Artea, forma anitzetan

Urtero legez, Lan ta Lan Gabonetako artisautza azoka egiten ari dira Gasteizko Probintzia plazan. Jende asko ibili da egunotan opariak erosten: jostailuak, arropa, lurrinak, maskotentzako objektuak, eskulanak... Denetarik dago azokan.

Gasteizko Lan ta Lan azoka. UNAI ETXENAUSIA URIBARREN
Gasteizko Lan ta Lan azoka. UNAI ETXENAUSIA URIBARREN
unai etxenausia
Gasteiz
2026ko urtarrilaren 3a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sarreratik bertatik antzeman daiteke Gasteizko Lan ta Lan Gabonetako artisautza azoka ez dela ohiko merkatu bat. Probintzia plazako karparen barrura sartzean, argi epelak eta oihal zuriz estalitako sabaia ikusten dira, baita askotariko produktuak ere: egurrezko piezak, oihalezko osagarriak, zeramika eta eskuz egindako objektu txiki ugari. 27 postutan banatuta, bisitariek ehunka aukera dituzte Gabonetarako opariak aurkitzeko: jostailuak, bitxiak, eskulanak, arropa eta lurrinak, besteak beste.

Postuz postu ibiltzeak erritmo geldoa eskatzen du. Ez da presaka ibiltzeko gunea. Egurrezko taula bakoitzak bere marrazki propioa dauka, zuntz bakoitza desberdina da, eta hormetan zintzilik dauden koadro eta piezek paisaiak, animaliak edo sinbolo tradizionalak ekartzen dituzte gogora. Postu batzuetan, egurra lantzeko tresnen markak ikusten dira oraindik piezetan; beste batzuetan, harien arteko kolore konbinazioek harrapatzen dute begirada.

Oihalezko osagarriak nonahi ageri dira: poltsak, gerrikoak, lepokoak… Baina bada bat bereziki bitxia dena: txakurrentzako objektu bereziak saltzen ditu Ana Ordoñezek, Perra Vida izeneko haren saltoki xumean. «Arnes eta uhala koloretsuak», esaterako, denak berak eginak dira, denak errepikaezinak. «Bigarren urtez etorri naiz Kantabriatik, eta ikaragarri gustatzen zait azoka hau. Ederra da Gasteizko giroa, eta oso gustura egoten naiz hemen beti», azaldu du.

Dena miatu eta erosteko asmotan bertaratu dira bisitarietako asko. Mugimendua etengabea da, baina lasaia. Batek pieza bat hartu, pisatu eta ukitu egiten du; beste batek prezioa galdetu dio saltzaileari. Elkarrizketak laburrak dira, xuxurlazkoak, baina etengabeak: «Nondik dator egurra?», «zenbat denbora behar da poltsa bat egiteko?», «kolore horretako beste diseinurik baduzu?».

Artisauek, postuen atzean, pazientziaz eta harrotasun apur batez azaltzen dute beren lana. Haien eskuak dira azokaren erdigunea: hariak mozten, egurra leuntzen, piezak ordenatzen, dirua kobratzen edo bisitariei begietara begira azalpenak ematen. Ez da salmenta hutsa; trukea da, objektuen eta istorioen arteko trukea.

Irudi txiki eta bitxiak saltzen ditu Marcelok, «mito txarrei buelta emateko» asmoz: «Hamalauzango eta antzeko pertsonaien inguruko pertzepzioa aldatu nahi dugu, eta figura positibo bihurtu; mezu positibo bat dakarten figuratxoak dira». Bisitariek eskertzen dituzte halako postuak, jende andana gelditzen baita haren postuaren aurrean.

Kanpoan hotza egiten du, baina barruan bero goxoa dago —ez bakarrik berogailuagatik, baizik eta sortzen den giroagatik—. Lan ta Lan azoka babesleku moduko bat bihurtzen da egunotan: denborari astiroago pasatzeko aukera ematen dion lekua, non Gabonetako presak atarian geratzen diren eta eskulanaren erritmo geldoak agintzen duen. Azokatik irtendakoan, askok ez daramate soilik poltsa bat eskuan; istorio txiki bat ere eramaten dute, norbaitek eskuz egindako zerbaiten atzean dagoen denbora, arreta eta dedikazioarena. «Aurten ere ez naiz esku hutsik atera», esanda agurtu da erosle bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.