Txarangek, kontzertuek eta, peñen eskutik, karriketan gora eta behera aritzen diren musikariek osatzen dute sanferminetako eguneroko soinua. Soinu ofiziala. Horrekin batera, hala ere, hiriko bazterrak girotzen eta alaitzen ahalegintzen da, egunero, bertzelako talderik. Besten bertze soinua egiten dute. Sanferminak lantoki dira haientzat, eta besta zaleen laguntzarekin, hiriko karrikak oholtza erraldoi bilakatzen dituzte.
Kaleko artistak dira. Musikariak, kantariak, giza estatuak. Iruñeko izkinak antzoki bihurtu dira sanferminak hasi zirenetik. Iruindarren eta bisitarien txanponekin batera, txaloak bilatzen dituzte artistok. Aurrera egiteko. Berni Wilsonek erruz lortu ditu, egunero. Sei edo zazpi orduz aritzen da lanean. Karrikan flauta jotzen duen panpina bilakatu du bere ikuskizuneko izar. Panpinaren bizkar zorroa benetako artistaren ezkutalekua da. Hari esker lortzen du Wilsonek nahi duena. Benetan karrikan bere ikuskizuna eskaintzen ari dena panpina dela sinestea ikusleek.
«Duela hamabost urte etorri nintzen lehendabiziko aldiz. Besta bereziak dira sanferminak. Jendetza dago, baina, oro har, jendeak errespetu handiz egiten dio so karrikan aritzen garenon lanari. Lehia, hori bai, gero eta handiagoa da». Eskoziarra da Wilson, baina herriz herri ibiltzen da udan, hiri bateko zein bertzeko karrikak antzoki bilakatuz.
Lehen lerroan diren haurrengana hurbiltzen denean, izua ere eragiten du Wilsonen panpinak. Antonio Mellado Capi-k, berriz, gihar bat ere ez du mugitzen, mozorroa jantzi eta zutoin gisa erabiltzen duen kutxa gainera igotzen denean. Giza estatua da. 1918. urteko trenbideetako langile baten rola jokatzen du. «Osaba bat nuen trenbideetako langile, eta haren omenez erabaki nuen pertsonaia hau asmatzea». Bertze hainbat ditu. «Gizon ikusezina, sorgina, pailazoa...». Bartzelonan sortu, baina Madrilen ematen du negua. «Uda, berriz, alde batetik bertzera. Euskal Herrira gustura etortzen naiz, jendea jatorra da. Arazoak, izatekotan, kanpoko bisitariekin sortzen dira».
Pazientzia behar du karrikako artistak, Melladoren hitzetan. Eta, batez ere, lasaitasuna. Eta kontzentratzeko gaitasuna. «Erabat kontzentratuta nagoenean, jendeak inguratuta nagoela ere ez naiz konturatzen». Ofizio gogorra eta polita da giza estatuarena, haren ustez, baina gero eta gehiago ofizio horri buruz ezer gutxi dakien jendea karrikan badela salatu du. «Madrilen elkartebat dugu egoera horri aurre egiteko».
Kutxa gainera igotzeko ordua iritsi zaio Melladori. Trenbideetako langileari. Giza estatua lanean hasi bitartean, Gazteluko plazan diren besta zaleak enparantza zeharkatu duen musikari taldearen atzetik joan dira. Nork bere bestaren soinua egiten baitu sanferminetan.
Sanferminak Iruñean
Artistek hartu dituzte karrikak
Iruñea oholtza erraldoi bilakatu da egunotan, sanferminen eskutik; musikariak, abeslariak, giza estatuak eta bertzelako artistak iruindarren eta bisitarien arreta berenganatzeko lehian aritzen dira bestek iraun bitartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu