurtu zela azaldu du: «Adimen artifizialak ez du soilik deskribatzen. Argazkian dagoena ulertzen ez duenean, existitzen ez diren gauzak ikusten ditu. Baina arrazoia duela uste du beti, eta hori oso interesgarria da. Memoriarekin ere antzeko zerbait gertatzen da: nola interpretatuko dugu guk gure oraina etorkizunean?».
Oroimena galtzen ari zela sumatzeak bultzatu zuen Josetxo sorkuntzara, baina, Jaioren arabera, proiektua ez da bere gaixotasunaren erretratua. Hala ere, aitortu du aitaren bizitzaren inguruan zer erakutsi eta zer gorde erabakitzeko orduan «zalantza handiak» izan zituela. «Aitaren bizitza ez da erraza izan, eta bizipen traumatiko horietaz asko gogoratzen da». Baina, gertakizun horiek memorian utzitako aztarna islatu nahi zuen arren, ez zuen nahi filmaren muina hori izaterik. Oroitzapenak zehatz-mehatz adierazi beharrean, «emozioen eta poesiaren» bidez azaltzearen aldeko apustua egin zuen.

Prozesuak transmisioaren inguruan hausnartzera bultzatu du Jaio: «Aitarentzat ezinbestekoa zen besteok ulertzea kontatzen ziguna esanguratsua zela, baina ulermen hori ez da gertatzen zerbait transmititze hutsagatik. Ematen duzunaren kontrola galtzen duzu, nahiz eta zuk katebegi bat zarela sentitu».
Artelana bukatzean, idazteari eta argazkiak ateratzeari utzi zion Josetxok. Alabak dio aitak jada eman diola «munduari eman nahi zion guztia».