Udako proposamenak

Artea umearen eskuetan

'Kooperatiba' erakusketaren inguruko tailer bat prestatu dute Tabakaleran, adin guztietako bisitarientzat.

Taxio Ardanazen margolan batzuk, Tabakalerako 'Kooperatiba' erakusketan. TABAKALERAK UTZITAKOA
Taxio Ardanazen margolan batzuk, Tabakalerako 'Kooperatiba' erakusketan. TABAKALERAK UTZITAKOA
2026ko abuztuaren 28a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hilabete luzez izango da ikusgai Kooperatiba arte esposizioa, Donostiako Tabakalerako erakusketa aretoan. Taxio Ardanazen eta Carla Filiperen arte proposamenak uztailaren 3an ikusi zuen argia; hura bisitatzeko azken eguna, berriz, datorren urteko urtarrilaren 10a izango da. Publiko zabalarentzako moduko erakusketa da; horrenbestez, haurrek ere erakusketarekin hartu-emana izan dezaten, Kameleoiak gara! tailerra prestatu dute adin guztietako herritarrentzat. Uztailaren 18an egin zuten lehena; bigarrena, berriz, bihar egingo dute, eta aldez aurretik eman beharko da izena. Irailaren 12an, azaroaren 21ean eta abenduaren 12an ere egingo dituzte tailerrak.

Erakusketak elkarrizketan jartzen ditu iraganeko obrak, artxiboak, lengoaia grafikoak… Esperientzia kolektiboarekin hertsiki lotuak daude denak, iraganeko emantzipazio proiektuek utzitako hondarrekin eta iruditeriarekin. Nerea Herdandez Serna Tabakalerako hezkuntza koordinatzaileak hala azaldu du: «Artista bakoitzak bere ibilbidea egin arren, memoria historikoan egiten dute topo biek». 

Erakusketa bisitatzen duten gehienak helduak izaten dira. Hernandezek, baina, «oso garrantzitsutzat» jo du umeen artean ere artea eta hausnarketa sustatzea. Hori bai, aitortu du sarritan «zaila» izaten dela umeei artea azaltzea, gehienbat haurrek «egilearenaz bestelako hizkuntza bat» izaten dutelako. Horrenbestez, transmisiorako oztopo horiekin apurtu nahi dute Kameleoiak gara! tailerraren bidez. Collagea eta marrazketa erabiliko dituzte umeak interakzioan aritu daitezen erakusketarekin. «Asko zentratzen gara gorputz dinamiketan eta eskulanetan». Tabakalerako hezkuntza koordinatzaileak azaldu du erakusketetan, finean, artistek munduaren inguruan egindako ikerketak eta gogoak biltzen direla. Hori horrela, «txikitatik horrelako galderen inguruan pentsatu ahal izatea eta erantzunak bilatzea» da tailerren jomuga nagusia.

(ID_17873039195805) Carla Filiperen artelana, Tabakalerako Kooperatiba erakusketan.
Carla Filiperen artelan bat, Tabakalerako Kooperatiba erakusketan. TABAKALERAK UTZITAKOA

Biak ere iraultzan murgilduta

Carla Filipek herri kulturaren eta aktibismo politikoaren arteko harremanak aztertzen ditu, ikuspegi kritikoz. Portugalgo Krabelinen Iraultza oso presente izaten du bere arte adierazpenean. Oro har, prozesu iraultzaileak ditu iturburu, baina emakumeen rolari erreparatzen dio gehien; ezkutukoak diren emakumeei. Collage, brodatu eta marrazki forma hartzen du haren emaitza estetikoak. 

Taxio Ardanazen lanak, bestalde, ideologiaren, errepresentazioaren eta memoriaren arteko tentsioak ditu ardatz. Liberazio eta errepresio garaiak ikertzen ditu. Errumanian, Iranen, Ameriketan… aritu da lanean; eta hango eta hemengo kartelak, pegatinak eta argazkiak erabiltzen ditu bere margolanetarako.

Ardanazek argi dauka Filiperen eta bien sorkuntzek zertan bat egiten duten; izan ere, biek ere larritasunez bizi dute gizakiak iraganarekin duen harremana, «obsesionatzeraino eta guzti akaso». Beraz, erakusketaren helburua da iraganaren eta orainaren inguruko hausnarketa hizpidera ekartzea, «oraina ulertzeko». Nolanahi ere, iraganaren zabaltasunean ere zehaztasuna bilatzen dute: orain arteko prozesu politiko emantzipatzaileen zehaztasuna. Finean, «porrot» moduan ulertzen diren iraultzekin egin dute lan. Ardanazek argi adierazi du: «inoiz ez dira porrotak», etorkizunerako jakintza baino. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA