ATZEKOZ AURRERA. Marta Txibite. Artisaua

«'Artisautza' terminoa ez da beti ondo erabiltzen»

Tailerrean egindako lana jendaurrean erakutsi eta saltzeko aukera izaten dira artisautza azokak eskulangileentzat. Aukera hori baliatzen ari da egunotan Marta Txibite larrugina, Donostian.

BERRIA.
Julen Aperribai.
Donostia
2017ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Gabonetako eskulangintza azoka egiten ari dira egunotan, Donostian, Lur Kolektiboa artisau elkarteak antolatuta. Bihar da azoka bisitatzeko azken eguna. Larruarekin egindako produktuak saltzen ditu azokan Marta Txibitek (Donostia, 1961). Garrantzitsua da harentzat azoka; batez ere, artisauaren eta eroslearen arteko zuzeneko harremana ahalbidetzen duen espazio bakarrenetako bat delako.

Garrantzitsua al da zuretzat eta negozioarentzat Gabonetako artisautza azoka?

Oso garrantzitsua. Kontuan izan behar da azoka honetan urte osoan egindako lana aurkezten ari garela. Artisauaren lan nagusia tailerrean bertan dago, eta azoka erakuslekuoso on bat da egindako lana publikoari aurkezteko.

Produkzio handien garaiotan, eskuz eginiko lana gehiago baloratzen dela nabari duzu?

Badaramatzagu urte batzuk azoka honetara etortzen, eta publikoarentzat ere ezaguna da. Erostera etortzen denak badaki zer erosi nahi duen, eta produktuen kalitatea eskertzen du. Kalitatezko produktuak eskaintzen ditugu guk, baina kalitatearen eta prezioaren artean oreka bat dago. Jendeak hori kontuan hartzen du.

Produktua bera saltzeaz gain, horren atzean dauden balioak erakutsi nahi dituzue azokan?

Bi gauzak egiten saiatzen gara. Salgai daukaguna saltzea garrantzitsua da, baina azokak gauza gehiagorako aukera ere ematen du. Jendea ezagutzeko eta zuzeneko harreman hori egiteko aukera ematen du. Hori dela eta, unean-unean eskura ditugun produktuak saltzeaz gain, enkarguak ere jasotzen ditugu. Balioei dagokienez, artisautzak berekin dakar lan egiteko modu bat; eskuz egiten dugu lan, eta erabiltzen ditugun materialak naturalak dira. Horrek bere kostua du, baita ekonomikoki ere. Hori kontuan hartu behar da; izan ere, kalitatezko produktuengatik ordaintzen da, eta, gainera, aurrez aurreko harremana dago eroslearen eta saltzailearen artean.

Artisau azokan zaudeten denok artisautzatik bizi zarete?

Gehienok bai, behintzat. Artisau gisa erroldatuta egotea beharrezkoa da azokan parte hartu ahal izateko, baita profesionala izatea ere.

Eta zaila al da, gaur egun, profesional izatea?

Bai, oso zaila da, BEZa asko igo baita. Antzerkian eta kulturako beste jarduera batzuetan bezala, BEZa nahiko apala genuen lehen, baina, igo zutenetik, gero eta zailagoa da lanbide honetatik bizitzea.

Zein funtzio du Lur Kolektiboak?

Azokak antolatuz artisautza bultzatzea, batez ere. Azokak guk geuk antolatzen ez baditugu, beste batzuk antolatzen dituzte, eta artisautza terminoa ez da beti ondo erabiltzen. Kalitatea bermatu behar da, eta kontrolatu etortzen direnak zein diren eta zer saltzen duten. Hori oso garrantzitsua da guretzat.

Zergatik diozu artisautza hitza oker erabiltzen dela?

Beste toki batzuetatik ekar daitezke produktu artisauak, baina horiek saltzen dituztenak ez dira beti artisauak; saltzaile hutsak ere izan daitezke. Askotan, oso prezio txikian erosten zaizkie produktuak artisauei, ondoren saltzeko. Ez dira hemen eginiko produktuak izaten, eta egin duenari ez zaio behar adina ordaintzen.

Artisau azoketan izan ezik zuen produktuak ezin dituzuela saldu bestelako espazioetan; horren falta sumatzen duzue?

Horretaz askotan hausnartzen dugu, baina ez dugu jakiten oso ongi gaia nola jorratu. Webguneak eta antzekoak egiten ditugu. Azokak beharrezkoak direla argi dago, jendeari zuzeneko harremana gustatzen baitzaio.

Saltzeko bide berririk probatu duzu?

Pentsatu, pentsatu izan dut, baina oso zaila da praktikan jartzea. Gure produktua oso berezia da. Webgune bat gehienok badaukagu; baina,hortik aurrera, ezer gutxi. Gure lan indarrak ere mugak ditu, eta ezin dugu dena saldu. Gure lana, batez ere, tailerrekoa da; ekoiztea, alegia. Gero dator komertzializatzeko lana, eta horretan modu berriak asmatzea ez da lan erraza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA