Atzekoz aurrera

Gorsy Edu: «Artea da ezberdinen arteko zubiak eraikitzeko tresna bakarra»

Askok 'Touré Detektibea' telesailean agertu delako izango dute gogoan Gorsy Edu, baina aktorea baino askoz gauza gehiago da ekuatoreginearra, eta Afrikaldia inauguratu zuen asteartean, ikuskizun musikal batekin. Bertan jaso du EITBk emandako saria.

Gorsy Edu
Gorsy Edu, iragan den astelehenean, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Peru Amorrortu Barrenetxea
2026ko azaroaren 5a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Jaioterritik zuzenean Gasteizera iritsi da Gorsy Edu artista (Angok Nsuebot, Ekuatore Ginea, 1971), zinema afrikarren bertako jaialdiaren hasiera ekitaldian parte hartzeko. Bertan jaso du bertan jaso du ikus-entzunezkoetako aniztasun eta irudikapenari EITB-AFK saria. Nekea eta Gasteizko udazkeneko hotza nabari ditu ahots urratuan, baina luze mintzatu da Euskal Herrira sarritan ekarri duen ibilbide artistiko oparoaz. 

Aktorea, koreografoa, dramagilea, musikaria, trebatzailea... Etiketa askorekin deskribatzen zaituzte. Nola definituko zenuke zeure burua artista moduan?

Nik honela definitzen dut neure burua: garai batean bere buruari galdera bat egin zion eta oraindik ere egiten dion gizona. Ez nuke ogibide horietako bat soilik aukeratuko, artistikoki norbere burua mugatzea oso zaila den kultura batetik nator eta. Guk uste dugu artea egitearen kontzientzia dela. Zerbait kontzienteki egiten baduzu, Ekuatore Ginean artista zara. 

Beraz, arteak diziplina guztiak barne biltzen ditu: kanturik ez da negarrik gabe, negarrik ez musikarik gabe, musikarik ez dantzarik gabe, eta dantzarik ez poesiarik gabe. Hortaz, nire artearen aurpegi guztiak galdera horren barruan daude: nor naizen, zer nahi dudan, eta zer komunikatu diezaiekedan besteei. 

Zure karrera artistikoari abiapuntu bat jarri beharko bazenio, non jarriko zenuke?

Akademikoki, aktore ikasketak egin nituen, baina artista eta musikari familia bateko kidea naiz. Nire bi aitonak batez ere, artista eta musikari ezagunak ziren Ginean. Hortaz, esango nuke familiako oinordetza bat dela nolabait, jaiotzetik datorkidala artista izate hori. Jende askok griot modernotzat jo izan nau. Gure kulturan, hitzaren zaindariak dira horiek, ondarea gordetzen duten kontalari eta artistak; ni deskribatzeko modu nahiko zehatza dela esango nuke. 

Aktore ikasketak egin zenituen, eta zure aktore ibilbideak lotura estua izan du Euskal Herriarekin. Nola iritsi zinen herrialde honetara?

Euskal Herriarekin dudan harremana ni hona iritsi baino askoz lehenagokoa da. Hain zuzen ere, nire herri ondoko hiria, Ebebiyin, euskal herritar batek sortu zuen, [Basilio] Olaetxea zeritzonak. Aitak istorio asko kontatzen zizkidan gizon horri buruz ni Europara etorri baino lehen. Bilbotarra zen, eta, horregatik, gure hiriko futbol estadioak San Mames du izena, gure patroia Begoñako Ama da, eta horrelakoak. Beraz, bazen lotura bat, ez?

Hortaz, Espainiara heldu nintzenean, Manuel Iradier elkarte afrikanistarekin harremana egin nuen, eta haien bitartez amaitu nuen Euskal Herrian, Omer Oke zuzendari benindar euskal herritartuaren bi pelikula egiten, Bamako maitea eta Kripan, herri baten ametsa. Bi horietan aritu nintzen lehen aldiz protagonistaren rola jokatzen.

Ardura handia izan zen, baina zortea izan nuen, aliatu berezi bat izan bainuen bi ekoizpen horietan: argazkilaritza zuzendaria, Gaizka [Bourgeaud]. Nire aingeru guardakoa izan zen, eta hark gidatzen ninduen. «Nik esaten badiat ongi dagoela, Gorsi, ongi zegok», esaten zidan. Esperientzia ikaragarria izan zen. 

Aktore beltzei rol jakin batzuetarako bakarrik deitzen dizuetela uste al duzu, edo nahi zenuena egiteko askatasuna izan duzu?

Antzerkian, nahi dudana egin ahal izan dut, baina hor ere zorte handia izan nuen. 2004an, zuzendari valentziar bat ezagutu nuen, Santiago Sanchez. 20 urte daramatzat harekin lanean, eta berak ez du profilekin edo azal koloreekin lan egiten: aktoreek oholtza gainean ematen dutena inporta zaio. Harekin denetarik egin ahal izan dut; esaterako, Don Juan Tenorio antzezlanean Centellas kapitainarena egin nuen, nahiz eta pertsonaia hori beltza ez izan. 

Bestalde, egia da zineman eta telebistan gidoilariek rol oso estereotipikoetarako nahi izan dituztela aktore beltzak: kaleko saltzaileak, etorkinak... Gauzak, ordea, aldatzen ari dira, eta hor, nire ustez, Touré detektibea telesaila haustura bat izan da. Jon Arretxek Bilboko San Frantzisko auzoa den bezala irudikatu zuen bere eleberrietan, estereotiporik gabe, eta hori telesailean islatzen da: aktore asko daude, eta haien rola ez du azalaren koloreak zehazten. 

Aktorea soilik ez, hezitzailea ere bazara. Zelako lana egin duzu esparru horretan?

Eduk'art izeneko heziketa programa sortu nuen, artea hezkuntzaren zerbitzura jartzeko. Elkarbizitza esparruak sortzea du helburu. Nire kulturan, norabait bizitzera zoazenean, auzokide bilakatzen zara, komunitatearen parte. Neure buruari galdetu nion ea zerbait eskaini ote niezaiokeen auzokide gisa hartu ninduen herrialde horri, eta egitasmo hau sortu nuen, artearen bitartez gazteei irakasteko elkarbizitza eta komunikazioa zer diren, eta gatazkak edo gaizki ulertuak nola konpondu. 

Ezberdinen arteko zubiak eraikitzeko tresna al da artea?

Bai, eta ez edozein tresna: tresna bakarra da, nire ustez, artea ez baita adimenera iristen, bihotzera baizik.  Nire kulturan, ezberdintasuna ez da negatiboa, positiboa baizik. Hiru gauza berdin badituzu, bi bota ditzakezu, baina hiru gauza ezberdin eta osagarri badituzu, hor sortzen da aberastasuna, gizarte plural eta oparoa. Hori irakatsi nahi dut nik.

Lotsabako

Jorratu dituzun diziplinetatik zein aukeratuko zenuke?
Ahozko narrazioa.

Nola definituko zenuke zeure burua artista gisa esaldi bakarrean?

Izan, egon eta egin, hirurak egiten dituen norbait.

 

 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA