Askotariko euskal irria harilkatu dute

Gizarte gaiak eta bestelako errealitateak: koloretako mundu bat da Pirritx, Porrotx eta Marimototsena. Hala diote haiekin batera aritu direnek: «Beti daude hor».

Pirritx, Porrotx eta Marimotots.
enekoitz telleria sarriegi
2025eko maiatzaren 4a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Sentitu euskaraz biziz, pentsatu herria josiz, eta ekin koloretako irriz. Askotarikoa da haien euskal irria gaiei eta bestelako errealitateei dagokienez. «Umorea ez baita barre algara bat: bizitzeko modu bat, jarrera bat, eta lan egiteko modu bat», esan izan dute haiek. Eta egin dute lana, eta bizi dute modua. Askoren ondoan: lekukoei helduta, banderei oratuta, eta ahotsik gabekoen ahotsa goratuta. -keria guztiak bihurtu dituzte -tasun. Maitasun. Nola? Haien bidelagunek esker onez diote: «Beti daude hor».

«Ospitalean izan naiz gaur, minbizia duen haur batekin. Eta esan dit: ‘Porrotxekin hitz egin nahi dut’. Eta deitu diogu Porrotxi. Eta hortxe aritu dira hizketan, goxo-goxo»:  Nekane Lekuonarena da pasadizoa, Aspanogi Gipuzkoako adingabe minbizidunen gurasoen elkarteko gizarte langilea da bera. Aspaldikoa da elkarte horren eta hiru pailazoen arteko harremana. 2007. urtean ospitalera egindako bisita batean Ane Perez ezagutu zuten garaikoa. Minbizia zuen, eta 16 urte zituen. «Harrituta» gelditu ziren pailazoak haren energiarekin. Marimototsek berak kontatu izan du: «Gelatik atera ginenean, Porrotxek esan zidan: ‘Datorren urtean mototsak eroriko zaizkizu, Marimotots!’». Eskerrik asko! izeneko lana ondu zuten, Ane Pirata pertsonaia sortu, eta euren ibilbidean «mugarri bat» ezarri. Lekuonak aipatu du hitz gakoa: «Elkarlan oso polita sortu zen: medikuak, erizainak, Aspanogiko langileak, Ane eta haren familia... Gaur, oraindik, orduan sortutako materiala erabiltzen dugu, eta ikastetxeetara bidaltzen dugu». Haien ekarpenari buruz galdetuta, ez dauka zalantzarik: «Beti daude hor, beti daude prest: ume bat bisitatzeko, egoera konplikatu batean dagoenari etxean festa bat antolatzeko... Eta diagnostiko garaian ere hor daude, prozesuan zehar ere bai, eta heriotza garaian ere bai: beilatokira joan, mezu bat bidali... Egoera guztietan, gurekin eta bidelagun, beti hor».

«Beti daude hor, beti daude prest: ume bat bisitatzeko, egoera konplikatu batean dagoenari etxean festa bat antolatzeko... Eta diagnostiko garaian ere hor daude, prozesuan zehar ere bai, eta heriotza garaian ere bai»

NEKANE LEKUONAAspanogiko gizarte langilea

Kolorez zipriztintzea da haien lanetan atzera egitea: Saharako haur bat zen Sidi, eta ijitoak ziren Romi eta Anakleto. Auñamendietan lagunik ez zuen hartz bat zen Katiuska. Inork ez daki non bizi den Sarri. Nerearen gurasoak banatu dira, baina pozik bizi da neska, bi gurasoek «pila-pila patata tortilla» maite dutelako. Eta bi ama ditu Gorkak, familiak mila koloretakoak direlako. «Kanpoko herritarrei ongietorri egiten dien herria» esan nahi du teranga-k, Senegalen. Naturari buruzkoak irakasten ditu Largabistak, osasunari buruzkoak Tiritatxok, kulturari buruzkoak Martin Bertsok, eta zientziari buruz aritzen dira Marikalanbre eta Amona Txinparta. Urte osoan mundua kolorez eta aniztasunez jantziko duen hegazti miragarria da Zazpikoloroa. Egunez lurrera botatzen diren plastiko guztiak, gauez, itsasgora baliatuz, itsasora botatzen ditu Plastikerrek. Borobilean eseri eta hitzak trukatuz, albokoak errespetatuz, posible da ados jartzea. Marimototsen ama hil da, Loreto: Amaren intxaurrak jasoz, hitz egin daiteke heriotzari buruz ere. Kukui egiten du zozoak, «kerrek» tukanak, «bu bururu uru uru hontzak»; hainbat hizkuntza dauden munduan. Afrikatik Euskal Herrira ezkutuan etorritako migratzailea da Tider. Ez gara jaitsiko!: zuhaitzetik zuhaitzera Amazoniara iritsi arte. Argiekin kutsatu dute zerua, ez da ezer ikusten: Zerua lapurtu dute.

Koloretako mundu bat amesten dute pailazoek, eta elkarrekin marrazten dute ostadarra. «Eta Ndank Ndank elkarteko lagunei esker ikasi dugu gure ostadarrak baduela eta behar duela beltza. Beltza ere ederra dela», esan izan du Porrotxek. Elkarte horretako kidea da Eli Dominguez, eta senegaldarren eta euskal herritarren arteko lankidetza eta kulturartekotasuna bultzatzen dituzte: «Sekulako bozgorailua dira martxan jartzen dugun edozein proiekturako. Beti daude hor». Egiten dituzte azal beltzari buruzko hausnarketak, kolore horretako euskal erreferenteen faltari buruzkoak... «Dena oso zuria dela, eta euskalduntasuna askotarikoagoa dela: horiek dira gure mezuak, eta, haien bidez, hainbat esparrutara iristen dira. Eta mezu horiek ez dira gelditzen haurren esparruan bakarrik. Atzean badaude gurasoak, badaude ikastetxeak... jende askorengana iristen dira. Elkarte txiki gisa, sekulako aukera da oihartzuna lortzeko».

«Haien bidez, gure mezuak hainbat esparrutara iristen dira. Atzean badaude gurasoak, badaude ikastetxeak... jende askorengana iristen dira. Elkarte txiki gisa, sekulako aukera da oihartzuna lortzeko»

ELI DOMINGUEZNdank Ndank elkarteko kidea

Bizipoza elkartean aterpe hartutako elkarte txikiak dira Pirritx, Porrotx eta Marimototsekin elkarlanean aritu diren horietako asko. Naizen da beste bat, adingabe transexualen familien elkartea. «Pailazoek asko lagundu digute gure prozesuan. Irria aldizkariaren bidez jakin genuen Chrysallis Euskal Herria elkartea existitzen zela —gaur egungo Naizen elkartearen hazia izan zen hura—. Prozesu betean harrapatu gintuen: Iker gure semea une hartan ari zitzaigun esaten bera mutila zela, eta gu pentsatuz neska bat genuela... Ez genekien haur txikietan transexualitatea existitzen zela, baina orduan jaso genuen etxean Irrien Klubeko aldizkaria. Horri esker lortu genituen erremintak eta informazioa gure semearen errealitatea ulertzeko eta haren bidelagun izateko», azaldu du Asier Mariezkurrenak, Naizen elkarteko kide eta gurasoak.

Haien ikuskizunak eta abestiak goratu ditu Mariezkurrenak: «Beti ikusi izan ditugu familian. Gurasook, haur ginenean; eta guraso gisa, gure haurrekin. Transmititzen dituzten baloreak, begirada ezberdinak, ikuspuntu ezberdinak... batzen gaituena maitasuna da. Pailazoek aldarrikatzen duten aniztasun horren defendatzaileak gara». 

«Transmititzen dituzten baloreak, begirada ezberdinak, ikuspuntu ezberdinak... batzen gaituena maitasuna da. Pailazoek aldarrikatzen duten aniztasun horren defendatzaileak gara»

ASIER MARIEZKURRENANaizen elkarteko kidea eta gurasoa

Aniztasun horretan murgiltzea da argazki artxiboan atzera egitea: 18/98 auzikoekin Bat Egin egunean, ESAITekoekin Euskal Selekzioaren egunean, Askagintzakoekin Bizirik egunean, Etxeratekoekin Irritxoen egunean, EHEkoekin Bizi egunean. Donostiako Aste Nagusiko abordatzean, eta Bilboko txosnetan. Wukron, Etiopian. Olentzeroren alde, Iruñean. Zentsuren gainetik: utikan Azkuna Bilbon, eta utikan Maia Iruñean. Euskal Eskola Publikoaren jaietan, Ikastolen Elkarteko Kilometro, Ibilaldi, Araba Euskaraz eta Herri Urratsetan, eta Eskola Txikien egunetan. Gure Eskuren mobilizazioetan. Korrikarenetan. Joan Mari Irigoienen poemetan. 

«Guztiok eskubide berberak ditugun mundu bat egitea guztiontzat. ‘Eta ze polita den hori!’, esango du norbaitek, baina haien asmoa hori izan da egunez egun. Hori lortu nahi izan dute beren ikuskizunen bidez, eta ikuskizun berri bat egin dute urtero. Aztertzen baduzu zer gai jorratu dituzten... Zer buru dago hor atzean? Kolore guztietako pertsonak, kolore guztietako herriak, eta ikuspegi euskaldun batetik denak. ‘Tira, mundu berri bat egin behar dugu guztiontzat’, esan dute, eta horretan ari dira jo eta ke», hausnartu du Luisma Landaluzek, Gure Señeak elkarteko kideak.

«Sare bat sortzea lortu dute, jarrera baikorraz: ‘Bizitzaren alderik positiboena azpimarratuko dugu’. Ez dago gugatik egin duten guztia bueltatzerik, baina ozenki esan nahi diegu: ‘Maite zaituztegu’»

LUISMA LANDALUZEGure Señeak elkarteko kidea

Gure Señeak gaixotasun arraroak dituzten haurrei eta haien familiei babesa emateko sortutako elkartea da —Txoriherri eta Mungia aldean (Bizkaia), señea esaten zaio etxeko kutunari—. Bizipoza elkarteko kideak dira haiek ere. «Haien ikuspuntua garrantzitsua da. Nahiz eta egoera gogorrak bizi, ezin dugu geure burua biktima gisa aurkeztu. Sufrimendua berez dator bizitzan. Apur bat gorago begiratu behar da. Eta bakarrik ez gaudenez, hori errazagoa da. Bizipozak ikuspuntu hori bultzatu eta zabaldu egin du. Ez bakarrik gure elkartean, beste elkarteetan ere bai, eta horri esker sortu da elkarteon arteko elkar ezagutza, elkar ulertzea, eta elkarri laguntzea... », azaldu du Landaluzek.

Eskertuta daude denak, eta Landaluzek jarri die ahotsa haien esker onari: «Pailazoek sare bat sortzea lortu dute, jarrera baikorraz: ‘Bizitzaren alderik positiboena azpimarratuko dugu’. Nahiz eta gero egoerak latzak izan. Eta hori guztia, euskaraz: ‘Hemengoak gara, eta mundua eraldatu nahi dugu’. Ez dago gugatik egin duten guztia bueltatzerik, baina ozenki esan nahi diegu: ‘Maite zaituztegu’». Ilargiraino eta buelta. Katxiporreta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.